UPV/EHUko ikasleen arautegia

III. TITULUA. IKASLEEN KONTSEILUAK

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

LEHEN ATALA. IZAERA, PRINTZIPIO OROKORRAK

19. artikulua.– Ikasleen kontseiluen izaera, printzipioak eta araubide juridikoa.

  1. Ikasleen kontseiluek estatutuko organo independenteen izaera dute, eta Estatutuen 11.4 artikuluan onartuta daude UPV/EHUko organigrama orokorrean, ikasleak ordezkatzeko kide anitzeko organo gisa. Hauek dira: UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua, campusetako ikasleen kontseiluak, ikastegietako ikasleen kontseiluak, eta ataletako ikasleen kontseiluak.
  2. Funtzionamendu demokratikoa izango dute, eta Arautegi honen arabera arautuko dira, UPV/EHUko Estatutuei eta gainerako araudiei lotuta.
  3. Ikasleen kontseiluen barruan ez dira sineste edo alderdi politikoren baten aldeko jarduerak egingo, ezta etekina ateratzeko izaera pertsonaleko jarduerak ere, haren izaera publikoarekin eta indarrean dagoen legediak ezarritakoarekin bat eginez.
  4. Ikasleen kontseiluen egoitzak eta aretoak UPV/EHUk, Campusak edo, behar izanez gero, Ikastegiak utzitako lokaletan kokatuko dira, dagozkien ikasleen kontseiluen iritzia entzun ondoren.

20. artikulua.– Ikasleen kontseiluen kide anitzeko eta kide bakarreko ordezkaritza-organoak.

  1. Ikasleen kontseiluek kide anitzeko organoen funtzionamendua izango dute, eta, hobeto funtzionatzeko, lan-batzordeak sortu ahal izango dituzte.
  2. Ikasleen kontseiluen kide bakarreko organoak hauek dira:
    1. Kontseiluburua.
    2. Idazkaria.
    3. Diruzaina. Ezinbesteko organoa izango da, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan eta campusetako ikasleen kontseiluetan.
    4. Kontseiluburuaren ordezkoa, hala behar bada.
  3. UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko buruak hiru kide, Ikasleen Kontseilukoak ala ez, hautatu ahal izango ditu, funtzioetan laguntzeko. Nolanahi den, kide horiek UPV/EHUko ikasleak izan beharko dute.

    Campuseko Ikasleen Kontseiluko buruak kide bat, Ikasleen Kontseilukoa ala ez, hautatu ahal izango du, funtzioetan laguntzeko. Nolanahi ere, kide horrek dagokion Campuseko ikaslea izan beharko du.

    Kide horiek ikasleen ordezkariei aitortutako eskubideak izango dituzte, bai jarduera akademikoaren eta ebaluazioaren bateragarritasuna izateko, bai kontseiluburuari laguntza emateko beharrezkoak dituzten baliabideak eskuratzeko.

    Nolanahi den, ikasleen kontseiluei dagokienez, kontseiluko kide den pertsona batek ordezkatuko du kontseiluburua, organoaren funtzioak betetzeko, eta, hala behar izanez gero, pertsona hori bera izango da Ikasleen Kontseiluko buruaren ordezkoa.

  4. Ikasleen kontseiluek, Arautegi honek eta indarrean dauden gainerako arautegiek ezarritakoa errespetatuz, barne-funtzionamendurako erregimena adostu ahal izango dute. Hala, dagokion Ikasleen Kontseiluko buruak bere gain hartuko du, edonola ere, beren funtzioen esparruan egindako kudeaketaren ardura.

BIGARREN ATALA. IKASLEEN KONTSEILUKO KIDEAK

21. artikulua.– Ikasleen kontseiluko kide izatea.

Ateratzen den kontseiluburuak, edo, horrelakorik izan ezean, UPV/EHUk, dagokion organo eskudunaren bidez, Ikasleen Kontseilua osatzen duten ikasleei deituko die, kontseilua eratzeko. Ikasleen Kontseiluko kide izaera organo hori eratzearekin batera eskuratzen da.

22. artikulua.– Ikasleen kontseiluetako kideen eskubideak.

UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kide edo campus, ikastegi edo ataletako ikasleen kontseiluetako kide diren neurrian, ordezkariek, Arautegi honek aitortutako eskubideez gainera, honako eskubide hauek izango dituzte, dagokien jarduera eremuan:

  1. Hautesle eta hautagarri izatea, ikasleen kontseiluetako kargu eta erantzukizun guztietarako, Arautegi honek ezarritakoaren arabera.
  2. Hitz egitea eta parte-hartzea, Ikasleen Kontseiluaren funtzionamenduko eta elkarbizitzako arauen arabera.
  3. Bilkuretako aktetan beren jardueren eta mintzaldien zehaztasunak jasotzea, egoki iritziz gero.
  4. Hala eskatuz gero, kontseiluko beste instantzia baten informazioa eta azalpenak jasotzea, bai eta horren artxiboak eta dokumentuak behar besteko bermeekin kontsultatzea ere.
  5. Kide den Ikasleen Kontseiluko bulegoa, materiala eta azpiegiturak eskura izatea, baldin eta horrek horien erabilera desegokia ez badakar eta kontseiluko jardueren normaltasuna eragozten ez badu.
  6. Ikasleen Kontseiluko hurrengo bileretako aztergaien zerrendan gaiak sartzea, Arautegi honek xedatutakoaren arabera horien deialdia egin aurretik.

23. artikulua.– Ikasleen kontseiluetako kideen betebeharrak.

Ikasleen Kontseiluko kide diren neurrian, ordezkariek, Arautegi honek xedatutakoaren arabera ordezkari gisa dagozkien betebeharrez gainera, honako betebehar hauek izango dituzte, beren jarduera eremuan:

  1. Dagokien Ikasleen Kontseiluko erabakiak betetzea, betearaztea eta ordezkatzen dituzten kideei ezagutaraztea.
  2. Ordezkatzen dituzten ikasleen iritzia helaraztea eta defendatzea, eta dagokien Ikasleen Kontseiluan egiten duten lanaren berri ematea.
  3. Ikasleei Ikasleen Kontseiluaren jardueren eta erabakien berri ematea.
  4. Karguaren eginkizunetan burututako jarduerei buruzko informazioa ematea Ikasleen Kontseiluko gainerako kideei.
  5. Ikasleen parte-hartzea bultzatzea, dagokien Ikasleen Kontseiluan, bai eta ikastegietako, campusetako edo UPV/EHUko ikasleen kontseiluetan ere.

HIRUGARREN ATALA. IKASLEEN KONTSEILUETAKO JARDUERA-PRINTZIPIOAK, FUNTZIONAMENDUA ETA FINANTZA-BITARTEKOAK

24. artikulua.– Ikasleen kontseiluen jarduera-printzipioak.

  1. Ikasleen kontseiluak erabakiak hartzeko instantzia gorenak dira, horietatik sortzen baita beren kideen jarduera. Ikasleen nahia adierazten dute, eta haiei dagokie eztabaidatzea eta erabakiak hartzea, dagokien jarduera eremuan.
  2. Ikasleen kontseiluen jarduera justiziako, berdintasuneko, askatasuneko eta demokraziako printzipioetan oinarritzen da.
  3. Ikasleen kontseiluen barruan, kide guztiak independenteak dira, eta erabakitzeko ahalmena dute. Halaber, kide bakoitzak boto eskubidea izango du, pertsonala eta besterenezina.
  4. Ikasleen kontseiluek barne-funtzionamendurako erregimen propioa finkatu ahal izango dute, Arautegi hau eta indarrean dauden gainerako araudiak errespetatuz.

25. artikulua.– Ikasleen kontseiluen deialdiak.

