‘El museo ausente' (Ez dagoen museoa)

Javier Muñoz UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea da, eta berreskuratu egin du Gerra Zibileko zein gerraosteko lehen urteetako Bilboko Arte Modernoko Museoaren historia

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/06

1936 urriaren 7an, Gerra Zibilaren hasieran, behin-behineko Euzko Jaurlaritza eratu zen Bilbon. Lantalde horren eginkizunetako bat euskal kultur ondarea salbatzea izan zen, hasia baitzen gatazkaren lehen ondorioak jasaten. Bilboko Arte Modernoko Museoaren egoitza Bilbon lehenengoz irailaren 25ean botatako bonbek kaltetu zuten. Gero, bertako ondarea ebakuatu egin zuten, eta Europan hedatu. Historiaren zati ezezaguna eta ahaztua da hori, eta Javier Muñoz UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak ‘El museo ausente' liburuan kontatu du hori (Bilbo, UPV/EHUren Argitalpen Zerbitzua. 2017). Argitalpen honek EHUpress-en kalitate zigilua darama.

"Gerra Zibila hastearekin batera, Euzko Jaurlaritzak Bilboko Arte Modernoko Museoa salbatzeko lehen neurriak hartu zituen. Handik gutxira, 1937an, museoa, beste erakunde eta partikularren artelanekin batera, Frantziara ebakuatu zuten. Gure historiaren pasarte ezezaguna da", Javier Muñoz UPV/EHUko Artearen Historiako irakasle titularrak azaldu duenez. Berak Bilboko Arte Modernoko Museoaren gorabeherei erreparatu die.

Bere doktorego tesia prestatzen ari zela, Javier Muñozek Frantziako Arroxelara ebakuatutako Bilboko Arte Modernoko Museoaren artelanen argazki bilduma bat aurkitu zuen. "Kasualitate eta ezusteko hutsa izan zen argazki horiek aurkitzea, askotariko artelanen zerrenda batekin batera. Ordu arte, ez nuen ezagutzen historiaren pasarte hori, eta erantzun beharreko galderak piztu zizkidan, eta halaxe egin nuen nire doktorego tesia amaitzean, Bilboko Arte Ederren Museoko ikerketa beka bati esker", irakasleak gogora ekarri duenez.

XX. mende hasieran, bor-bor zen  artea, eta horrek Bilboko Udalak zein Probintziako Aldundiak sustatutako bi museoren sorrera eragin zuen: Bilboko Arte Eder Museoa (1908) eta Bilboko Arte Modernoko Museoa (1924). Azken honek euskal artisten artelanak eskuratzeari erreparatu zion, eta egungo Foru Liburutegiaren tokian egon zen kokatuta. 1935ean, museoak 247 artelan zituen: margolanak, grabatuak, eskulturak eta arte objektuak. 

Ikerketa

‘El museo ausente. La evacuación del Museo de Arte Moderno de Bilbao a Francia durante la Guerra Civil' liburuak bildumaren pasarte nagusiak biltzen ditu sortu eta ebakuatu zenetik itzuli zituzten arte. "Salbatu, ebakuatu, espoliatu eta berrezarritako arte ondare baten historiari buruzko lehen hurbilpena da. Artelan batzuen helmuga argitzeke dago oraindik—Javier Muñozek adierazi duenez—.  Dokumentazioa oso sakabanatuta dago, eta batzuetan ez dago eskuratzerik, eta beste bat desagertu egin da; izan ere, detektibe lana izan da, neketsu eta bihurria, eta herrialde askotako artxibategiak kontsultatzera eraman nau". Ikerketa lehen urrats bat da bere garaian garrantzi berezikoak izan baina oroimenean galdutako gertaera horien berri sakonago ezagutzeko. "Jabetu behar baikara egun, gatazka armatuak dauden tokietan, antzeko egoerak ere bizi dituztela. Ez da iraganeko zerbait, orainaldikoa baizik", Muñozen iritziz.

