HEFA Fakultateko GRADUAK

Eduki publikatzailea

Filosofiako mintegi irekia. Marijo Telletxea: Jon Mirande Aiphasorhoren pentsamendua ulertzeko zenbait gako.

Datorren ostegunean, azaroaren 24ean, Marijo Telletxeak hitz egingo du Filosofia Mintegi Irekian. Bere hitzaldiak "Jon Mirande Aiphasorhoren pentsamendua ulertzeko zenbait gako" izango du izenburutzat--behean aurki dezakezue abstract labur bat. Saioa euskaraz izango da eta, ohiko moduan, Fakultateko Batzar Aretoan bilduko gara, eguerdiko ordubatean.

Marijo Telletxea

Jon Mirande Aiphasorho idazle, itzultzaile eta pentsalari zuberotarra Parisen jaio zen 1925ean eta hantxe zendu 1972an. Olerkiak, ipuin laburrak, eleberri bat eta hainbat artikulu idatzi zituen. Lan horietara hurbiltzerakoan, erreparo eta juzgu asko izaten dugu. Joxe Azurmendiren iritziz, Mirande literatura-idazle izateaz gain, pentsalaria ere bazen: euskal pentsalaria. Hortaz, Miranderen ideologia eta idatzietan agertzen den moraltasuna edo immoraltasuna ulertzeko gako batzuk eman nahi ditut, baita horren guztiaren oinarri edo ikuspegi filosofikoa zein den azaldu ere. Miranderen pentsamendua gidatu eta baldintzatu zuten ezinbesteko bi ezaugarri aipatzekotan, honako hauek egingo nituzke: abertzaletasuna (herri menderatu batean) eta irrazionalismo filosofikoa. Bi zutabe horiek nahita nahiezkoak dira Jon Miranderen zenbait narrazio eta olerki ulertzeko, baita artikulu kritikoak kokatzeko ere.