UPV/EHUko ikasleen arautegia

I. TITULUA. IKASLEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

I. KAPITULUA. IKASLEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

2. artikulua.– UPV/EHU-ko ikasleen eskubideak.

UPV/EHUko ikasleek, gainerako ordenamenduak aitortutakoez gainera, honako eskubide hauek izango dituzte:

  1. Pentsatzeko, iritzia emateko eta adierazteko, eta biltzeko eta elkartzeko askatasunak izateko eskubidea, UPV/EHUren eremuan askatasun horiek gauzatzea bermatuko dituzten bitartekoak eskura izanda.
  2. Berdintasuneko eta baztertuak ez izateko eskubidea, alde batera utzita haien jatorria, unibertsitate-ikastegia, egiten ari diren ikasketak eta bizi osoko prestakuntzaren zer etapatan dauden matrikulatuta. Bereziki zainduko da premia bereziak dituzten unibertsitateko kideak baztertuak ez izatea beren ahalmen urritasunengatik, ez zuzenean ez zeharka, unibertsitateko sarbidean, sarreran, iraunkortasunean eta onartutako titulu akademikoak edo beste titulu mota batzuk egitean.
  3. Intimitatea, irudi propioa, duintasuna eta jokabide sexuala errespetatzea, eta jazarpenaren aurka eraginkortasunez babestea.
  4. Parte-hartzea, UPV/EHUren ordezkaritzako eta gobernuko organoetan ordezkaritza aktiboaren eta parte-hartzailearen bitartez, Estatutuek, Arautegi honek eta UPV/EHUren gainerako garapen-araudiek ezarritako baldintzetan. Ikasketak egiten dituzten unibertsitate-ikastegietako zuzendaritza-organoen hautaketan parte-hartzea.
  5. Eragiten dieten unibertsitateko gaiei buruzko informazio egokia jasotzea.
  6. Beren eskubideak bermatzea, prozedura egokien bitartez eta, hala behar izanez gero, Aldezleren jardueraren bidez.
  7. Beren eskubideak defendatzea, eta aldarrikapen eta protesta akademikoak egitea. Etenaldi akademikoa erabakitzeak ez ditu ondorioak izango ikasleak eskoletara joateari dagokionez; edonola ere, erabaki horrek ez du, inola ere, finkatutako ebaluazio-egutegia aldatuko. Beraz, ezin izango dira ebaluazio-probak finkatu, hitzartutako datan aurreikusi ez badira.
  8. Osasunaren eta arriskuen prebentzioaren arloetan babes eraginkorra jasotzea, unibertsitateko campusetan. Arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza jasotzea, eta ikasketa-jardueretan osasuna eta segurtasuna bermatzeko bitartekoak edukitzea.
  9. UPV/EHUn ikastea, aukera berdintasunez, indarrean dagoen unibertsitateko araudien e.
  10. Bokazioari, ikasketei eta lanari buruzko informazioa eta orientazioa jasotzea. Halaber, UPV/EHUk aholkularitza emango die ikasleei, eragiten dieten jarduerei buruz; batez bere, arlo hauetan: unibertsitate-hedakuntza, unibertsitate-ostatua, kirola eta bizitza osasungarriaren beste arlo batzuk, eta lan arlora igarotzeko prozesua.
  11. Kalitatezko prestakuntza akademikoa jasotzea, aukeratutako ikasketei dagozkien gaitasunak eskuratzea bultzatuko duena eta ezagutza, gaitasun, jarrera eta balio demokratikoetan oinarrituko dena.
  12. Irakaskuntza-programazioaren esparruan aukeratutako edozein hizkuntza ofizialetan ikasketak eta ebaluazioa egitea.
  13. Matrikula egin aurretik, irakaskuntza-eskaintza ezagutzea. Horren barruan honako hauek sartzen dira: irakasleen aurreikuspena, irakasteko hizkuntza, ebaluazio-probak egiteko datak, eta eragiten dieten deialdi guztiak.
  14. Informazioa jasotzea eta erantzukizunez parte-hartzea, Gizarte Kontseiluak onartutako UPV/EHUko iraunkortasun-arauen ezarpenari eta funtzionamenduari dagokienez.
  15. Irakaskuntzak aukeratzea, dagozkion irakasleekin, irakaskuntza-programazioak eskainitako aukeren artean eta Ikastegiak eskuragarri dituen bitartekoen esparruan.
  16. Instalazio eta material egokiak edukitzea, ikasketak eta kultur– nahiz kirol-jarduerak normaltasunez egin ahal izateko. Premia bereziak dituzten ikasleek unibertsitate inguru eskuragarria izateko eskubidea izango dute, legez ezarritako baldintzetan.
  17. Irakaskuntzen antolakuntzan parte-hartzea, unibertsitateko organoen bidez, eta, hala badagokie, ikerlanetan laguntzea.