Liburuan, Javier Muñozek, gainera, 1936ko uztailaren 17an hasitako kronologia zehatz bat sartu du, Espainiako gobernuaren kontrako altxamendu militarrean hasia eta 1945eko ekainaren 18an amaitua, Bilboko museoen jauregi berria inauguratu zutenean: Arte Eder Museoaren egungo egoitza. Harekin batera, Euskadiko Artxibo Historikoan, Sabino Arana Fundazioan eta beste artxibategi batzuetan kokatutako argazki ugari bildu ditu, baita museoaren historiari lotutako pertsona nagusien biografiak ere, ondorengoena, adibidez: Manuel Losada, Jose Maria Uzelai, Julian Tellaetxe, Mauricio Flores Kaperotxipi, edo Juan Irigoien; gainera, ebakuatutako artelanei lotutako kartak, informazioak  eta oharrak bildu ditu.

Museoa ez dago

1936ko uztailaren 17ko altxamenduaren ondoren, Bilboren gaineko lehen bonbardaketa urte bereko irailaren 25ean jazo zen, eta bonbak Arte Modernoko Museoaren gainera erori ziren; ordudanik, ateak itxi zituen. Aste batzuen buruan, Euzko Jaurlaritzak euskal kultur ondarea salbatu eta babestea erabaki zuen. "Artistek berek, baliabide, langile eta plangintzarik gabe, babestu zuten ondarea frontetik eta erretagoardiatik bonbardaketen, arpilatzeen eta lapurren kontra", Muñozek kontatu duenez. Bilbon, Uribitarteko Gordailu Frankoa, Begoñako basilika eta San Nikolas eliza, baita Gorlizko ospitalea ere, izan ziren artelan publiko eta pribatuak gordetzeko toki inprobisatuetako batzuk.

Ondoren, 1937ko otsailean eta martxoan, Euzko Jaurlaritzak egitasmo anbiziotsu bati ekitea erabaki zuen: Europako euskal arte garaikidea ikusgai jartzeko erakusketak antolatzea. Horretarako abiapuntua Pariseko Erakusketa Unibertsala izan zen. Espainiaren pabilioian, Euskadik bere atala zuen, eta bertan 16 margolan jarri zituzten ikusgai, horietako batzuk Bilboko Arte Modernoko Museokoak. Gero, beste margolan batzuk, museoko batzuk ere bai, Bruselan eta Hagan erakutsi ziren, Europan euskal kultura hedatzen ari zen Eresoinka taldearen emanaldiekin batera.

Gerrak aurrera egitearekin batera eta Bilbo erortzear zela, 1937ko maiatzean, gainerako ondarea ere Frantziara ebakuatzea erabaki zuten. Bilboko Arte Modernoko Museoaren gehiena La Pallice portura garraiatu zuten, Arroxelara, eta handik Limogesko Frantziako Bankuaren egoitzara. Bertan, ordea, Frantziako agintari judizialek bahitu egin zuten. Javier Muñozen harridura piztu duten argazkiak Arroxelara ebakuatutako artelanen inbentarioaren zati bat dira.
Euskal ondarearen ebakuazioa nazioarteko egoera bihurri batean gertatu zen. II. Mundu Gerraren aurreko kinka bizi zen, eta nazien mehatxuaren itzala Frantziara luzatzen zen.

"Burgosko gobernu frankistak, alde batetik, eta II. Errepublikak zein Euzkadik, bestetik, erreklamatu zuten bahitutako ondarea. Auzi judiziala luzea eta korapilatsua izan zen, Javier Muñozek adierazi duenez. Azkenean, 1939an, auzitegi frantsesek Burgosko gobernuaren eskaeran alde epaitu zuten, Frantziako gobernuak Francoren gobernuaren alde jokatzen zuen unean".

1939tik 1941era, museoko bilduma Bilbora itzuli zuten. Aldiz, funts horiek oraindik ez zeuden bertan, gordailu askotan biltegiratuta baizik, harik eta artelanak eduki eta erakustera bideratutako eraikin berria 1945ean inauguratu zuten arte: egungo Arte Eder Museoa. "Ondorioz, lekualdaketa eta ebakuazioetan urteak kanpoan eman ostean, arte bilduma publikoek toki egoki bat aurkitu zuten erakusketetarako eta zainduak izateko", Muñoz irakasleak liburuan adierazi bezala.