UPV/EHUko ikasleen arautegia

V. TITULUA. IRAKASKUNTZAREN PLANGINTZA ETA EBALUAZIOA

Ikasleen Ebaluaziorako Arautegi BERRIAK INDARGABETUA UZTEN DU II. KAPITULUA 

 

ERABAKIA, 2016ko abenduaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatekoaren Gobernu Kontseiluarena, Graduko Titulazio Ofizialetako Ikasleen Ebaluaziorako Arautegia onartzeko. EHAAn 2017ko martxoaren 13an argitaratua. 2017-2018ko ikasturtean sartu da indarrean.   

II. KAPITULUA. IKASLEEN EBALUAZIOA
63. artikulua.– Printzipio orokorrak.
  1. UPV/EHUko Estatutuetako 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Titulu honek ikasleak ebaluatzeko araudiak errespetatu beharreko printzipioak ezarriko ditu, ikasleek ikasketetan duten errendimendua era objektiboan ebaluatuko dela eta kalifikazioak berrikusteko eskubidea bermatuko dela ziurtatzeko. Xede horrekin, ikasleek ikasketetan izandako errendimenduaren ebaluazioa irizpide publiko eta objektiboen arabera egingo da, eta, ahal denean, etengabeko ebaluazioa egingo da; izan ere, etengabeko ebaluazioa hezkuntzaren erantzunkidetasunerako bitartekoa da, eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren elementu bat, ikasle bakoitzari bere ikaskuntza-prozesuaren berri ematen diona.
64. artikulua.– Ebaluazio-metodoak.
  1. Ikasleen gaitasunak eta ezagutzak ebaluatzeko, irakasleak etengabeko ebaluazioaz, amaierako ebaluazioaz edo ebaluazio mistoaz (bien konbinazioa) balia daitezke. Nolanahi ere, ahal denean etengabeko ebaluazioa egingo da.
    Gardentasuna eta ekitatea bermatzearren, ebaluazio-sistema edo -tresna bakoitzean erabilitako ebaluazio-irizpideak argi eta garbi azaldu eta argitaratu beharko dira.
    Edonola ere, ebaluazioa egin aurretik ezarritako irizpideen arabera egin beharko da beti.
  2. Etengabeko ebaluazioaren, azken ebaluazioaren eta ebaluazio mistoaren kontzeptuak:

    a) Etengabeko ebaluazioa. Etengabeko ebaluazioa prozesu, tresna eta estrategia didaktikoen multzo bat da, irakaskuntza-gidetan definitzen dena eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan zehar modu progresiboan aplikatzen dena. Ebaluatzeko sistema eta tresna horiek askotarikoak izan daitezke: jardueretan parte hartzea, praktikak, ahozko edo idatzizko lanak, kasuei buruzko txostenak, proiektuen garapena, problema ireki eta praktikoen ebazpena, irakaskuntza-karpetak, edo bestelako ebaluazio-probak. Edonola ere, gaitasun espezifiko eta zeharkako gaitasun guztien garapena bermatu behar dute, eta irakasgaiaren irakaskuntza-gidan jaso behar dira.

