2012

Unibertsitatean antsietateari aurre egiteko jardunaldia arrakastatsua izan da

Psikologia Fakultateko Areto Nagusian 300 ikasle inguru bildu ziren "Nola egin diezaiokegu aurre antsietateari unibertsitatean?" jardunaldi zientifikoan parte hartzeko; jardunaldia Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak antolatu du, Ikasleen Errektoreordetzaren eta Psikologia Fakultatearen laguntzarekin. Horrez gain, Psikologia Graduko 2. mailako dozenaka ikasle ekitaldia antolatzeko eta hedatzeko laguntza lanetan aritu dira, hain zuzen ere Pentsamendua eta Hizkuntza irakasgaiko ikasleak.

Aipatutako fakultateko dekano Anabel Vergarak inauguratu zuen jardunaldia, eta egindako adierazpenetan Psikologia Fakultatearen eta Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuaren arteko elkarlana nabarmendu zuen, jarduerak elkarlanean egiteaz gain, aipatutako zerbitzuan hasiera-hasieratik kontsulta klinikoak Psikologia Fakultateko irakasleek hartu dituztelako.

Horrez gain, Málagako, Kordobako, Almeríako eta Cádizko unibertsitateekin elkarlanean UPV/EHU garatzen ari den ikerkuntza proiektuaren berri eman zuen Elena Bernaras Ikasleen errektoreordeak; ikerketari esker, unibertsitateko ikasleen premia psikosozialetan sakontzeko aukera izango dute, eta premia horiek oinarri gisa hartuta jarduera proposamenak garatuko dituzte, gerora baliagarriak izango direnak unibertsitate politikak diseinatzeko eta Espainiako unibertsitateetako Arreta Psikologikoko Zerbitzuetan egin beharreko lanera begira.

Jardunaldia lau hitzalditan egituratu zen, eta horietatik lehena Idoia Gutiérrezek eman zuen, Donostiako Auzitegi Klinikako psikologoa, Eusko Jaurlaritzaren mendekoa. Gutiérrezek azaldu zuen antsietateari aurre egin ahal izateko identifikatu, sentitu eta neurtu egin behar dela. Besteak beste, antsietatea, larritasuna, izua eta estresa bezalako terminoak bereizi zituen, eta horrez gain, antsietatea zerk eragiten duen eta haurtzarotik helduen bizitzara arte beldurrek duten garapena bereziki landu zituen. Mintzaldian antsietatearen ezaugarriak ere aipatu zituen, eta antsietatea neurtzeko zenbait tresna aurkeztu zituen eta, horrenbestez, antsietatea ondo maneiatu dela aitortzen laguntzen duten tresnak, hain justu ere erregistro horiek antsietate maila baxuagoak ematen dituztenean aurretiaz neurtutakoekin erkatuz gero.

Bestalde, Ana Sánchezek, Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialeko psikologo klinikoak eta dekanoak azterketen ondoriozko antsietatea nola kontrola daitekeen azaldu zuen, hori baitzen, hain justu ere, unibertsitateko ikasleen eskaera nagusietako bat. Bidenabar, azterketen ondoriozko antsietatearen osagai fisiologikoa, motorea eta kognitiboa aztertu zituen, eta antsietatea kontrolatzeko zenbait teknika orokor eman zituen, fisiologikoak eta kognitiboak.

Mercedes Sainz yogako eta zen meditazioko irakaslea eta Mindfulnesseko hezlea da, eta berak eskaini zuen jardunaldiko hirugarren hitzaldia; bertan, duela 20 urte baino gehiago lantzen hasi zen arloa aurkeztu zuen, gaur egun "Erabateko Arreta" (Mindfulness) gisa ezagutzen den horretan kokatzen dena. Sainzek azaldu zuen gorputza dela pertsonaren bizitza espazioa, gorputzean azaleratzen baita bizitza, eta pentsamendua gailendu denez gorputza ahaztu egin dela aldarrikatu zuen. Yogako irakasleak nabarmendu zuen antsietatea, larritasuna, estresa, adierazpen fisiko gisa agertzen direla organismoan, eta sentitzeko gaitasunari esker antzeman ditzakegula. Pentsamenduak askatzearen aldekoa da Mercedes Sainz, baita sentsazioari arnasketaren bi noranzkoekin laguntzearen aldekoa ere, arnasa hartzerakoan zein botatzerakoan, norbere burua lasaitzeko, aldatzeko eta ongizatean sakontzeko benetako ariketa egiaztagarri gisa.

Jardunaldiko azken hitzaldia José Manuel Chouza Euskal Osasun Zerbitzua/Osakidetzako psikiatrak eskaini zuen, eta antsietatearen trastornoen sailkapena aurkeztu zuen; horrez gain, antsietate normala eta patologikoa bereizi zituen. Horren gaineko azalpena emateaz gain, psikiatrak antsietatearen trastornoa profesional kualifikatu batek diagnostikatzea oso garrantzitsua dela nabarmendu zuen; bidenabar, antzeman eta deskribatzea ez ezik, diagnostiko diferentziala egitea funtsezkotzat jo zuen Chouzak, alegia zer ez den jakitea. Horren haritik, antsietateari aurre egiteko hainbat bide psikofarmakologiko aurkeztu zituen, diagnostiko baten eta bestearen araberakoak; azaldu zuenez, askotan sendagaiak ez dira tratamendua, baizik eta laguntza farmakologikoa, pertsona bakoitzak duen antsietatea antzeman, sentitu eta neurtzen, eta horri aurre egiteko epe ertaineko eta luzeko estrategiak ikasten dituen bitartean erabili beharrekoa.

Jardunaldi arrakastatsua ezin hobeto bukatzeko, parte hartzaile guztien arteko eztabaida egin zuten, eta bertaratutako gazteek ere oso parte hartze aktiboa izan zuten; antsietateari aurre egiteko moduen arteko desberdintasunei buruz hitz egin zuten oro har, eta bereziki azpimarratu zuten elkarren osagarri direla; izan ere, aurre egiteko epe ertaineko zein luzeko estrategia guztietan ohiturak aldatu behar dira, eta horrekin batera, isiltasunari lekua egin behar zaio, zarataz josita dagoen gizarte honetan, hau da antsietatearen zergatia sentitu (pentsatu baino gehiago) ahal izateko espazio bat bilatu behar da.

Jardunaldiaren gogobetetasun txostena UPV/EHUko Psikologia Aplikatuko Zerbitzuaren webgunean (www.ikasleak.ehu.es) argitaratuko da bukatu bezain laster.