Informatika Fakultatea, 40 urte eta 4.000 ikasle

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/25

Ikasturte honetan, 40 urte bete dira Informatikako unibertsitate ikasketa ofizialak estatuan eta, beraz, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean martxan jarri zirenetik. Berrogei urte hauetan, gorantz egin du eta finkatu egin da informatika ingeniaritzako lanbidea; izan ere, digitalizazioak ekarri duen iraultza sozial, industrial eta ekonomikoaren protagonista eztabaidaezina izan da. "Gure ikasgeletatik atera dira aldaketa horiek eragiten eta etorkizun digitala asmatzen ari diren profesionalak. Informatikako 4.000 ingeniarik baino gehiagok jaso dute prestakuntza fakultatean; horietatik milak baino gehiagok euskaraz ikasi dute, eta horiexek sortu dute, hain zuzen ere, euskarazko informatikaren mundua", azaldu du Alexander Mendiburuk, fakultateko dekanoak.

Fakultatea gazte samarra da, informatikako unibertsitate ikasketak ere halaxe direlako, baina hastapenak 1971ko abuztuaren 9koak dira. Egun hartan, Madrilen 1969an sortutako Informatikako Institutuaren mendeko Informatika Zentro bat sortu zen Donostian. Institutu hark bost mailatan egituratutako ikasketa plan bat onartu berri zuen 1971ko ekainean: Aplikazioen programatzailea, Sistemen programatzailea, Aplikazioen analista, Sistemen analista eta Sistemen teknikaria.

Ikastegia, orain ezagutzen dugun moduan, 1976ko martxoaren 4an sortu zen, Bartzelonako, Madrilgo eta Donostiako informatikako lehen fakultateak sortu zirenean. Bartzelonakoa U. Politeknikoan sortu zen, Madrilgoa ere U. Politeknikoan, eta Donostiakoa garai hartan Valladolideko Unibertsitatearen mende zegoen. Donostia izan zen, beraz, estatuan informatikako unibertsitate ikasketak eskaini zituzten lehen hiru hirietako bat. Garai hartan, gainera, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea izango zena eratzen ari ziren, herrialde honek unibertsitate publiko propio bat izateko desioa gauzatzeko. 1977an, Informatikako Fakultatea 1968an sortutako Bilboko Unibertsitatean sartu zen, eta unibertsitate hori, 1980ko otsailaren 25ean, gaur egungo UPV/EHU bihurtu zen.

Hona hemen 40 urte hauetan egindako lanek eman duen fruitua: 4.000 profesional baino gehiago, 250 doktorego tesi, 900 enpresarekin baino gehiagorekin eginiko praktika programak, eta urtean batez beste I+G+b-rekin lotutako 50 proiektu eta 20 ikerketa kontratu enpresekin. Hamabost ikerketa talde finkatu dira, eta erreferente dira askotariko gaietan: adimen artifiziala, Big Data, superkonputazioa, Internet of Things, 4.0 Industria, erabilerraztasuna, robotika, web semantikoa, testuen meatzaritza, ikaskuntza automatikoa, Software Ingeniaritza, sareak eta komunikazioak, modelaketa matematikoa, irudien analisia, hizkuntzaren prozesamendua, etab. Garai gozoa da, lan handia dago arlo akademikoan zein ikerketan, eta abiapuntu honetatik helduko diegu hurrengo 40 urteei, espiritu sortzaile, lanerako gaitasun eta ilusio honekin.

Prestakuntza eskaintza

Informatika Fakultateak ematen dituen diziplinak oso azkar aldatzen dira, eta fakultateak erritmo horretara egokitu behar izan du urte hauetan guztietan. Azken egokitzapena Bolonia prozesua delakoa izan da, eta, prozesu horren ondorioz, 2010/2011 ikasturtean, lehengo eskaintza Informatika Ingeniaritzako Gradu bihurtu zen, lau urte eta 240 kreditukoa eta hiru espezialitatekoa.

Graduondoko prestakuntzak ere bilakaera izan du: eskaintza erabat eguneratu da doktorego ikastaro tradizionaletatik gaur egungo masterretara. Horrez gain, ikastegiko sailek –Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia, Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala eta Lengoaia eta Sistema Informatikoak– gaur egun "bikaintasuneranzko aipamena" duten bi doktorego programa eskaintzen dituzte.

Alexander Mendiburuk adierazi duenez, "horregatik antolatu dugu ospakizun hau, 40 urte hauek ikasketei zein lanbideari ematen dieten erabateko heldutasunean oinarrituta. Fakultate honek gure lurraldean eta oro har Euskal Herrian bete duen eta betetzen duen motor funtzioa ospatu nahi dugu".

CODDII batzar orokorra

Informatika Ingeniaritzako Zuzendari eta Dekanoen Elkarteak (CODDII), Espainiako informatikako unibertsitate hezkuntzan esku hartzen duten eragile nagusien ordezkari gisa eta enpresako eta lanbideko ordezkari garrantzitsuenekin elkarlanean, mugarri historiko hau ospatu nahi du, alegia, Espainian informatikako unibertsitate ikasketa ofizialak martxan jarri ziren egunaren 40. urteurrena. Horretarako, oroitzapenezko ekitaldi bat egin nahi dute azaroaren 2an eta 3an Donostian egingo den urteroko Batzar Orokorrean.