    b) Azken ebaluazioa. Arrazoi justifikatuak izanda (lana, genero-indarkeriaren biktimak, erditzea, adopzioa, harrera edo hiru urtetik beherako seme-alabak zaindu behar izatea, mendeko senitartekoen zaintzaileak, % 33ko edo gehiagoko ezgaitasuna duten ikasleak, goi mailako kirolariak, bidaiatzea edo dedikazio handia eskatzen duten jarduera artistikoak edo kulturalak, goi mailako beste ikasketa batzuekin bateratzeko beharra, politika, sindikatu, ikasleen ordezkaritza, elkarte, GKE eta abarretan bete beharreko karguak), etengabeko ebaluazioaren sisteman parte hartu ezin duten ikasleek amaierako proba bakarra egin ahal izango dute, irakasgaiari edo gaiari dagozkion gaitasunak eta ezagutzak egiaztatzeko, eta proba hori irakasgaiari edo gaiari dagokion notaren % 100 biltzeko moduan eratuko da.
    Irakasgaiaren edo gaiaren izaera eta edukiak direla-eta, beste maila batzuk egiaztatu behar badira, hala nola praktikak modu egokian egitea, amaierako proba osatu ahal izango da, maila horiek gainditu izanaren egiaztagirien bidez.
    c) Ebaluazio mistoa. Irakasgai edo gai bat ebaluazio mistoaren bidez ebaluatu dela ulertuko da, baldin eta gutxienez programaren % 30 etengabeko ebaluazio-sistemaren bidez ebaluatzen bada. Etengabeko ebaluazioa amaierako proba batek osatu beharko du, unibertsitateko egutegi akademikoan ezarritako epearen barruan. Ebaluazio mota bakoitzak ebaluatzen duen programaren ehunekoaren araberako pisua izango du.
65. artikulua.– Ebaluazio-proben egutegia.
  1. Probak egiteko egutegia, ordutegia eta tokiak, ahozko probenak barne, eskumena duen organoak erabakiko ditu, betiere ikasleen parte-hartzea bermatuta eta Arautegi honetan kontuan hartu diren egoera berezietan arreta jarrita.
  2. Ebaluazio-sistemak programatzeko garaian, kontuan hartuko da ikasle batek ezin dituela maila bereko irakasgai edo gai desberdinetako proba orokorrak egin hogeita lau ordutik beherako epean, horrela ezarrita baitago EAEko araudian eta UPV/EHUko berezko araudietan. Edonola ere, aipaturiko arautegiaren arabera, ikasleek eskubidea izango dute dagozkion proba orokorrak egun eta ordu berean ez egiteko.

    Nahitaezko bi irakasgai edo gairen ebaluazio-probak batera jarri badira, irakasgairen edo gairen bat errepikatzen ari diren ikasleei kalterik ez egiteko, bien artean maila goragokoa den nahitaezko irakasgai edo gaiaren irakasleak beste data bat jarriko du. Nolanahi ere, ikasleak eskatu beharko du eguna aldatzeko, ikasketen gestiorako arautegian ezarritako gutxieneko aurrerapenarekin.

    Nahitaezko irakasgai edo gai baten eta hautazko irakasgai baten ebaluazio-probak batera jarri badira, hautazko irakasgai edo gaiaren proba-eguna aldatu beharko da, baldin eta ikasleak hala eskatzen badu.

