UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak Ikertzaile eta Irakasleen Plan Gidaria aurkeztu du

UPV/EHUren Euskararen Plan Gidaria onartu du

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/24

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak ekainaren 21ean egindako bileran Irakasle eta Ikertzaileen Plan Gidariaren zirriborroa aurkeztu da. Ekimen hori irakasle eta ikertzaileen gaur egungo plantilla zorrotz aztertu ondoren sortu da. Azterketa egitean ikusi da irakasle eta ikertzaileen taldean baliabideak esleitzeko prozedurak aldatu behar direla, eta urteko plangintza egin ordez, hainbat urtetarako plangintza egin behar dela. Planak kontuan hartu nahi du unibertsitatearen testuinguru berria; izan ere, gaur egun matrikula kopurua jaitsi egin da, eta etorkizunean ere jaisten jarraituko duela aurreikusten da. Hori horrela izanik, gaur egungo plantillan nahikoa irakasle dago prestakuntzarako eskaerari erantzuteko; eta, beraz, ikerketarako plantilla indartu beharra dago. Alabaina, nahitaezkoa da unibertsitateko sailen barnean langile-kopuruak orekatzeko doikuntzak egitea. Doikuntza horiek langile gehiegi dituzten sailetako baliabideak premia handia dituzten sailetan erabiliz egingo dira batez ere.

Planaren zirriborroak lanerako metodologia eta metodologia hori praktikan jartzeko tresnak finkatzen ditu. Metodologiak sail bakoitzerako berariazko plana zehazteko beharra aurreikusten du, kontuan hartuz sail bakoitzaren gaur egungo egoera. Berariazko plan horietan helburuak, adierazleak, beharrezko baliabideak eta epeak finkatuko dira. Bestalde, plantilla gestionatzeko tresnek honako hauek izango dituzte kontuan: 1) erretiro aurreratuak martxan jartzeko plana 2) irakasle laguntzaileak eta irakasle laguntzaile doktoreak kontratatzeko berariazko plana, 3) barneko baliabideen berresleipena; eta 4) gaur egungo plantillako irakasleen prestakuntza eta sustapena.

Gobernu Kontseiluan zirriborroa aurkeztu ondoren, irailaren 10era arteko epea egongo da zuzenketak egiteko. Azkenik, Gobernu Kontseiluak uda ondoren egingo duen lehenengo bileran plana onartu ala ez erabakiko da.

Bestalde, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak Euskararen Plan Gidaria onartu du gaurko bileran. Plan hori indarrean egongo da 2007/8 eta 2011/12 bitarteko bost ikasturteetan, eta honako helburu hauek ditu: 1) Europako Unibertsitate Eremura igarotzeko aldian unibertsitateak jarraitu beharreko hizkuntza politikaren ildo nagusiak finkatzea, unibertsitateko kide guztiek aukera berak izan ditzaten, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik edozein aukeratuta ere; 2) Unibertsitateko kideek euskararen erregistro jasoa erabiltzea; 3) Unibertsitateak bere dituen eremu, titulazio eta irakaskuntza zein ikerkuntza arloetan ekarpenak egitea, euskara hainbat testuingurutan normalizatu dadin.

Euskararen Plan Gidariak unibertsitateko kide euskaldunen taldea indartu eta sendotuko du, neurriak hartuz euskararen gaur egungo egoera hobetzeko honako arlo hauetan: irakaskuntza-eskaintzan, irakasle eta ikertzaileen artean, administrazio eta zerbitzuetako langileen artean, irakaskuntzarako materialaren arloan, zientzia dibulgazioan, eta euskararen eguneroko erabileran.

Ikasketa berriak

Gradu eta graduondoko ikasketen arloan, Gobernu kontseiluak honako berezko titulu hauek onartu ditu: "Espezialista ingeniaritza aeronautikoko sakontzean", industria ingeniari graduko tituluari lotua; eta "Ikastegietan informazioaren eta komunikazioaren ardura duten irakasleen prestakuntza" titulazioak (unibertsitateko masterra edo unibertsitateko espezialista). Bestalde, Gradu eta Graduondoko Ikasketen Errektoreordetzaren honako proposamen hau onartu da: kalitate aipamena duten  ikerkuntza masterretan matrikulatutako ikasleen mugikortasunerako beka-deialdia egitea. Master horiek ikertzaileen prestakuntza bermatzen dutela egiaztatzen dutenez, ikasle horien mugikortasunerako laguntzak finantzatzeko bide bat ireki da. Ikasleei urteko 3.000 € emango zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoan bizi badira, eta urteko 4.500 € beste autonomia-erkidego eta herrialde batzuetan bizi badira. Uztailaren 30era arteko epea izango da eskaerak egiteko.


UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOA (94-6012065 / prentsa@ehu.es)