UPV/EHUko ikasleen arautegia

III. TITULUA. IKASLEEN KONTSEILUAK

IV. KAPITULUA. IKASTEGIKO EDO ATALEKO IKASLEEN KONTSEILUA

45. artikulua.– Izaera eta araubide juridikoa.

  1. Ikastegiko edo Ataleko Ikasleen Kontseilua Ikastegiko edo Ataleko ikasleak ordezkatzeko kide anitzeko organoa da.
  2. UPV/EHUko Estatutuen 22.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, kapitulu honek eta titulu honen lehenengo kapituluak jasotako Xedapen Orokorrak Oinarrizko Arautegiak izango dira ikastegi edo ataletako ikasleen kontseiluetarako.

46. artikulua.– Osaera.

  1. Ikastegi edo Atal bakoitzeko Ikasleen Kontseilua Ikastegiko Batzarreko, egoitzako batzordeko edo ataleko batzarreko ikasleen ordezkariek osatuko dute. Arautegi honen ondorioetarako, Giza Zientzietako titulua (Esperientzia Gela) bere barne-araudiaz gidatuko da eta ordezkari bat hautatuko du tokian tokiko campuseko ikasleen kontseiluan.
  2. Ikastegiko edo Ataleko Ikasleen Kontseiluko kide bakarreko organoak kontseiluburua, idazkaria eta, hala badagokio, diruzaina izango dira.
  3. Ikastegi edo ataleko ikasleen kontseiluko burua ikastegiko batzarreko, egoitzako batzorde edo ataleko batzarreko ikasleen ordezkariek hautatuko dute bere kideen artean, ikastegi edo ataleko ikasleen kontseilu gisa eratu ondoren.
  4. Kontseiluburua edo ikastegi edo ataleko ikasleen kontseiluko kideen artean horrek hautatutako pertsona zein bere campuseko ikasleen kontseiluan sartuko da.
  5. Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluko burua horren ordezkaria izango da, ikastegiko edo ataleko gobernu-organoen aurrean, bai eta unibertsitateko gainerako instantzien aurrean ere, soil-soilik ikastegi edo atalari eragiten dizkioten gaietan.
  6. Ikastegiko edo Ataleko Ikasleen Kontseiluko buru izateko hautagai-zerrendan idazkaria eta, hala badagokio, diruzaina proposatuko dira.

47. artikulua.– Egitekoak.

Ikastegiko edo Ataleko Ikasleen Kontseiluak honako egiteko hauek izango ditu:

  1. UPV/EHUren aurrekontuetan esleitu zaion aurrekontua nola banatu behar den erabakitzea.
  2. Ikasleak ordezkatzea, Ikastegi edo ataleko organoetan.
  3. Ikasleen eskubideak betetzeko eskatzea eta zaintzea.
  4. Dagozkien organoetan ikasleen ordezkariak izendatzea, hau da: sailetan, graduko eta ikasketa zaharren –biak batera ematen diren bitartean– lehen eta bigarren zikloetan, eta, hala behar izanez gero, masterrean.
  5. Eztabaidatzea, eta, hala behar izanez gero, ordezkarien % 20k edo ikastegi edo atalean matrikulatutako ikasleen % 5ek aurkeztutako ekimenak edo proposamenak onartzea.
  6. Etenaldi akademiko osorako edo partzialerako deialdia egitea bere Ikastegia edo atalean.
  7. Irakasleen ebaluazioaren emaitzak eskatzea eta jasotzea, modu erantsian.
  8. Soil-soilik Ikastegi edo ataleko ikasleei eragiten dieten gaiei buruzko adierazpenak egitea.
  9. Arautegi honek eta gainerako araudiek emandako beste egiteko batzuk.