    Bi ebaluazio-proba batera jarri direla ulertuko da, baldin eta proba biak egun berean jarri badira lau ordu baino gutxiagoko tartean.
  3. Ebaluazio-proben programazioa ezin izango da aldatu, ustekabe baten eraginez ezarritakoa betetzea ezinezkoa denean izan ezik. Salbuespenezko egoera horietan, tituluetako arduradunek egin beharreko kontsulta guztiak egingo dituzte dagozkion irakasle eta ikasleekin, bai zuzenean bai haien ordezkarien bidez, eta programazio berria proposatuko dute, gehienez 5 eguneko epean.
  4. Unibertsitateko kide anitzeko ordezkaritza- edo gobernu-organoetako bileretara joateagatik edo kasuan kasuko arautegian aurreikusitako gainerako arrazoiengatik programatutako ebaluazio-probetara joan ezin diren ikasleek eskubidea izango dute proba egiteko, beste egun eta ordu batean. UPV/EHUko kide anitzeko organoen ardura izango da azterketa garaian eta azterketen aurreko egunetan bilerarik ez jartzea.
66. artikulua.– Ebaluazioaren edukia.
  1. Ikasleek ekitatez eta zuzentasunez ebaluatuak izateko eskubidea dute, jasotako irakaskuntza mailaren arabera. Irakasgaiaren edo gaiaren ebaluazioa ezin izango da egin dagokion irakasleak eman ez dituen gaiei buruz, irakasgaiaren edo gaiaren hasierako programan gai horiek jasota egon arren.
    Ekitatea bermatzearren, irakasgai edo gai bateko irakaskuntza-gidetan ebaluazio-irizpide komunak ezarriko dira ikasle-talde guztietarako, eta saileko kontseiluaren eginkizuna izango da urteko irakaskuntza-eskaintza programatzeko eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.
  2. Ebaluazio-probak ahalmen urriko ikasleen premietara egokitu beharko dira, eta horretarako, sailek eta ikastegiek egokitzapenak egin beharko dituzte, metodologiari, denborari eta eremuei dagokienez. Egokitzapen horiek gorabehera, proben edukia eta eguna ez dira aldatuko.
  3. Ebaluazio-proba bat egiteko ordu ofiziala iritsita, lehenengo hamabost minututan deitutako ikasleei sartzen utziko zaie, baldin eta atzerapena ezinbestean gertatu dela erakusten badute (garraioen greba, meteorologiaren gorabeherak, edo bestelakoak). Une horretan alegatutako kausa egiaztatu ezean, ikasle horri deitu ahal izango zaio gero egoera hori egiaztatzeko. Era berean, hamabost minutu horietan ikasleak ezin izango dira azterketa egiteko ikasgelatik atera.
  4. Ebaluazio-probak egin bitartean, irakasleak edozein unetan eskatu ahal izango die identifikazioa bertaratutako ikasleei, eta horiek ikasle-txartela, nortasun-agiri nazionala, pasaportea, edo, halakorik ezean, ebaluatzailearen iritziz nahikoa den egiaztagiria erakutsi beharko diote.
  5. Ikasleek eskubidea izango dute ebaluazio-probak egin izanaren ziurtagiria jasotzeko, probak amaitu ondoren.
67. artikulua.– Ahozko probak eta probak egiteko erregimena.
  1. Programa litezkeen ahozko ebaluazio-probak publikoak izango dira, eta ikasle bakoitzak bere ebaluazio-proba grabatzeko eskatu ahal izango du.
  2. Ikasleak iruzur egingo balu ariketaren batean, «gutxiegi» kalifikazioa izango luke ariketa horretan, izan litzakeen bestelako erantzukizunez gain.
68. artikulua.– Ebaluazio-lanak eta praktiketako memoriak.
  1. Lanak eta praktiketako memoriak emateko data ikasleekin hitzartuko da, eta proposatzen diren une berean zehaztuko da. Nolanahi ere, ebaluazio-egunak beharrezkoa den aurrerapenez zehaztuko dira; hartara, ikasleak ebaluazio-probara behar adinako bermez aurkezteko eskubidea bete ahal izango du.
  2. Unibertsitateak paper-zorroaren erabilera sustatuko du. Euskarri material bakarra duten praktiketako memoriak eta lanak irakasleak gorde beharko ditu, hurrengo ikasturtea amaitu arte. Ikasketen gestiorako arautegiak kontuan hartu beharreko data ezarriko du horretarako, baita ikasleari emango zaion epea ere, memoriak eta lanak itzultzeko eskatzeko. Epe hori igarotakoan lanak edo memoriak itzultzeko eskatu ez badu edo jaso ez baditu, suntsitu egingo dira.
  3. Aipaturiko lanak eta memoriak xede hertsiki akademikoez bestelako helburuetarako osorik edo zatika argitaratu, erreproduzitu edo erabili nahi badira, egilearen edo egileen berariazko baimena beharko da, jabego intelektualaren legediari jarraiki.
  4. Karrera-amaierako proiektuak, gradu- eta master-amaierako lanak eta doktorego-tesiak dagozkien arautegi espezifikoaren arabera arautuko dira.
  5. Lan horien ondorioz eginiko argitalpenak, bereziki doktoregoari lotutakoak, jabego intelektualaren araudiaren arabera egingo dira.
69. artikulua.– Erantzun zuzenei buruzko informazioa.
