Unibertsitateko Ikasleen Estatutua

XI. KAPITULUA. UNIBERTSITATEKO IKASLEEN ESTATUKO KONTSEILUA

47. artikulua. Izaera eta atxikipena.

1. Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseilua ikasleek Hezkuntza Ministerioaren aurrean deliberatzeko, kontsultak egiteko eta parte hartzeko duten organoa da.

2. Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseilua Hezkuntza Ministerioari atxikita dago Unibertsitateen Idazkaritza Nagusiaren bitartez.

48. artikulua. Osaera.

1. Honako hauek izango dira Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseiluko osakideak:

a) Espainiako unibertsitate bakoitzeko, publiko eta pribatuetako, ikasle ordezkari bat. Ikasleen Kontseilua edo pareko ikasleen ordezkaritza organo bat duten unibertsitateetan, ordezkaria kontseiluko burua izango da, edo haren irudi baliokidea. Ikasleen Kontseilurik ez duten unibertsitateetan ordezkaria Gobernu Kontseiluak izendatuko du bertako ikasle hautetsiek proposaturik.

b) Estatuko Eskola Kontseiluak hezkuntza sistemarekin, eta zehazkiago, bigarren hezkuntzarekin eta lanbide hezkuntzarekin lotuta dituen eskumenak direla-eta, kontseiluan sartuta dauden ikasleen elkarteen konfederazio eta federazio bakoitzeko ordezkari bat, unibertsitateko ikaslea bera.

c) Dagoeneko osatuta dauden edo etorkizunean osatuko diren Ikasleen Kontseilu Autonomiko bakoitzeko ordezkari bat, unibertsitateko ikaslea bera.

d) Hiru ordezkari, unibertsitateko ikasleak, interes orokorrak lortzeko lan egiten duten eta aurreko b) puntuko bideari jarraituz ordezkatuta ez dauden ikasleen konfederazio, federazio eta elkarteetakoak, bat entitate bakoitzeko. Konfederazio, federazio edo elkarte horiek, euren kideen artean, ordezkariak izan beharko dituzte gutxienez sei unibertsitatetako ikasleen kontseiluetan edo gobernu kontseiluetan eta unibertsitate horiek, gutxienez, hiru autonomia erkidegotan egon beharko dira. Federazio erakunde handiago baten zati diren entitateen ordezkaria entitateok erakunde horretan daukaten ordezkari bera izango da. Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseiluaren arautegiak zehaztuko du ordezkariok izendatzeko sistema.

e) Kontseiluko buruak izendatutako bost kide, unibertsitateetako edo ikasleen arloko elkarte edo erakundeetako gobernu kontseiluetako kide diren edo izan diren eta goi mailako hezkuntzan izen handia duten pertsonen artetik aukeratuak. Horietako bat, gutxienez, egoera larriagoan dauden eta/edo ahulagoak diren taldeen esparruko izen handiko aditua izango da.

f) Horrez gain, Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseiluko berezko kideak izango dira:

i. Hezkuntza ministroa, kontseiluko burua izango dena.
ii. Unibertsitateen idazkari nagusia, lehenengo buruordea izango dena.
iii. Unibertsitate Prestakuntza eta Orientazioko Zuzendaritza Nagusiko titularra, idazkaria izango dena.

2. Ikasleen ordezkarietako bat, Osoko Bilkurak aukeratua, bigarren buruordea izango da.

3. Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseiluaren osaeran emakumeen eta gizonen arteko orekaren printzipioa zainduko da Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoko 54. artikuluan jasotakoaren arabera.

49. artikulua. Kontseilua osatu eta berritzea.

1. Kontseiluko buruak kontseilua osatzeko bilerarako deia egingo du estatutu hau indarrean sartu eta 4 hilabete naturaleko gehienezko epean.

2. Aurreko atalean xedatutakoa betetzeko, unibertsitateek ministeriora bidaliko dituzte beren ikasleen ordezkarien izendapenak estatutu hau indarrean sartu eta hiru hilabeteko gehienezko epean.

50. artikulua.- Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseiluko kideen agintaldia.

Kontseiluko kideen agintaldia, kontseiluko berezko kideena izan ezik, honako hau izango da:

a) Kasuan kasuko unibertsitateetako ikasleen ordezkariek bi urteko agintaldia izango dute aukeratzen dituztenetik hasita, agintaldi hori estatutu honetan jasotako beste arrazoiren bategatik amaitu ez bada. Hala ere, ordezkariok beren eginkizunak betetzen jarraituko dute beren ordezkoak izendatu arte.

b) Kontseiluko buruak izendatutako kideen agintaldia estatutu honetan kargua uzteko jasotako arrazoietakoren bat ematen denean bukatuko da. Horiek ere, beren eginkizunak betetzen jarraituko dute beren ordezkoak izendatu arte.

51. artikulua. Eginkizunak.

Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseiluaren eginkizunak dira:

a) Unibertsitateko ikasleen gaietarako eta Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseiluaren txostena eskatzen duten gaietarako gobernuak dituen politika proposamenen irizpideei buruzko irizpena ematea.

b) Hezkuntza Ministerioaren aurrean mintzaide izatea, ikasleei dagozkien gaietan.

c) Ikasleen eskubideak defendatzeko lan egitea, ikasleen elkarteekin eta ikasleen ordezkaritza organoekin lankidetzan.

d) Unibertsitateetako gobernu organoek behar bezala jardun dezatela zaintzea unibertsitate bakoitzaren estatutuetan jasotzen diren ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokienez.

e) Unibertsitateko ikasleek aurkeztutako kexak jasotzea eta, hala dagokionean, horiek bideratzea.

f) Unibertsitateko arartekoekin lankidetzan aritzea, Espainiako unibertsitateetako ikasleen eskubideak bermatzeko.

g) Beste erakunde eta entitate batzuekin harremanak sortzea bere erakunde helburuak bultzatu eta garatzeko.

h) Bere eskumeneko gaiei buruzko proposamenak gobernuari aurkeztea.

i) Iritzia ematea, egokitzat jotzen denean, Hezkuntza ministroak, Unibertsitateen idazkari nagusiak edo bestelako instantzia batek edozein gairi buruz bere iritzia eskatzen duenean.

j) Titulazioen mapari buruzko txostenak ezagutzea.

k) Ikasleei zuzendutako bekak eta bestelako laguntzak emateko irizpideak finkatzen parte hartzea eta prozesu horretan ordezkariak edukitzea, estatuaren eskumenen esparruan.

l) Ikasleen asoziazionismoa eta ikasleek unibertsitateko bizitzan duten parte hartzea bultzatzea.

m) Bere ekimenez erabakiak hartzea eta administrazioaren, komunikabideen eta gizartearen aurrean ikasleen mintzaide izatea, estatuaren eskumenen esparruan.

n) Unibertsitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna zaintzea eta bultzatzea.

o) Estatutu hau betetzen dela zaintzea.

p) Unibertsitateko Ikasleen Estatutuak, hura garatzeko arauek eta indarreko legeriak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

52. artikulua. Funtzionamendua.

1. Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseiluak jardungo du Osoko Bilkura eginez eta batzorde iraunkor baten bitartez. Barne antolaketa eta funtzionamendurako arautegiak beste batzorde batzuk eratzea aurreikusi ahalko du, zehaztuko diren osaerarekin eta eskumenekin.

2. Horrez gain, Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseiluaren, Unibertsitateen Kontseiluaren eta Unibertsitate Politikarako Konferentzia Orokorraren arteko koordinaziorako batzorde mistoen sorrera bultzatuko da.

3. Kontseiluaren organoen osaeran zaindu egingo da generoen arteko parekotasuna.

53. artikulua. Osoko Bilkura.

1. Osoko Bilkura urtean hiru aldiz egingo da gutxienez. Horrez gain, kontseiluko buruaren ustez egoki denean eta kontseiluko kideen herenek hala eskatzen dutenean ere egingo da.