  1. Ikasleen Kontseiluak ohiko bilera egingo du, hiru hilabetean behin, eta ezohiko bilerak egingo ditu, kontseiluburuak erabakitzen badu edo kideen bostun batek hala eskatzen badu, Ikasleen Kontseiluak bere barne-funtzionamendurako erregimenean ehuneko hori txikiagoa izatea erabakitzen duenean izan ezik. UPV/EHUko eskola-egutegian zehaztutako jaiegunetan eta oporraldietan salbuespeneko eta larrialdiko egoeretan bilduko da soilik.
  2. Ikasleen Kontseilua biltzeko deia kontseiluburuak egingo du, hura egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez. Deialdia egiteko idatzian aztergaien zerrendako puntu guztiak agertuko dira eta, hala behar izanez gero, horiei dagokien dokumentazioa erantsiko da ele bitan, salbuespenetan izan ezik. Kontseiluburuak kideen % 10ek idatzi baten bidez eskatutako puntuak sartu beharko ditu, bilkuretako aztergaien zerrendan. Zerrenda horretan, Kontseiluak larrialdikotzat jotzen dituen gaiak sartuko dira, baldin eta, gutxienez, kideen % 80 bilerara joan bada.
  3. Ikasleen Kontseiluko kide guztiak bertan egonda, lan-saio edo bilera bat egiteko kontseilua aho batez eratzea erabakitzen badute aurreko puntuan aipatutako deialdia egin gabe, bilera edo saio horrek balioa izango du, ondorio guztietarako.
  4. Ohiko bilera guztietan, aztergaien zerrendako derrigorrezko puntuak honako hauek izango dira: aurreko bileraren eta onartu gabe zeuden ezohiko bilkuren aktak irakurtzea eta onartzea, erabakien eta proiektuen gauzatze mailaren berri ematea, eta galde-eskeak egitea.
  5. Ikasleen Kontseiluaren bilerak publikoak dira, eta horietan haren jarduera eremuko ikasle guztiek parte hartu ahal izango dute. Kontseiluburuak mintzaldiak moderatuko ditu, bilera zuzen egiten dela bermatzeko.

26. artikulua.– Quoruma.

  1. Bilerak egiteko, deliberatzeko eta erabakiak hartzeko, Ikasleen Kontseilua zuzen eratuta egongo da, baldin eta kontseiluburua eta idazkaria edo, hala behar izanez gero, horien ordezkariak eta kontseiluko kideen erdia lehen deialdian bertaratzen badira.
  2. Aipatutako quoruma izan ezean, bigarren deialdia egingo dute, ordu laurden beranduago. Bigarren deialdi horretan kontseilua zuzen eratzeko, nahikoa izango da, kontseiluburua eta idazkaria egoteaz gainera, kideen heren bat egotea.
  3. Erabakiek balioa izan dezaten, horiek hartzeko unean, beharrezkoa izango da bigarren deialdian organoa eratzeko eskatutako gutxieneko kideak egotea.

27. artikulua.– Ikasleen kontseiluen erabakiak.

  1. Ikasleen kontseiluek bertaratutako kideek zuzen emandako botoen gehiengo sinplearen bidez hartuko dituzte erabakiak, Arautegi honek edo Ikasleen Kontseiluak berak besterik xedatu ezean.

    Bereziki, ataleko, ikastegiko edo campuseko ikasleen kontseiluetako edo UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kideen bi herenek eman beharko dute botoa, 2.7 artikuluan aurreikusitako etenaldi akademikoa egitea erabakitzeko.

  2. Berdinketa gertatzen bada eta kontseiluburuak hori hausteko kalitateko botoa erabiltzen ez badu, beste bozketa bat egingo da, eta, berriro ere berdinketa geratuz gero, proposamenari uko egin zaiola ulertuko da.
  3. Aurka eta abstentzioa bozkatzen duten organoko kideak erabakien ondorioz sor daitezkeen erantzukizunetatik kanpo geratuko dira.
  4. Erabakiak ikasleen ordezkaritza-organoei erreserbatutako iragarki-oholetan jarriko dira, eta dagokion webgunean. UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren edo campusetako ikasleen kontseiluen kasuan, erabakiak, gainera, kronologikoki jasoko dira, eta horien eraginpean dauden campus, ikastegi eta ataletako  ikasleen kontseilu guztiei bidaliko zaizkie, dagozkien iragarki-oholetan jar ditzaten.

28. artikulua.– Etenaldi akademikorako prozedura berezia.

Etenaldi akademikoari dagokionez, Arautegi honen 2.7 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, baldin eta artikulu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen eta prozedurari jarraitzen bazaio.