Ebaluazioak prestakuntza izaera edukiko du, eta ikasleei informazio eta argibide egokiak eskaini beharko dizkie gaitasunak eskuratzeko mailari buruz eta beren ikaskuntza-prozesuan egin beharreko hobekuntzei buruz. Ebaluazio-proba bakoitzaren ondoren, dagokion saileko irakasleek ebaluazio-proba horretan eginiko galderei emandako erantzun zuzenak jakinaraziko dituzte, ikasleek probari ahal bezainbesteko etekina atera diezaioten..
70. artikulua.– Kalifikazioak, publizitatea eta berrikuspena irakasleen edo ebaluazio-epaimahaiaren aurrean.
  1. Kalifikazioen argitalpena. Talde bakoitzaren arduraduna den irakasleak irakasgaiaren edo gaiaren azken kalifikazioak argitaratuko ditu, ikasketen gestiorako arautegian ezarritako moduan eta epean. Informazio hori eta probak berrikusteko tokiak egokiak izango dira ahalmen urriko ikasleentzat. Edonola ere, argitaratze-datak argi agertu beharko du, kalifikazioak berrikustea eskatzeko epea zenbatzeari begira. Berrikuspena pertsonala izango da, eta banaka egingo da, eta ebaluazio-proba kalifikatu duen irakasleak edo irakasgaiaren koordinatzaileak jasotako kalifikazioari buruzko ahozko azalpenak emango dizkio ikasleari. Beharrezkoa izanez gero, ahalmen urriko ikasleen premia espezifikoetara egokitu beharko da. Ebaluazioa epaimahai batek egiten badu, ikasleak eskubidea izango du bere ariketak epaimahaiaren aurrean berrikusteko. Edonola ere, berrikusteko epea lehenago amaituko da, ikasketen gestiorako arautegian aktak ixteko eta argitaratzeko ezarritako epea baino.
  2. Aktak. Irakasgai edo gai bakoitzaren aktetan ikasle bakoitzak lorturiko kalifikazioak agertuko dira. Aktak, behar bezala beteta, Ikastegiko Zuzendaritzara bidaliko dira, eta Ikastegiko idazkari akademikoak, irakaslearen sinadura egiaztatu eta gero, kalifikazioak jakinaraziko dizkio ikasleari, ikasketen gestiorako arautegian ezarrita dagoen moduan.
  3. Irakasleek kalifikazioak igortzea.
    Aktaren ardura duen irakasleak dena delako arrazoiengatik sinatu ezin balu, irakasgaiaren edo gaiaren ardura duen sailak ordezko irakasle bat izendatuko du akta sinatzeko, aurreko puntua betetze aldera.
71. artikulua.– Kalifikazio bateratua edo epaimahai bidezkoa.
  1. Lehen eta laugarren deialdien bitartean, irakasgai edo gai bateko taldeek irakasle desberdinak dituztenean, irakasleok kalifikazio-sistema bateratua ezarri ahal izango dute. Kasuotan, irakasle bakoitzak bere taldearen edo taldeen aktak sinatuko ditu.
  2. Aurreko zenbakian aurreikusitakoa gorabehera, egoera horietan ikastegietako arautegiek ebaluazio bateratua ezarri ahal izango dute 1., 2., 3. eta 4. deialdietarako. Ebaluazio bateratua irakasgaiaren edo gaiaren hiru irakaslek edo irakasle guztiek osatutako epaimahaiaren bidez egingo da.
  3. Bosgarren, seigarren eta salbuespenezko deialdietako epaimahaiak Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu, ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan, sailen iritzia entzun eta gero. Epaimahaikideak saileko hiru irakasle izango dira, ahal dela irakasgaiari edo gaiari dagokion jakintza arlokoak. Kontuan hartu beharko da, halaber, irakasgaia bi hizkuntzatan ematen dela. Egindako probaz gain, epaimahaikideek kontuan hartuko dituzte ikaslearen historial akademikoa eta gainerako gorabehera akademikoak. Epaimahaia osatuko duten pertsonen zerrenda ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan jarri beharko da jendaurrean.
  4. Unibertsitateko Ikasleen Estatutua onartzen duen abenduaren 30eko 1791/2010 Errege Dekretuko 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz, UPV/EHUko ikasleek epaimahai batek ebaluatzeko eskatu ahal izango dute, 1., 2., 3. eta 4. deialdietan. Horri begira, epaimahai hori 5. eta 6. deialdietarako eratutakoa izango da, edo, hala dagokionean, 1., 2., 3. eta 4. deialdietarako berariaz eratzen dena, baldin eta Ikastegiko arautegian epaimahai hori eratzea aurreikusita badago. Epaimahai hori legeak aurreikusitako abstentzio– eta errefusatze-egoeretan ere jardungo du.
  5. Epaimahai horien erabakien kontra erreklamazioak jarri ahal izango dira, hurrengo artikuluan zehaztutako prozedurari jarraiki. Halakoetan, ebaluazio-proba epaimahaiak berrikusiko du.
72. artikulua.– Kalifikazioen aurkako erreklamazioa egiteko prozedura.
Ikastegietan atalik balego, beste bana batzorde eratuko ahal da egoitza eta atal bakoitzeko. Halakoetan, batzordekideak egoitza edo atal horretako kide izango dira eta bertako ikasleen kon-tseiluaren ordezkaria edo berau ordezka lezakeena joango da bileretara.
  1. Sailari erreklamazioa aurkezteko era. Ebaluazio-proba irakasle edo epaimahai ebaluatzailearen aurrean berrikusi ondoren, ikasleak, berrikuspenarekin ados egon ezean, kexa idatzia aurkeztu ahal izango dio saileko zuzendariari, sei egun naturaleko epean, aktak argitaratu ziren egunetik hasita.