  18. Prestakuntza aldian, tutoretzako eta orientazioko sistema eraginkorraz baliatzea, beren curriculuma osatzeko. Irakasleen, tutoreen eta ikasleentzako arreta zerbitzuen aholkularitza eta laguntza jasotzea, Arautegi honek ezarritakoaren arabera. Inguruabarrek hala eskatzen dutenean, ahalmen urriko ikasleek eskubidea izango dute Unibertsitateko sailek eta ikastegiek curriculumean nabarmenak ez diren egokitzapenak egiteko eta beren beharren araberako tutoretza espezifikoak ezartzeko.
  19. Irakasleen eta ikertzaileen irakaskuntza-ebaluazioan eta administrazio-zerbitzuen ebaluazioan parte hartzea, bai eta ebaluazio horiei buruzko informazioa jasotzea ere, horretarako sortutako kalitate-batzordeetan beren ordezkariek izandako parte-hartzearen bidez.
  20. Ebaluazioari eta kalifikazioak berrikusteko prozedurari buruzko UPV/EHUko arauen gaineko informazioa jasotzea. Ebaluazio-probak amaitzean, horiek egin izanaren agiri bat jasotzea. Balorazio objektiboa eta, ahal bada, etengabea jasotzea, ikasleen errendimendu akademikoaren gaineko ikaskuntzako eta irakaskuntzako metodologia aktiboan oinarritutako dena, eta kalifikazioak berrikustea. Eskolara ez joatea, bere horretan, ez da eragozpenik izango Arautegi honen V. Tituluan araututako eskubide hau gautzeko. Ebaluazio-probak ahalmen urriko ikasleen premietara egokitu beharko dira, eta horretarako, sailek eta ikastegiek egokitzapenak egin beharko dituzte, metodologiari, denborari eta eremuei dagokienez.
  21. Legez onartutako prezio publikoak edo tasak ordaintzeko salbuetsita geratzea, eta aurreikusitako laguntzak jasotzea, kasu bakoitzean ezarritako baldintzetan. Era berean, estatuko deialdietako ikasteko bekak eta laguntzak eramangarri izango dira; hau da, ikasleek horiez gozatzeko eskubidea izango dute estatuko lurralde osoan, zer bizileku duten kontuan hartu gabe; UPV/EHUko bekak ere eramangarriak izango dira, dagozkien deialdietan ezarritako baldintzetan.
  22. Mugikortasuna bermatzeko beharrezkoa den administrazio- eta finantza-babesa jasotzea, aurrekontuko bitartekoen arabera.
  23. Doaneko prestakuntza jasotzea, lankidetzako eta parte-hartze sozialeko jarduerak egiteko UPV/EHUk sinatutako lankidetza-hitzarmenen esparruan.
  24. UPV/EHUk antolatutako borondatezko, parte-hartze sozialeko, garapenerako lankidetzako, eta gizarte-erantzukizuneko jardueretan parte hartzeko aukera izatea. Ahalmen urriko ikasleen parte-hartzea sustatuko da, garapenerako lankidetzako eta parte-hartze sozialeko proiektuetan.
  25. Boluntario edo laguntzaile izatearen egiaztagiria edukitzea, jarduera egiteko gaituko eta identifikatuko duena.
  26. Aitorpen akademikoa jasotzea, unibertsitateko kultur-, kirol-, ordezkaritza-, elkartasun- eta lankidetza-jardueretan parte-hartzeagatik, indarrean dagoen araudiak ezarritako baldintzetan. Ikasleak hala eskatuta, UPV/EHUk antolatutako borondatezko eta parte-hartze sozialeko jardueretan emandako zerbitzuak egiaztatzen dituen agiria igorriko da, honako hauek zehaztuta: data, iraupena, eta ikasleak boluntario edo laguntzaile gisa egindako zerbitzuaren izaera.
  27. Ikasketak, lana eta familia bateratu ahal izateko jarduera akademikoak zentzuz diseinatzea, eta horiek egiteko arreta jasotzea, UPV/EHUren antolakuntzako eta aurrekontuko baliabideen arabera.
  28. Lan-esperientzia ikasketetarako balioztatzea, UPV/EHUk finkatutako baldintzen arabera.
  29. Mugikortasun-programetan parte-hartzea, indarrean dagoen legediaren esparruan.
  30. UPV/EHUk eta beste erakunde batzuek garatutako laneratzeko behatokiak eta programak ezagutzea, eta horietan parte-hartzea.
  31. Beren datu pertsonalak ez erabiltzea, izaera pertsonaleko Datuen Babeserako Legeak araututako xedeak betetzeko ez baldin bada.
  32. Ikasketetan eginiko lanen egile gisa aitortua izatea.
  33. Bizitzan zeharreko unibertsitate-prestakuntzara sartzea. UPV/EHUk dagozkion onarpen-bitarteko espezifikoak ezarriko eta zabalduko ditu horretarako.