  1. Etenaldi akademikorako deialdia egin ahal izango da, baldin eta eskubideak defendatzeko eta aldarrikapen eta protesta akademikoak egiteko bada.
  2. Etenaldi akademikorako deialdia egiteko beharrezkoa izango da aurreko artikuluan adierazitako gehiengo kualifikatua edukitzea. Etenaldi akademikoak UPV/EHU osoari eragiten badio, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren aldeko erabakia izan beharko da.
  3. Erabakia idatziz jakinaraziko zaio organo eskudunari (Dekanotza, Ikastegiko Zuzendaritza, Errektoreordetza).
  4. Eskaera Ikastegian edo atalean kokatutako Erregistro Orokorrean sartu, eta, gehienez, hiru egun baliodunen epean, organo eskudunak eskaera egin duen kontseiluarekin biltzeko deia egingo du, eskakizunak betetzen direla egiaztatze aldera. Etenaldia egiaztatzeko bilera hori egin gabe eginez gero, ez da, inola ere, Arautegi honen 27. artikuluak xedatutakoa aplikatuko.
  5. Organo eskudunak beharrezkotzat jotzen dituen neurriak jarriko ditu, etenaldi akademikoaren deialdiarekin bat ez datozen ikasleen eskubideak bermatze aldera.

29. artikulua.– Ikasleen kontseiluetako bilkuretako aktak.

  1. Kide anitzeko organoak eginiko bilera bakoitzean idazkariak akta bat jasoko du. Horretan, nahitaez zehaztu beharko ditu bileran izandako parte-hartzea, aztergaien zerrenda, non eta noiz egin den, eztabaidatuko gai nagusiak, eta hartutako erabakien edukiak.
  2. Aktan jasoko dira, organoko kideek hala eskatuta, hartutako erabakiaren aurkako botoak, abstentzioak, edo botoen esanahia.
  3. Era berean, kide guztiek dute beren mintzaldia edo proposamena osorik transkribatzea eskatzeko eskubidea, baldin eta, ekitaldian, edo kontseiluburuak adierazitako epean, haren mintzaldiari dagokion testua eman badu. Hori ere aktan jasoko da, testuaren kopia batekin batera.
  4. Gehiengoaren erabakiarekin ados ez dagoen kideak edo kideek boto partikularra helarazi ahal izango dute idatziz, berrogeita zortzi orduko epean, eta idatzi hori onartutako testuari batuko zaio.
  5. Aktak bilera horretan edo hurrengoetan onartuko dira; nola nahi ere, idazkariak hartutako erabakien ziurtagiriak igorri ahal izango ditu, aktaren onarpena gerora utzita. Nolanahi ere, egoera hori berariaz adieraziko da akta onartu aurretik hartutako erabakiei buruz igorritako egiaztagirietan.

30. artikulua.– Finantza-baliabideak.

  1. Ikasleen kontseiluek, beren egitekoak burutzeko, finantza-baliabide hauek izango dituzte:
    1. UPV/EHUren urteko aurrekontu-ekarpena.
    2. Berariaz eta zehazki onuradun diren ondare eta dohaintzak, eman diren baldintza berberetan. Horiek onartzeko, beharrezkoa izango da Ikasleen Kontseiluko bi herenen gehiengoa.
    3. Beren jardueren bidez eskuratutako zenbatekoak.
    4. Beste edozein diru-sarrera.
  2. Ikasleen Kontseilu bakoitzak erabakiko du UPV/EHUren aurrekontuetan esleitu zaion aurrekontua nola banatu behar duen.
  3. Ikastegiko aurrekontuak partida bat izango du Ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren jarduera ordaintzeko, halakorik balegokie, egoitza eta ataletako ikasleen kontseiluen artean banatuko dena.

LAUGARREN ATALA. IKASLEEN KONTSEILUETAKO BURUAK

31. artikulua.– Izaera.

  1. Ikasleen Kontseiluko buru den pertsona kide bakarreko organotzat hartuko da, eta bera izango da buru den Ikasleen Kontseiluaren bozeramailea eta ordezkari gorena, edozein instantziaren aurrean.
  2. Ikasleen Kontseiluko burua dagokion Ikasleen Kontseiluak hautatuko du, bere kideen artean.

32. artikulua.– Prozedura.

