UPV/EHUko ikasleen arautegia

IV. TITULUA. IKASLEEN ELKARTEAK

II. KAPITULUA
JARDUERA EREMUA, PARTE HARTZEKO BETEBEHARRAK, EGOITZA ETA LOKALAK

51. artikulua.– Jarduera eremua.

Ikasleen elkarteen jarduera eremua UPV/EHU da. Elkarteek ikastegi batean edo hainbat ikastegitan jardungo dute, eta, hala behar izanez gero, unibertsitateko beste egitura batzuetan. Unibertsitate eremutik kanpo jarduerak egin ahal izango dituzte; betiere, horiek modu egokian egin badaitezke.

52. artikulua.– UPV/EHU-ko ikasleen elkarte gisa onartua izateko gutxieneko baldintzak.

  1. UPV/EHUko Ikasleen Elkarte gisa aitortua izateko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erroldan edo beste Elkarteen Errolda Publiko batean.
  2. Era berean, UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa aitortua izateko, elkarteak, gutxienez, 5 kide izan beharko ditu, eta errespetatu beharko du, edonola ere, honako osaera hau:

    a) Elkarteko kide guztien % 70, gutxienez, UPV/EHUko ikasleak edo ikasle ohiak izango dira.

    b) Edonola ere, elkarteko kideen % 40k UPV/EHUko ikasleak izan beharko dute.
  3. Zuzendaritza Batzordeko kideek ere errespetatu beharko dute gorago aipatutako UPV/EHUko ikasle eta edo ikasle/ohien ehunekoa.

    Halaber, zuzendaritza batzordeko kideak ezin izango dira izan aldi berean honen pareko gizarte helburua edo helburu bera lukeen ikasleen beste elkarte bateko zuzendaritza batzordeko kide.

  4. UPV/EHUko ikasletzat hartuko dira titulu ofizialak, berezko tituluak, edo bizitzan zeharreko prestakuntzako beste ikasketa espezifiko batzuk eskuratzeko matrikulatuta dauden pertsona guztiak.

53. artikulua.– Egoitza soziala.

UPV/EHUk onartutako ikasleen elkarteek UPV/EHUn izango dute beren egoitza soziala. Salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta, egoitza soziala UPV/EHUtik kanpo edukitzea onartuko da; alabaina, ohartarazpenak UPV/EHUren posta-kutxan egingo dira. Egoitza sozialaren aldaketa ikasleen gaietarako eskumenak dituen Errektoreordetzari jakinaraziko zaio, eta honek onartu egin beharko du.