3. artikulua.– Graduko eta masterreko ikasleen eskubide partikularrak.

Graduko eta masterreko ikasleek honako eskubide partikular hauek izango dituzte:

  1. Graduko eta Masterreko tituluak egiaztatzeko memoriei buruzko informazioa jasotzea, eta horiek egiten parte hartzea.
  2. Aurretik jasotako prestakuntza, edo, hala badagokio, aurretik egindako lan-jarduera aitortua izatea.
  3. Irakaskuntza-taldea aukeratzea, hala badagokio, UPV/EHUk ezarritako baldintzetan. Horrela, prestakuntza bateragarria izango da laneko edo familiako beste jarduera batzuekin, eta, zehazki, genero-indarkeriaren biktima diren ikasleen eskubideak bete ahal izango dira.
  4. Kalitatezko prestakuntza teorikoa eta praktikoa jasotzea, aurretik egindako irakaskuntzetan finkatutako helburuen arabera eskuratutako gaitasunekin bat etorriko dena. Masterreko irakaskuntzen kasuan, prestakuntza hori dagokion tituluan lanean edo ikertzen hasteko aurreikusitako helburuetara egokituko da.
  5. Lehen urtean eta graduko ikasketak egin bitartean, tutoretza eta orientazio pertsonalizatua jasotzea, unibertsitate ingurunera egokitzeko eta errendimendu akademikoa areagotzeko. Ikasketen amaieran ere eskainiko zaie, lan arloan sartzeko, profesionalki garatzeko eta unibertsitateko prestakuntzarekin jarraitzeko. Masterreko irakaskuntzen kasuan, eskubide horren xedea izango da lana egiteko eta ikerketa arloan hasteko prestatzea.
  6. Praktikak egiteko aukera izatea, curriculumekoak edo curriculumetik kanpokoak. Kanpoko erakundeetan eta UPV/EHUko ikastegi, egitura edo zerbitzuetan egin ahal izango dira, aurreikusitako modalitatearen arabera eta horren prestakuntza-xederako baliagarriak direla bermatuta.
  7. Babes eraginkorra, akademikoa eta profesionala izatea, gradu-amaierako eta master-amaierako lanetan eta, hala badagokio, ikasketa-planean aurreikusitako kanpoko praktiketan.
  8. Gradu- edo master-amaierako lanaren jabego intelektuala aitortzeko eta babesteko eskubidea, bai eta aurretik egindako ikerlanena ere, gaiari buruz indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzetan.
  9. Mugikortasunerako laguntza-deialdietan eta programetan parte-hartzea; bereziki, ikasketen bigarren erdian.
  10. Erakundea ebaluatzeko prozesuetan eta unibertsitateko kalitatea bermatzeko agentzietan parte hartzea.