Hautatzeko prozesua honako hau izango da:

  1. Ateratzen den kontseiluburuak, hauteskundeen behin betiko emaitzak adierazi eta hamar eguneko epean, eta, hori izan ezean, UPV/EHUk berak, dagokion unibertsitate-organo eskudunaren bidez eta hurrengo hamar egunetan, Ikasleen Kontseilua osatzen duten ikasleei deialdia egingo die, kide anitzeko organoa eratzeko eta kontseiluburua, idazkaria eta, hala badagokio, diruzaina aukeratzeko.
  2. Jarraian, bilera berean, hautagaiak aurkeztuko dira. Kontseiluburu izateko hautagai-zerrenda bakoitzak idazkaria eta, hala badagokio, diruzaina izango ditu, eta, horiek, aldi berean, Ikasleen Kontseiluko kideak izango dira.
  3. Hautagai-zerrendak aurkeztu eta aurreko atalean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, hautagaiak bere jarduera-programa aurkeztu ahal izango du, eta, gero, hautaketa egingo da, isilpeko eta zuzeneko bozketaren bidez.
  4. Lehen itzulian zuzen igorritako botoen gehiengo osoa eskuratzen duen hautagai-zerrenda izendatuko da. Gehiengo hori lortzen duen hautagai-zerrendarik izan ezean, bozketa jarraituak egingo dira, boto gutxien jasotzen dituzten hautagai-zerrendak kenduz. Bi zerrenda geratzen badira badira eta eskatutako gehiengoa lortzen ez badute, gehiengo sinplea lortzen duena hautatuko da. Hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada edo, hasieran batzuk egon arren, bozketa egiteko egunean denek atzera egin eta bakarra geratzen bada, itzuli bakarra egingo da. Horretan, boz-keta baiezko botoen eta boto zurien prozeduraren bidez egingo da. Hautagai-zerrenda bakar hori izendatu egingo da, zuzen emandako aldeko botoen heren bat baino gehiago eskuratzen baditu.
  5. Bi hautagai-zerrendaren arteko berdinketa gertatuz gero, bileran eginiko zozketaz erabakiko da.
  6. Bozkatzeko ekitaldian sortutako alderdiak Ikasleen Kontseiluak berak erabakiko ditu. Kontseilua hautaketari lotutako alderdiren bat erabakitzeko ados jartzen ez bada, Idazkaritza Nagusiak egokitzat jotzen duen erabakia hartuko du, irizpide objektiboak eta zuzentasunekoak kontuan hartuta.

33. artikulua.– Publizitatea.

  1. Hauteskunde-prozesua amaitu ondoren, hautaketaren espedientearen kopia bat bidaliko zaie ikastegiari, campusari edo UPV/EHUko Errektoregoari –ikasleen kontseiluaren arabera–, Idazkaritza Nagusiari eta Ikasleen Errektoreordetzari, prozesuaren berri izateko eta gainerako ondorioetarako.
  2. Espedientean jasota geratuko dira deialdia, aurkeztutako hautagai-zerrendak, eta bileraren akta, organoaren idazkaritza bere gain hartutako pertsonak sinatuta, kontseiluburuaren oniritziarekin.
  3. Hauteskunde-prozesuaren emaitzak dagokion Ikasleen Kontseiluko iragarki-oholetan jakinaraziko dira.

34. artikulua.– Kontseiluburuaren egitekoak.

Kontseiluburuaren egitekoak honako hauek izango dira:

