UPV/EHUko ikasleen arautegia

V. TITULUA. IRAKASKUNTZAREN PLANGINTZA ETA EBALUAZIOA

IV. KAPITULUA. KONPENTSAZIO BIDEZKO EBALUAZIOA

78. artikulua.– Konpentsazio bidezko epaimahaia.

  1. UPV/EHUko ikastegi guztiek izango dute konpentsazio-epaimahai bat, eta Ikastegiko dekanoa edo zuzendaria izango da horren buru, edo berak izendatutako Dekanotza edo Zuzendaritza Taldeko kideren bat.
  2. Epaimahaiburuaz gain, epaimahaiko idazkaria egongo da, eta hitz egiteko eskubidea izango du, baina ezin izango du botoa eman. Ikastegiko idazkariak hartuko du bere gain eginkizun hori. Epaimahaian, epaimahaiburuarekin eta idazkariarekin batera, Ikastegiko sei irakaslek jardungo dute. Irakasle horiek jakintza arlo desberdinetakoak izango dira, eta Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu, ikasturte bakoitzeko lehen hiruhilekoan. Epaimahaiaren bileretara ikastegiko ikasleen kontseiluko burua edo berorren ordezko ikaslea joango da, eta hitz egiteko eskubidea izango du, baina ez botoa ematekoa. Jakintza arlo bateko ordezkaria joan ezin bada epaimahaiaren bilerara, beste arlo bateko irakasle batek ordezkatu ahal izango du, baina Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak horren berri jaso beharko du, epaimahaiaren aktari erantsiko zaion egiaztagiri baten bitartez.
  3. Titulu bat baino gehiago irakasten dituzten ikastegiek epaimahai bana eratu ahal izango dute titulu bakoitzerako, baldin eta Ikastegiko Batzarrak hala erabakitzen badu.

     

    Honez gain, atalik luketen ikastegiek beste epaimahai berezi bat ezarri ahal izango du egoitza-rako eta atal bakoitzeko. Honelakoetan, ataleko epaimahai bereziko burua ataleko koordinatzaileak izendatuko du eta idazkari gisa arituko da koordinatzaileak izendatuko lukeen dekanordea. Epai-mahaiko gainerako sei kideak ataleko irakasleak izango dira, jakintza arlo desberdinetakoak eta ikastegiko batzarrak izendatuta. Epaimahai honen bileretara ataleko ikasleen kontseiluko burua edo eskuordetutako ikasle bat joango da; hitza izango du, baina ez botorik.

  4. Era berean, Konpentsazio Epaimahai Nagusi bat egongo da, errektoreak izendatutako pertsona bat buru izango duena. Bost irakasle izango dira bertako kide, arlo zientifiko bakoitzeko bana, eta kide horiek Kontseiluan bertan proposatuko eta berretsiko dira, ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan.

    Konpentsazio Epaimahaiak ikasturtez ikasturte irizpide berberei eusten diela bermatzeko, gutxienez kideetako bik epaimahaian jarraituko dute, hurrengo ikasturtean. Gainerakoek ikasturtea amaitzean utziko dute kargua.

    Akademia antolakuntzako eskumena duen Errektoreordetzako legelaria edo horren ordezkoa epaimahaiko idazkaria izango da, eta hitz egiteko eskubidea izango du, baina ezin izango du botoa eman. Konpentsazio Epaimahai Nagusiko kideren batek bere Ikastegiko Konpentsazio Epaimahaian parte hartu badu, haren ordezko bat izendatu beharko da. Epaimahaiaren bileretara UPV/EHUko Ikasle Kontseiluko burua edo berorren ordezko ikaslea joango da, eta hitz egiteko eskubidea izango du, baina ezin izango du ez botoa eman.
  5. Epaimahai horrek ebatziko ditu ikastegietako konpentsazio-epaimahaien erabakien aurka jarritako erreklamazioak.
  6. Konpentsazio Epaimahai Nagusiaren erabakien aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio ikasleen gaietarako eskumena duen Errektoreordetzari, hilabeteko epean.

79. artikulua.– Konpentsazioak eta erreklamazioak eskatzeko epeak eta baldintzak.

  1. Ikastegiko Konpentsazio Epaimahaiari konpentsazioa eskatzeko eta Konpentsazio Epaimahai Nagusiari erreklamazioak aurkezteko epeak indarrean dagoen ikasketen gestiorako arautegiak ezarriko ditu.
  2. Irakasgaiak konpentsazio-ebaluazioaren bidez gainditzeko, ikasleek dagokion ikasturtean matrikulatuta egon beharko dute, nahitaez. Konpentsazioa eskatzeko baldintzak une bakoitzean indarrean dagoen ikasketen gestiorako araudiak ezarriko ditu. Ezin izango da, inola ere, karrera- edo gradu-amaierako proiektu edo lanaren eta practicumaren konpentsazioa eskatu.

80. artikulua.– Txostenak eta eskaera aztertzea.

  1. Eskaera aztertu baino lehen, Ikastegiko Konpentsazio Epaimahaiko buruak iritzia eskatuko dio irakasgaiaren edo gaiaren ardura duen sailari. Iritzi hori idatziz bidali beharko du Sailak, arrazoiak emanda, ikasketen gestiorako arautegian ezarrita dagoen epean. Eskaera epaimahaiko kideren batek irakasten duen irakasgai edo gai baten gainean egin bada, Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak ordezko kide bat izendatu beharko du.
  2. Epaimahaiak ikaslearen espediente osoa hartu beharko du kontuan, erabakia hartzeko.

81. artikulua.– Aldeko erabakia eta horren ondorioak.

  1. Irakasgaia gainditutzat ematea erabakitzen bada, Konpentsazio Epaimahaiko idazkariak erabaki horren berri emango dio ikaslearen ikastegiko idazkariari, eta idazkariak, «Konpentsazio-ebaluazio bidez gaindituta: 5,0» nota jarriko du, ikaslearen espedientean.
  2. Konpentsazio Epaimahaiak irakasgaia gainditutzat ematea erabakitzen badu, ikasleak deialdi bat agortuko du. Aldiz, irakasgaia ez-gainditutzat ematea erabakitzen badu, ikasleak ez du deialdirik agortuko.
  3. Konpentsazio bidez gainditutako irakasgaiaren balioa 5,0 izango da, espedientean baremoa ezartzeari begira.
  4. Ikaslearen espediente akademikoan adieraziko da irakasgaia konpentsazio-ebaluazioaren bidez gainditu dela, eta, erreferentzia gisa, erabakia zer egunetan hartu den adieraziko da.