Gure azterketak zuzentzeko epea betetzen ez duenak ez du selektibitateari dagokiona kobratu behar

Lehenengo argitaratze data: 2013/05/10

Aratz Castro UPV/EHUko Ikasle Kontseiluko buruak nabarmendu du "irakasle gehienek ziur asko erregulartasunez beteko dutela". Horregatik uste du "ezein ikaslek ez lukeela ulertuko gure azterketak zuzentzeko hogei egun behar dituzten pertsonak hiru egunetan gauza bera egiteko gai izatea, soilik aparteko ordainsari bat jasotzen dutelako"; gaineratu duenez, "irakaslea ez bada emaitzak argitaratzeko epeak betetzeko gauza izan, orduan zentzuzkoena bere esfortzua irakaskuntza betebeharretara bideratzea izango litzateke".

 

Unibertsitateko zein selektibitateko azterketen garaiarekin bat etorriz, UPV/EHUko Ikasle Kontseiluak unibertsitateari eskatu dio unibertsitateko emaitzak argitaratzeko epea bete ez duten irakasleak selektibitateko epaimahaietatik ken ditzan. KexaTU 2012 eta 2013ko kexen datuak aztertu ondoren, Ikasle Kontseiluak ikusi du kexa ugari epe hori ez betetzeari dagozkiola.

Castrok onartu du Errektoretza Taldeak begi onez ikusi zuela KexaTU ezartzea, eta "oso tresna indartsua" iruditzen zaiola gehitu du; izan ere, "errepresalien beldur ginelako salatzera ausartzen ez ginen arazoak" erakusteko aukera ematen du. Lehenengo urte honi esker, unibertsitateak "arazoak badaudela ikusi du, eta irakaskuntza betebeharrak betetzen ez dituzten irakasleak ohartarazteko prozedura bat ezarriz lanari kementsu ekin behar diola konturatu da". Hala ere, Kontseiluaren aburuz "oraindik asko dago egiteko, barne erresistentzia gehiegi daudelako" arazoak konpontzera ausartzen ez diren sail eta ikastegietan. Horren isla da kexen ia % 100 Irakasleen Errektoreordetzara igorri izana, sailek eta ikastegiek argudiatzen ezinezkoa zena argudiatu baitute.

Azterketa egin eta gehienez 10 eguneko epea dagoela ezarri zuen UPV/EHUko ebaluazio araudiak. Epe hori bete ez delako, "otsailean (azterketak egiten diren garaian) arrazoi horri buruzko ia kexa bat aurkeztu da eguneko". "KexaTUk amore eman zuen zenbait irakasleren presioaren aurrean". Hala, onetsitako azken araudiak 12 egunera arte luzatu du unibertsitate azterketak zuzentzeko epea, eta datorren ikasturtean sartuko da indarrean.

Horregatik, Kontseiluaren ustez, epea betetzen ez duten eta "gehiegizko lan karga" argudio gisa erabiltzen duten irakasleak selektibitateko ebaluatzaile ez izatea komeni da; izan ere, horrek ziur asko azterketak zuzentzeko denbora kenduko lieke, eta azkenean ez lukete epea beteko. Horrez gain, kontraesan hutsa da azterketak hamar egunetan zuzentzeko gai ez den norbait selektibitateko azterketak hiru egunetan zuzentzeko gauza izatea. "Zein da desberdintasun horren arrazoia? Ikasle Kontseiluak Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeari eskaera egin dio, konpromisoa har dezan epea betetzen ez duten irakasleek azterketak zuzentzeari dagokion zenbateko ekonomikoa jaso ez dezaten.