  1. Dagokion Ikasleen Kontseiluari deitzea eta hura gidatzea, eta horren ordezkari izatea UPV/EHUko gainerako organoen aurrean eta gainerako erakunde publiko edo pribatuen aurrean. Arautegi honen 47.5 eta 44.1.6) eta 41.16 artikuluetan aipatutako proposamenak edo ekimenak eztabaidatzeko eta, hala dagokio, onartzeko, Presidentetzak Ikasleen Kontseilua biltzeko deialdia egin ezean, Ikastegiko Idazkaritzak, Campusekoak edo ikasleen gaietarako Errektoreordetzak –Ikasleen Kontseiluaren eremuaren arabera– deialdia egingo du hilabeteko epean edo, urgentzia justifikatuz gero, 10 eguneko epean.
  2. Eztabaidak moderatzea eta gidatzea, eta Ikasleen Kontseiluaren barruko mintzaldiak arautzea, Arautegi honen arabera eta, egonez gero, onartutako garapen-arauen arabera.
  3. Parte hartzen duen lan-batzordeen lana bultzatzea, koordinatzea, zuzentzea eta gidatzea, eta Ikasleen Kontseiluko beste kide bat uztea horien buru.
  4. Aktak eta Ikasleen Kontseiluak igorritako dokumentu guztiak sinatzea eta ontzat ematea.
  5. Ikasleen Kontseiluaren erabakien ildoak aplikatzea eta horiek gauzatzea. Aurrekontua egiteko lana eta gastuaren exekuzioa zuzentzea, aurrekontuaren onarpena eta kontrola Kontseiluaren onarpenaren menpean jarrita.
  6. Ikasleen eskubideak errespetatzen direla zaintzea.
  7. Ikasleen Kontseiluak emandako beste egiteko batzuk.

35. artikulua.– Kontseiluburu izateari uztea.

Kontseiluburu izateari utziko zaio, Arautegi honen 16. artikuluan aurreikusitako kausak gertatuz gero eta zentsura-mozio bat onartuz gero. Horretarako, kideen heren baten ekimenez dagokion Ikasleen Kontseiluak ezohiko bilera egingo du, eta zentsura-mozioa onartu ahal izango du, Ikasleen Kontseiluko kideen bi herenek ontzat ematen badute. Horren barruan, mozioa onartu daitekeela kontuan hartuta, hautagai-zerrenda bat proposatuko beharko da nahitaez. Zentsura-mozioa onar-tzearekin batera, kontseiluburuak kargua utziko du, eta mozioan sartutako hautagai-zerrenda izendatuko da.

36. artikulua.– Beste bat hautatzea.

  1. Bat-batean kontseiluburu gabe geratuz gero eta horren ordezkoa izan ezean, Ikasleen Kontseiluko kide zaharrenak hartuko du kargua behin-behineko egoeran, eta, berehala, beste kon-tseiluburu bat hautatzeko prozedura jarriko du martxan, Arautegi honek ezarritakoaren arabera. Aipatutako hauteskunde-prozesuaren ondoren hautatzen den kontseiluburuaren agintaldiak iraungo du utzi duen kontseiluburuari agintaldia amaitzeko geratzen zitzaion denbora-tartea igaro arte.
  2. Ez da bidezkoa izango hauteskunde partzialak deitzea, eskolarik gabeko aldietan edo organoa berritzeko hiru hilabete baino gutxiago geratzen direnean.

BOSGARREN ATALA. IDAZKARIA ETA DIRUZAINA

37. artikulua.– Idazkariaren egitekoak.

Ikasleen Kontseiluko idazkariaren egitekoak hauek izango dira:

  1. Kontseiluaren fede-emailearena egitea, kontseiluburuaren oniritziarekin, eta Kontseiluko bilkuren aktak jasotzea eta sinatzea, baita dagokion Ikasleen Kontseiluko buruak haren laguntza eskatzen duen edozein bilerarenak ere.
  2. Kontseiluko artxiboen, liburuen, zigiluen eta erregistroaren zaintzaz eta erabilera egokiaz arduratzea.
  3. Lan-batzordeen lanen ondorioz sortutako txostenak, dokumentuak eta aktak antolatzea eta sailkatzea.
  4. Ikasleen Kontseiluak ematen dizkion beste egiteko batzuk.

38. artikulua.– Diruzainaren egitekoak.

  1. Diruzainak Kontseiluaren administrazio eta kudeaketa ekonomikoa egingo du.
  2. Kontseiluko diruzainaren egitekoak honako hauek izango dira:
    1. Kontseiluko diruzainaren egitekoak honako hauek izango dira.
    2. Ikasleen Kontseiluaren ondare ekonomikoa zaintzea eta babestea, eta dagozkion partida ekonomikoak administratzea, kontseiluburuaren gidaritzapean.
    3. Ikasleen Kontseiluaren jarduera ekonomikoen erantzukizuna hartzea.
    4. Ikasleen Kontseiluak ematen dizkion beste egiteko batzuk.