4. artikulua.– Doktoregoko ikasleen eskubide partikularrak.

Doktoregoko ikasleek honako eskubide partikular hauek izango dituzte:

  1. Kalitatezko ikerketa-prestakuntza jasotzea, bikaintasun zientifikoa bultzatuko duena eta zuzentasunari eta gizarte-erantzukizunari arreta eskainiko diona.
  2. Prestakuntza-prozesua gidatuko duen tutore bat izatea, eta doktore-tesiaren lana berrikusiko duen zuzendari bat eta, hala badagokio, zuzendarikide bat izatea, ikertzaile gisa esperientzia egiaztatua izango duena.
  3. UPV/EHUk, hirugarren zikloko programetan, doktoregaiak ikerketako taldeetan eta sareetan sartzeko aukerak bultzatzea.
  4. Ikerketen arloko karrera profesionala ezagutzea, eta UPV/EHUk beren programetan ikerketa-karrera egiteko aukerak bultzatzea.
  5. Ikerkuntza-prestakuntzarako eta mugikortasunerako laguntza-deialdietan eta programetan parte-hartzea.
  6. Doktore-tesiaren emaitzei dagozkien jabego intelektualaren babesa izatea.
  7. Ordezkaritzako eskubideei dagokienez, prestakuntza-bidean dauden ikertzailetzat hartzea, zientziako eta ikerkuntzako gaiei buruzko legediak ezarritakoaren arabera.
  8. Doktorego-programen jarraipenean eta erakundea ebaluatzeko prozesuetan parte hartzea, indarrean dagoen araudiak aurreikusitako baldintzetan.

5. artikulua.– UPV/EHU-k eskainitako prestakuntza etengabeko eta beste ikasketa batzuetako ikasleen eskubide partikularrak.

Ikasle horiek honako eskubide partikular hauek izango dituzte:

  1. UPV/EHUk etengabeko prestakuntza-programak garatzea, kalitate-irizpideen bidez, eta onarpen-sistema malguak izatea, aldez aurretik egindako lan-jarduera eta prestakuntza kontuan hartuko dituztenak.
  2. Prestakuntza, ahal den neurrian, lanarekin eta familiarekin bateragarri egitea, eta, hala behar izanez gero, genero-indarkeriaren biktima diren ikasleen eskubideak bermatzea; horretarako, UPV/EHUk ahal bezainbesteko malgutasunez antolatuko ditu ordutegiak.
  3. Zerbitzuen karta izatea, UPV/EHUk egingo eta zabalduko duena ikasturte bakoitzean, arlo horretan eskainitako prestakuntza zehaztuta. Zerbitzuen karta horrek honako hauek jasoko ditu, gutxienez: eskainitako jarduera motak eta horien iraupena, balio akademikoen mugak, eta ikasketak egiteko eskura dauden bitartekoak.

6. artikulua.– Goi mailako kirolari, teknikari eta epaile gisa edo errendimendu handiko kirolari gisa egiaztatutako UPV/EHU-ko ikasleen eskubideak.

  1. Goi Mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuan ezarritakoaren arabera, goi mailako kirolari, teknikari eta epaile gisa egiaztatuta dauden ikasleek eta Goi Mailako eta, Errendimendu Handiko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, Goi Mailako edo Errendimendu Handiko kirolari gisa egiaztatuta dauden ikasleek, beste arautegi batzuetan aitortutakoez gainera eta dagokion unibertsitatearen gestiorako arautegian ezarritako arauen arabera, honako eskubide hauek izango dituzte:
    a) Txanda, ordutegia, taldea edo tutoretza aukeratzea edo aldatzea, ikasketak entrenamenduen ordutegiekin, lehiaketa ofizialen parte-hartzeekin eta ohiko egoitzatik kanpo egindako egonaldiekin bateragarriak izango direla bermatzeko.

    b) Eskoletara ez joatea derrigorrezko eskola-saioen % 25eko muga arte, lehiaketa ofizialetan parte-hartzeagatik, dagokion kirol-federazioak ziurtagiri baten bidez justifikatuta.

