UPV/EHUko ikasleek hurbiletik ezagutuko dute Eusko Legebiltzarraren funtzionamendua

Lehenengo argitaratze data: 2013/03/15

Eusko Legebiltzarraren eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetzarako esparru-hitzarmenari esker eta UPV/EHUko Ikasle Kontseiluaren ekimenez, Legebiltzarraren egoitzan mintegi teoriko-praktikoa egiten ari dira, Legebiltzarraren funtzionamenduari buruz. Mintegi horretan unibertsitateko 15 ikaslek parte hartzen dute. 

Ikasle Kontseiluak konpromisoa dauka ikasleen prestakuntza hobetzeko eta gure Herrialdeko erakunde garrantzitsuenetariko baten ezagutzan sakontzeko. Konpromiso horren barruan sartzen da jarduera hau. Mintegia legebiltzarraren erakundearen egoitzan egingo da, eta, mintegi horretan, herritarrek parte hartzeko dituzten erak, kontrol-funtzioa eta legegintza-sustapenaren funtzioa erakutsiko dira.  Halaber, aurrekontuei buruzko legearen prozedura berezia erakutsiko da, eta parte-hartzaileek kontrol-saio baten eztabaida ikusteko aukera izango dute.

Eusko Legebiltzarraren funtzionamenduari buruzko berariazko ikastaro praktiko bat egiten den lehenengo aldia da. Deialdian 60 ikasle baino gehiagok eman dute izena. Oihartzun handiagoa izan du Zuzenbidearekin edo Politika Zientziekin lotutako graduetan, baina, hala ere, izena eman duten ikasleen artean masterreko, doktoregoko, ingeniaritzetako, filologiako, publizitateko eta abarreko ikasleak daude; horrela, ikasleen profila zabaldu egiten da.

Mintegiaren zati praktikoan, Legebiltzarreko legelariek eta legebiltzarkideek parte hartuko dute.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa.