UPV/EHUko ikasleen arautegia

V. TITULUA. IRAKASKUNTZAREN PLANGINTZA ETA EBALUAZIOA

I. KAPITULUA. IRAKASKUNTZAREN PLANGINTZA

61. artikulua.– Irakaskuntzaren plangintzaren publizitatea.

Ikasturte bakoitzeko matrikulazio-epea zabaldu aurretik, ikastegi bakoitzak bertako tituluen plangintzaren publizitatea egingo du. Publizitate horrek jaso beharko ditu, gutxienez, ikasle bakoitzak ikasketei eta ikaskuntzari eskaini beharreko arduraldia ECTS terminoetan adierazita, aurreikusitako irakasleak, irakasgai edo gai bakoitzaren ordu-banaketa, eta irakasgai edo gaian irakaskuntza-gidak, ebaluazioaren sistema eta ezaugarriak berariaz aipatuta.

62. artikulua.– Tutoretzak.

  1. Ikasleek banakako laguntza eta orientazioa jasoko dituzte, beren ikaskuntza-prozesuan, ikasturtean zehar gauzatuko diren tutoretza-saioen bidez. Tutoretza-saioen ordutegia lauhileko bakoitza hasi aurretik argitaratu beharko da.
  2. Ikasleek tutoretza jasotzeko aukera izango dutela bermatzeko, irakaskuntza aldi baterako esleitzeko eta irakasleen artean banatzeko Arautegiko 15. artikuluan (EHAA, 2011ko apirilaren 26a, 78. zk.a), edo horren ordezko arautegian ezarritako irizpideei jarraituko zaie.
  3. Tutoretza-programak eta tutoretza-jarduerak ahalmen urriko ikasleen premietara moldatu beharko dira, eta horretarako, sailek edo ikastegiek, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak koordinatuta eta gainbegiratuta, egin beharreko metodologia-egokitzapenak egingo dituzte, eta, hala behar izanez gero, tutoretza-saio espezifikoak ezarriko dituzte, ikasleen premien arabera. Tutoretza-saioak toki irisgarrietan egin beharko dira, ahalmen urriko ikasleen premiak kontuan hartuta.