    c) Azterketen egutegi malgua izatea, azterketek dena delako kirol-federazioaren ziurtagiriaren bidez justifikatutako lehiaketa ofizialekin bat egiten dutenean.

    d) Aukera askeko kredituak jasotzea, dagokion unibertsitatearen gestiorako arautegiak ezarritako arauen arabera.

    e) UPV/EHUren ordezkari izateko aukeratutako kirolariei lehiaketarako beharrezkoa den kirol-ekipamendua emango die Kirol Zerbitzuak. Era berean, eskura dauden bitartekoen baitan, kirol-instalazioak eta baliabide egokiak emango zaizkie, goi mailako edo errendimendu handiko kirolak eskatzen duen entrenamendua egiteko, edozein kirol-modalitatetan.

    f) Ikasketen tutorea esleitzea. Tutore horrek laguntza akademikoa emango die, eta, horrez gain, programan sartutako ikasleen eta unibertsitateko estamentuen arteko solaskidea izango da.

    g) Eskainitako plazen % 3 erreserbatzeko eskubidea, eta Jarduera Fisikoari eta Kirol Jarduerari buruzko ikasketetan, berriz, % 5a. Eskubide hori soilik aitortuko zaie goi mailako kirolariei.

    h) Goi mailako kirolariek Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien ikasketa eta irakaskuntzetara sartzeko eskakizun gisa jarritako proba fisikoak egiteko salbuetsita geratzeko eskubidea izango dute.
  2. UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak aurreko atalean adierazitako eskubideak, g) letran aipatutakoa izan ezik, beste kirolari-talde batzuei zabaldu ahal izango dizkie, eskura dauden bitartekoak kontuan hartuta eta, betiere, beste ikasle batzuen eskubideak urratu gabe.

7. artikulua.– Genero-indarkeriaren biktima diren ikasleen eskubide partikularrak.

Aldeko babes-aginduaren bidez edo, salbuespen gisa, genero-indarkeriaren biktima izateko zantzuak daudela adierazten duen ministerio fiskalaren txostenaren bidez, genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten ikasleek honako eskubide hauek izango dituzte:

  1. Tutoretzak, ordutegiak, taldeak eta txanda aukeratzea edo aldatzea, haien segurtasuna bermatze aldera.
  2. Eskolara ez joatea justifikatuta geratuko da, arretarako gizarte-zerbitzuek edo osasun-zerbitzuek hala erabakitzen badute.
  3. Azterketa-egutegi malgua izatea, haien segurtasuna bermatze aldera.
  4. Psikologia Aplikatuko Zerbitzuaren arreta jasotzea.

8. artikulua.– Ikasleen eskubideak erditzeko, adopzioko edo harrerako kasuetan eta hiru urtetik beherako seme-alaben ardura dituzten ikasleen kasuan.

Erditzeko, adopzioko edo harrerako kasuetan, ikasleek justifikazio bidez eskoletara ez joateko eskubidea izango dute, derrigorrezko eskola-saioen % 25 arte.

9. artikulua.– Mendeko senide baten zaintzaile direla egiaztatzen duten ikasleen eskubideak.

Norberaren autonomia sustatzeari eta mendeko egoeran dauden pertsonen arretari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak, edo unean-unean indarrean dagoenak, aurreikusitako baldintzetan, mendeko senide baten zaintzailea dela egiaztatzen duen ikasleak honako eskubide hauek izango ditu:

  1. Eskoletara ez joatea justifikatzeko eskubidea, derrigorrezko eskola-saioen % 25 arte.
  2. Tutoretzak, taldeak, ordutegiak eta txanda aukeratzea eta aldatzea.

10. artikulua.– Ikasketak eta lana batera egin behar dituzten ikasleen eskubideak.