    Ikasketen gestiorako arautegiaren bidez xede horretarako izendatutako batzordeak, zeinean ezin izango baitute parte hartu aurreko ebaluazio-prozesuan esku hartu duten irakasleek, erreklamazioa aztertuko du, eta, taldeko irakaslearen iritzia entzun, egokitzat jotzen dituen ekintzak burutu, eta ikasleari entzun ondoren, erreklamazioari buruzko erabaki arrazoitua hartuko du, ikasketen gestiorako arautegiak ezarritako epean. Behar izanez gero, akta aldatuko da, ikastegiko idazkariaren diligentziaren bidez.

    Irakasgaitzat hartutako karrera-amaierako proiektuei dagokienez, berrikuspena egingo da artikulu honetan zehaztutako prozedurari jarraiki.
    Nolanahi ere, karrera-amaierako proiektuak aztertzen dituzten epaimahaiek sailez gaindiko kideak izaten dituztenez, berrikuspenaren ondoren, erreklamazioa egiteko lehen instantzia Ikastegiko Batzarraren ordezko batzorde bat izango da.
  2. Ikastegiari erreklamazioa aurkezteko era. Sailari aurkeztutako erreklamazioaren ebazpenarekin ados egon ezean, ikasleak erreklamazioa aurkeztu ahal izango dio, idatziz, ikastegiko dekano edo zuzendariari, ikasketen gestiorako arautegian ezarritako epean.

