Arrakasta programa

Unibertsitate arrakasta akademikorako Arrakasta programa Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak bultzatutako ekimen aitzindaria da. Programa horrek baldintza egokiak sortu nahi ditu haur eta nerabeen babeserako eta gizarte inklusiorako sistemen barruan dauden gazteek aukera izan dezaten unibertsitatean sartzeko eta goi mailako ikasketak arrakastaz bukatzeko.

Programa martxan jarri zen Gipuzkoan, UPV/EHUko doktoregai batek, bere ikerketan, gazte hauek unibertsitate ikasketak hasi edo jarraitzeko zeuzkaten zailtasunak atzeman ondoren. Unibertsitatea harremanetan jarri zen Gipuzkoako Foru Aldundiko haur eta gazteen arloko arduradunekin, eta lankidetza eta hitzarmena sinatzeko lanak hasi ziren.

Guztira, sei ikasle izan ziren programaren onuradun ekimenaren lehen urtean. 2018-2019 ikasturtean 13 gaztek parte hartuko dute. Programa Arabako lurraldera hedatu da, Arabako Foru Aldundiaren lankidetzari esker, eta Bizkaira ere zabalduko da segur aski, bietan Gipuzkoan garatutakoaren antzeko eskemari jarraituta.

Horrezaz gain, SM Fundazioak sostengu ekonomikoa ematen dio programari.