  1. Gizarte Segurantzaren Alta eta dagokion lan-kontratua aurkeztuta, astean 20 orduko baino gehiagoko lanaldia duela eta lanaldi hori eta eskolara joatea bateraezinak direla egiaztatzen duten ikasleek eskubide hauek izango dituzte:
    a) Eskoletara ez joateko eskubidea, derrigorrezko eskola-saioen % 25 arte.

    b) Tutoretzak, taldeak, ordutegiak eta txanda aukeratzea eta aldatzea.
  2. Goian aipatutako dokumentazioarekin batera, ikasleak sinatutako txosten bat aurkeztu beharko du, honako hauek adierazita: lanaldia, kontratuaren iraupena, zer irakasgai edo gairen eskoletara ezin den joan, eta irakasgai edo gaiaren eskola-hutsegiteen ehunekoa.
  3. Salbuespen gisa, Ikastegiak goian aipatutako eskubideak aitor diezaieke astean 20 ordu baino gutxiagoko lanaldia duten ikasleei, aurkeztutako dokumentazioa eta ikasleak bere idatzian adierazitako inguruabarrak aztertu ondoren.

11. artikulua.– Hizkuntz eskubideak.

Ikasleek honako hizkuntz eskubide hauek izango dituzte:

  1. Edozein hizkuntza ofizialetan adieraztea.
  2. UPV/EHUko organoekin dituzten harremanetan edozein hizkuntza ofizial erabiltzea.
  3. Ikasketak eta ebaluazioa edozein hizkuntza ofizialetan egitea, irakaskuntza-programazioaren esparruan.
  4. Ikerlanak edozein hizkuntza ofizialetan egitea, argitaratzea eta defendatzea.
  5. Nolanahi ere, eskaintza elebiduna izanik, euskarako taldea ez egoteagatik gaztelaniako taldean matrikulatu behar duen ikasleari ebaluazio-probak euskaraz egiteko eskubidea bermatuko zaio.
  6. Gradu edo master-amaierako lana euskaraz egitea eta aurkeztea.

12. artikulua.– Eskubideen eraginkortasuna.

Arautegi honek ikasleei aitortutako eskubideak errealak eta eraginkorrak izan daitezen, UPV/EHUk bere gain hartzen ditu, besteak beste, konpromiso hauek:

  1. Ikasleei eskubideei buruzko informazioa ematea, eta horiek gauzatzeko erraztasunak ema.
  2. Ahalmen urriko ikasleek beren eskubideak gainerako ikasleen baldintza beretan bete ditzaten, UPV/EHUk beharrezkoak diren baliabideak jarri, eta egokitzapenak egingo ditu, horren ondorioz eskatutako maila akademikoa murriztu gabe.
  3. Arautegi honek aitortutako eskubideak baliatzeko aukera bermatuko du, prozedura egokien bidez eta, edonola ere, Adezleren jardueraren bidez.
  4. Irakaskuntzako baldintzak eta eskaintza osagarriak bultzatuko ditu, honako helburu hauekin: ikasleen garapen pertsonala bultzatzea; haien prestakuntza osoa lortzea; UPV/EHUn, berak sortutako edo bera partaide den erakundeetan ikerketa eta garapen-jardueren arteko lankidetza bultzatzea; ikasleen prestakuntza praktikoa osatzea; eta, haien gizarteratzea eta laneratzea lortzea. Horretarako, hitzarmenak sinatuko dira bai hezkuntza-lankidetza bultzatzeko, bai enpresa eta erakunde publiko nahiz pribatuetan praktikak egiteko; ikasleen eta unibertsitateko tituludunen lan-poltsak sortzea sustatuko da; eta, pertsona horiek enpresak sortzea bultzatuko da. Era berean, ikasleen parte-hartzea eta haien arteko elkartegintza bultzatuko dira. Horri begira, UPV/EHUk laguntza-sistema zabala bultzatuko du.
  5. Arautegi honek aitortutako eskubideen erabilera bermatzeko konpromisoa hartzen du, baldin eta indarrean dagoen legediaren esparruan egiten bada. Konpromiso hori betetzeak ez du inoiz zigorrik eragingo, ezta bestelako ondorio kaltegarririk ere.
  6. Ikastegiko Zuzendaritzak eta Saileko Zuzendaritzak irakasleen irakaskuntza-betebeharrak betetzen direla zainduko dute, Ikuskaritza Zerbitzuaren laguntzaz.