Curriculum vitae Patxi Juaristi

Patxi Juaristi Larrinaga (Markina-Xemein, 1967) unibertsitateko irakasle titularra da Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Politika eta Administrazio Zientzia Sailean. Soziologian lizentziaduna (1990) eta doktorea (1995) da, eta UPV/EHUko irakaslea, 1993az geroztik. 1998an irakasle bisitaria izan zen Idahoko Unibertsitatean (AEB). 2005etik 2009ra bitarte, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate arloko zuzendaria izan zen. 2011tik 2012ra, Gobernantza eta Politika Ikasketak Masterreko koordinatzailea izan zen, eta, 2015. urteaz geroztik, UPV/EHUko Hizkuntza Politikak eta Plangintza Masterreko idazkari akademikoa da. 2009tik 2017ra UPV/EHUko Gizakiekin egindako Ikerketarako Etika Batzordeko (GIEB) kidea izan da. Halaber, UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako Kalitate Batzordeko kidea da (2016). Artikulu ugari eta 13 liburu argitaratu ditu euskal kultura, euskaldunen balio, euskara eta, oro har, hizkuntzei buruz. Gerra Zibilarekin eta memoria historikoarekin lotutako gaien gainean ere ikertu eta argitaratu du. Enpresa edo/eta administrazioekin gauzatutako I+Gko 33 kontratutan eta deialdi publikoetan finantzatutako I+Gko 18 proiektutan parte hartu du, eta horietako batzuen zuzendaria izan da. Ikerketako 2 seiurteko ditu, eta 5 doktorego tesiren zuzendari edo zuzendarikide izan da. Euskaltzaindiako euskaltzain urgazlea da (2012).