UPV/EHUko ikasleen arautegia

IV. TITULUA. IKASLEEN ELKARTEAK

V. KAPITULUA. IKASLEEN ELKARTEETAN PARTE HARTZEKO MEKANISMOAK

58. artikulua.– Jarduerak.

  1. Unibertsitateko bizitzan parte hartzeko, ikasleen elkarteek beren intereseko jarduerak egingo dituzte, Estatutuen 4. artikuluan aurreikusitako UPV/EHUren helbururen bat lortze aldera.
  2. Parte-hartzea, batez ere, elkarteek antolatutako jarduera zientifiko, kultural, artistiko edo bestelakoen bidez bideratuko da, eta jarduera horiek baliagarriak izango dira ondare intelektuala, humanistikoa, kulturala eta zientifikoa aberasteko, bai eta ikasleen eta, oro har, euskal gizartearen ongizatea, prestakuntza osoa eta garapena bultzatzeko ere.
  3. Ikasleen elkarteek UPV/EHUn eta kanpoan eginiko jarduera mota guztiek antolamendu juridikoa erabat errespetatu beharko dute. UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa deitutako jarduera guztien berri emango zaio UPV/EHUri, eta, hala behar izanez gero, hark baimendu beharko ditu. Arautegi honen 57. artikuluan aurreikusitakoaz gainera, antolamendu juridikoaren arau-hauste larrien eraginez jasotako zigor irmo batek edo antolamendu juridikoaren arau-hauste arinen eraginez jasotako bi zigor irmok edo gehiagok UPV/EHUko ikasleen elkarte izatearen galera eragingo dute.
  4. UPV/EHUren lurralde eremuan, elkarteko kideei edo jende guztiari bideratutako edozein jarduera egin aurretik, UPV/EHUko ikasleen elkarteek okupatu nahi dituzten guneak erabiltzeko baimena eskuratu beharko dute, Titulu honetan ezarritako baldintzetan.

59. artikulua.– Ikasleen erakundetan parte-hartzea.

  1. UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa erregistratutako elkarteek sareetan edo konfederazioetan sartzeko eskubidea izango dute, edozein arlotan.
  2. UPV/EHUk laguntza emango du, dagokion eskumenen esparruan eta eskura dituen bitartekoen arabera, ikasleen elkarteak erakunde horietan sar daitezen.