Ikasle Kontseiluak ez du babesten UPV/EHUko gizarte-funtsa, neurri hori ez delako nahikoa

Lehenengo argitaratze data: 2013/05/29

UPV/EHUko Ikasle Kontseiluak ez du babestu Errektore Taldeak egin duen gizarte-funtsaren proposamena, Kontseiluaren iritziz neurri hori isolatua delako, eta ez delako nahikoa. Gogora ekarri du Ikasle Kontseiluak, maiatzaren 9an, Batzorde Paritarioaren barruan, hainbat neurri planteatu zizkiola Errektore Taldeari. Neurri horiek, besteak beste, alderdi hauek aipatzen zituzten: matrikula izoztea babestea; matrikularen ordainketa malgutzea; beken zenbatekoak eguneratzea; lehenengo mailan eta masterrean denbora partzialeko ikaslea ezartzeko konpromisoa; laguntza propioak ezartzea edota plazen erreserba egitea unibertsitate-egoitzetan, baliabiderik ez daukatela egiaztatzen dutenentzat. Errektore Taldeak neurri horiek ez ditu aintzat hartu.

Batzorde Paritarioan jaso den konpromiso bakarra izan da neurriak aztertu egingo zirela, ezer bermatu gabe. "Laguntza horiek gabe, UPV/EHUko gizarte-funtsa, gure iritziz, ez da nahikoa, eta, baztertu ez badugu ere, ezin genuen babestu, datorren ikasturtean egoera hau saihestuko luketen neurri osagarriak ezartzeko konpromiso handiagorik ez bazegoen", adierazi du Aratz Castrok, UPV/EHUko Ikasle Kontseiluko buruak.