Ikasleentzako jarraitutasun akademikorako laguntza bueltatu-beharrekoak

Eskaera egin ahal izateko UPV/EHU erabiltzaile eta pasahitzarekin sartzea beharrezkoa da (EGELA edo GAURekoak).

2019/2020 ikasturteko matrikula ordaintzeko zailtasunak dituzten UPV/EHUko ikasleentzako laguntza bueltatu-beharrekoak

2020ko maiatzaren 28an,Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu du bat-batean sortutako edo denboran zehar dirauten arazo ekonomikoen ondorioz, zailtasunak dituzten UPV/EHUko ikasleei laguntza bueltatu beharrekoak emateko deialdia. Bi modalitate daude. Lehenengoa, aurreko urteetan ohikoa, ordaintzeke dagoen 2019-2020 ikasturteari dagokion matrikularen zenbatekoa finantzatzeko laguntza itzulgarriak dira. Oraingoan, beste modalitate bat gehitu da, COVID-19k eragindako osasun krisiaren ondoriozko aparteko gastuei aurre egiteko; helburua da ikasle onuradunari ikasketetarako sarbidea eta jarraipena egiteko erraztasunak ematea, jarduera akademikorako beharrezkoak diren tresna didaktikoen eta teknologikoen bidez.

Laguntza eskatu ahal izango dute UPV/EHUn graduko ikasketetan edo lanbide atribuzio edo orientazioa duten unibertsitate masterretan 2020-2021 ikasturtean matrikulatuko diren ikasleek eta 2019-2020 ikasturtean ikasketak bukatuko dituzten ikasle guztiek.

Eskaria egin ahal izango dute, betiere, ikasturtea hasi ondoren bat-batean sortu bazaie arazo ekonomikoren bat edo, unibertsitate ikasketak hasi ondoren, denboran zehar dirauten arazo ekonomikoak badituzte, eta 2019-2020 ikasturtean bekarik edo ikasketetarako laguntzarik eskuratu ez badute. Ez dira kontuan hartuko COVID-19ren alarma-egoera hasteagatik bete ezin izan diren aurreko deialdiko konpromisoak.

Laguntza bueltatzeko bi bide daude: dirutan edo, kasu jakin batzuetan, emandako laguntzaren zati bat dirutan bueltatu ahal izango du ikasleak eta, beste zati bat, erakundearekiko edo unibertsitateko kideekiko lankidetza jardueren bidez. Jarduera hauek ez dute inola ere ordezkatuko ordaindutako zerbitzu profesionalik.

Programa hau 2012-2013 ikasturtean jarri zen martxan, eta guztira 178 ikasle izan dira onuradun. Horietatik 41ek bukatuta dituzte ikasketak.

"Laguntza hauek oso garrantzitsuak izan dira aurreko ikasturteetan. Horiei esker, aurreko krisiaren ondorioz arazo ekonomikoak izan zituzten ikasleek unibertsitateko ikasketekin jarraitu ahal izan zuten eta, kasu batzuetan, amaitu egin ahal izan dituzte. Aurten, bereziki, laguntza hauek garrantzia handikoak izango dira COVID-19ren alarma egoerak eragingo dituen arazo ekonomikoak kontuan hartuta; izan ere, egoera horrek areagotu egin du ikasle kalteberen egoera zaila, ez soilik matrikula ordaintzeko orduan, baita baliabide telematikoak erabilita irakaskuntza ez-presentzialera egokitzeko orduan ere, ikasle horiek, askotan, ez baitituzte baliabide horiek baldintzarik onetan eskuragarri”, azpimarratu du Txelo Ruizek, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.

2020ko maiatzaren 28an

 

OHARRA: Izena emateko epea ekainaren 2tik ekainaren 22ra izango da, hau barne.
Eskaerak Eusko Jaurlaritzaren beka erabakiari lotuta egongo dira.