UPV/EHUko ikasleen arautegia

II. TITULUA. IKASLEEN ORDEZKARITZAREN ESTATUTUA

II. KAPITULUA. ORDEZKARIEN ESKUBIDEAK

17. artikulua.– Ordezkarien eskubideak.

Ikasleen ordezkariek honako eskubide hauek izango dituzte:

  1. Ordezkaritzaren eginkizuna askatasunez betetzea.
  2. Adierazteko askatasuna, legezko arauak eta pertsona eta Erakundearekiko errespetua izanik horren muga bakarrak.
  3. Ikasleei eragiten dieten gaiei buruzko informazio zehatza eta zuzena jasotzea.
  4. Erabakiak hartzeko prozesuan eta politika estrategikoetan erantzukizunez parte-hartzea.
  5. Ikasketak eta ordezkaritza-jarduerak bateragarriak izatea, beren prestakuntzari kalterik egin gabe. Zehazki, gobernu- eta/edo ordezkaritza-organoetan ikasleen ordezkari gisa parte hartzeak ordezkariaren prestakuntzari eragiten diola iritziz gero, irakasleek tutoretza osagarriak antolatuko dituzte, ordezkariak irakasgaia edo gaia arrakastaz gainditzeko beharrezkoa den ezagutza lortuko duela bermatze aldera. Nolanahi ere, ikasleen ordezkariek eskoletara ez joateko eskubidea dutela ulertuko da, derrigorrezko eskola-saioen % 25eko muga arte, baldin eta UPV/EHUko Estatutuen 11.1 artikuluan aurreikusitako ordezkaritzako eta gobernuko kide anitzeko organoren batean parte hartu behar badute ikasleen ordezkari gisa. Ordezkariak hala eskatuko balu, tokian tokiko idazkaritzak izaera honen berri emango du legokiekeen ikastegi eta sailetako pertsona bakarreko organoei, kasuan kasuko irakasgaietako arduradunei jakinarazteko, ordezkari izateak eragin litzatekeen auziak aurreikusi eta ebaztearren, ordezkariaren betebeharrak eta betebehar akademikoak batera eraman ahal izatea bermatuz.
  6. Arautegi honen V. Tituluan xedatutakoaren arabera ebaluatuak izatea.
  7. Ikasleentzat interesgarria izan daitekeen informazioa zabaltzeko espazio fisikoak eta baliabide telematikoak izatea. Horrez gain, espazio propioak eta esklusiboak bermatuko zaizkie ordezkariei, informazioa zabaltzeko ez ezik, ordezkaritza-lanak ere egin ahal izateko. Funtsezkoa izango da informazio horrek formatu eskuragarria izatea, eta espazio horiek egokituta egotea, ahalmen urriko ikasleen sarbidea eta parte-hartzea errazteko.
  8. Ikasleen ordezkari gisa bere funtzioak normaltasunez betetzeko baliabide teknikoak eta ekonomikoak izatea.