UPV/EHUko ikasleen arautegia

IV. TITULUA. IKASLEEN ELKARTEAK

III. KAPITULUA
UPV/EHU-KO IKASLEEN ELKARTE GISA ONARTUA IZATEKO PROZEDURA ETA IZEN-EMATEAN SORTUTAKO ESKUBIDEAK

54. artikulua.– UPV/EHU-ko ikasleen elkarteen erregistroan izena ematea.

  1. UPV/EHUko Ikasleen Elkarteen Erregistroan izena eman ahal izateko, elkarteek aldez aurretik izena emanda egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erroldan edo izaera publikoko beste Elkarteen Erregistroren batean.
  2. Ikasleen Errektoreordetzaren menpekoa den UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena emateko, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

    a) Elkartea EAEren Elkarteen Erroldan edo izaera publikoko beste Elkarteen Erregistroren batean izena emanda dagoela erakusten duen ziurtagiriaren kopia bat.

    b) Elkartea osatzen duten pertsonen kopurua. UPV/EHUko ikasle diren bazkideen zerrenda eta, hala behar izanez gero, UPV/EHUko ikasle ohien zerrenda, izena, abizenak eta NAN zenbakia berariaz adierazita.

    c) Zuzendaritza Batzordearen osaera, eta batzordekideen kokalekua, telefonoa eta haiekin harremanetan jartzeko helbidea.

    d) Dagokion Ikastegiaren edo Campusaren txostena, elkartearen egoitza ikastegi batean edo UPV/EHUko lokal batean jartzeko. Era berean, aurreko artikuluan aurreikusitakoak jasoko dira txosten horretan. Eskaera aurkeztu eta hilabete bateko epean aipatutako txostena aurkeztu ezean, letra honen eskakizuna gainditzeko nahikoa izango da behar bezala erregistratutako eskaera aurkeztea.

    e) Elkartearen jarduera eremuaren arabera, dagokion Ikasleen Kontseiluaren txostena. Eskaera aurkeztu eta hilabete bateko epean aipatutako txostena aurkeztu ezean, letra honen eskakizuna gainditzeko nahikoa izango da behar bezala erregistratutako eskaera aurkeztea.

    f) Jarduera-egitaraua.

    g) UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena emateko eskaera normalizatua.
  3. Prozedura amaituko da UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena ematean edo ikasleen gaietarako eskumenak dituen Errektoreordetzak erregistroa ukatzeko hartutako erabaki arrazoitua jasotzean. Bi kasuetan eskatzaileari jakinaraziko zaio, gehienez hiru hilabeteko epean, aurreko ataleko g) letran aurreikusitako UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena emateko eskaera normalizatuan horretarako adierazitako lekuan.
  4. UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena ematea ukatzen duen erabakiaren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango da errektorearen aurrean, hilabeteko epean.

55. artikulua.– Izena ematean sortutako eskubideak.

  1. UPV/EHUko Ikasleen Elkarteen Erregistroan izana emateak webgune bat, helbide elektro-niko bat, ohiko posta jasotzeko postontzia eta unibertsitateko gune batean armairu itxi bat izateko eskubidea ematen du, ahal delarik Ikasletxe batean.
  2. Ikastegi eta campusetako premien memoriek gune bat aurreikusi beharko dute, dagokion eremuan aldi berean egon daitezkeen elkarteetarako.
  3. Elkarte hauek egiten dituzten jarduerak eta horietan parte-hartzea diruz lagundu ahal izango dira, ezarritako baldintzetan, baldin eta ikasleek berdintasunaren eta bazterkeriarik ezaren printzipioa errespetatuz parte hartzen badute. UPV/EHUk horretarako partidak bideratuko ditu bere aurrekontuetan.