    Ikastegi bakoitzean batzorde bat eratuko da, gutxienez, hiru pertsonek osatutakoa: batzordeburua, idazkaria eta irakasle bat. Epaimahai horren bileretara Ikastegiko Ikasleen Kontseiluko burua edo berorren ordezko ikaslea joango da. Batzorde horrek, ikasketen gestiorako arautegian ezarritako epean eta behar diren txostenak eskatu ondoren, kasua aztertu, eta erabaki arrazoitua hartuko du. Ondoren, ikasleari eta saileko zuzendariari erabakiaren berri emango die, eta zuzendariak, berriz, taldeko irakasleari eta ikastegiko idazkariari helaraziko die, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak sor ditzan. Behar izanez gero, akta aldatuko da, ikastegiko idazkariaren diligentziaren bidez. Aipatutako batzordeko kideek ezin izango dute esku hartu ikasleak erreklamatutako kalifikazioan.
  3. Gorako errekurtsoa. Ikasleak gorako administrazio-errekurtsoa jarri ahal izango dio errektoreari, hilabeteko epean, erreklamazioari buruzko erabakiaren kontra, eta errektoreak administrazio-bideari amaiera emango dion erabakia hartuko du. Ikastegietan atalik balego, beste bana batzorde eratuko ahal da egoitza eta atal bakoitzeko. Halakoetan, batzordekideak egoitza edo atal horretako kide izango dira eta bertako ikasleen kon-tseiluaren ordezkaria edo berau ordezka lezakeena joango da bileretara
73. artikulua.– Epeak zenbatzea.
Abuztua baliorik gabeko hilabetea izango da epeak zenbatzeko eta azterketa-egunak jartzeko.
74. artikulua.– Beste proba bat egitea.
Ikasleak beste proba bat egiteko eskubidea izango du, honako kasu hauetan:
  1. Azken kalifikazioa jartzeko proba guztiak edo batzuk programatik kanpoko gaiei buruzkoak izan badira edo, programan agertu arren, irakasleak gai horiek landu ez baditu.
  2. Baldintza fisikoek edo bestelakoek eragindako ezinbesteko egoeren eraginez, ikasleentzat proba normaltasunez egitea ezinezkoa izan bada. Horrelakoetan, irakasleak, atxikita dagoen sailaren oniritziarekin, ikastegiarekin koordinatuta eta ikasleei entzun ondoren, egoera aztertuko du, eta, behar izanez gero, probak egiteko beste egun bat jarriko du, bestelako neurri bereziak hartzeko aukera baztertu gabe.
  3. Irakasleak venia docendirik ez badu.
  4. Probak egin aurretik, ikasleek ezagutzen ez zuten ebaluazio-sistema erabili badu.
  5. Ikastegiko erreklamazio-batzordeak hala erabakitzen badu, probaren emaitzak anormalak direla iritzita. Hots, irizpide akademikoen arabera, alegia, tituluaren testuingurua eta kasuan kasuko irakasgaiak edo gaiak aintzat hartuta, gainditu ez duten ikasleen kopurua arrazoiz espero zitekeena baino askoz handiagoa izan bada.
75. artikulua.– Irregulartasunak irakaskuntzen egituraketan, garapenean edo ebaluazioan.
  1. Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzak modu sistematikoan aztertuko ditu UPV/EHUko ikasleek bertako tituluetako irakasgaietan edo gaietan lortutako emaitza akademikoak. Horrela, kalifikazioak ikusita, behar diren neurriak hartuko dira, ikasleen emaitzak emaitza orokorretatik desbideratzen direnean. UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluari hartutako neurrien berri emango zaio.
  2. Errektoreari gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio zuzendariek, dekanoek eta Ikastegiko Batzarrak hartutako erabakien aurka, eta errektorearen erabakiek agortu egingo dute administrazio-bidea.
76. artikulua.– Ebaluazio-probak gordetzea.
Ebaluazio-probak eta egin daitezkeen ahozko proben grabazioak hurrengo ikasturtea amaitu arte gorde beharko dira gutxienez, errekurtso bat ebazteke dagoenean izan ezik; horrelakoetan, behin betiko erabakia hartu arte gorde beharko dira. Probak gordetzeko erregimena ikastegiek ezarriko dute.