2. Osoko Bilkurari dagokio:

a) Kontseiluaren barne antolaketa eta funtzionamendurako arautegiaren proposamena egin eta onartzea eta Hezkuntza ministroari aurkeztea, hark behin betiko onar dezan.

b) Kontseiluaren barne antolaketa eta funtzionamendurako arautegia osorik edo zati baten aldatzeko proposamena onartzea, eta Hezkuntza ministroari aurkeztea, hark behin betiko onar dezan. Proposamen hori kontseiluko kideetako edozeinek aurkeztu ahalko du eta Osoko Bilkuraren bi herenen onespena lortu beharko du.

c) Beste funtzionamendu arau batzuk prestatu eta onartzea.

d) Kontseiluko buruak eta Batzorde Iraunkorrak prestatutako kudeaketa plana onartzea.

e) Bigarren buruordea aukeratzea.

f) Batzorde Iraunkorrerako ikasleen ordezkariak aukeratzea 55. artikuluan ezarritakoaren arabera.

g) Bi urtean behin jarduerei eta Espainiako unibertsitate sistemaren diagnostikoari buruzko txostena egitea bere eskumenen eremuan.

h) Kontseiluari dagokion eta kontseiluko beste organo batzuei beren beregi esleitu ez zaien beste edozein eginkizun.

54. artikulua. Batzorde Iraunkorraren osaera.

1. Batzorde Iraunkorraren osakideak dira:

a) Kontseiluko burua, batzordeburu izango dena, eta kontseiluko lehenengo buruordea, bigarren buruordea eta idazkaria, batzordean ere hala jardungo dutenak.

b) Ikasleen bost ordezkari, Osoko Bilkurak kontseiluko ikasleen artetik aukeratuak. Osoko Bilkurak horietako bat Batzorde Iraunkorreko idazkariorde izendatuko du.

2. Batzorde Iraunkorreko kide diren ikasleen agintaldiaren iraupena bi urtekoa izango da, kide horiek kontseiluan duten agintaldia estatutu honetan jasotako beste arrazoiren bategatik amaitu ez bada. Hala ere, kideok beren eginkizunak betetzen jarraituko dute beren ordezkoak izendatu arte.

55. artikulua. Kontseiluko burua.

1. Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseiluko burua kontseiluaren ordezkari gorena izango da.

2. Kontseiluko burua ez dagoenean lehenengo buruordea izango da kontseiluko buru eta azken hau ez dagoenean, bigarren buruordea.

56. artikulua. Kontseiluko buruaren eginkizunak.

Honako hauek dira kontseiluko buruaren eginkizunak:

a) Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseiluaren Osoko Bilkurarako deia egitea eta haren buru izatea eta Batzorde Iraunkorraren bileretarako deia egitea horien buru izatea.

b) Osoko Bilkuraren saioak moderatu eta zuzentzea bilkuraren barne antolaketa eta funtzionamendurako arautegian xedatutakoaren arabera.

c) Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseilua ordezkatzea edozein pertsona fisiko edo juridikoren aurrean.

d) Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseiluko kideei bere eskumeneko gaien berri zehatza ematea.

e) Osoko Bilkuraren edo Batzorde Iraunkorraren erabakiak bete eta betearaztea.

f) Osoko Bilkurak, estatutu honek, barne funtzionamendurako arauek eta indarreko legeriak esleitutako beste edozein eginkizun.

57. artikulua.- Lehenengo eta bigarren buruordeen eginkizunak.

Lehenengo eta bigarren buruordeen eginkizunak dira:

a) Kontseiluko buruari laguntzea bere eskumenez baliatzerakoan.

b) Lehenengo buruordeak kontseiluko burua ordezkatuko du hura ez dagoenean.

c) Bigarren buruordeak kontseiluko burua ordezkatuko du hura eta lehenengo buruordea ez daudenean.

d) Osoko Bilkurak, barne antolaketa eta funtzionamendurako arautegiak edo indarreko legeriak agindutako beste edozein eginkizun.

58. artikulua. Idazkariaren eginkizunak.

1. Idazkariari dagokio:

a) Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren bileretako aktak egitea.

b) Hartutako erabakien ziurtagiriak egitea.

c) Aktak eta kontseiluaren esku dagoen gainerako dokumentazioa zaintzea.

d) Osoko Bilkurak, barne antolaketa eta funtzionamendurako arautegiak edo indarreko legeriak agindutako beste edozein eginkizun.

2. Idazkaria ez badago, Batzorde Iraunkorreko idazkariordeak ordezkatuko du.

59. artikulua. Batzorde Iraunkorraren eginkizunak.

Hauek dira Batzorde Iraunkorraren eginkizunak:

a) Kudeaketa plana prestatzea eta gauzatzea.

b) Osoko Bilkurak bildu ezin duenean, bilkuraren buruak premiazkotzat jotzen dituen gaiak ebaztea. Gaiok, ondoren, egiten den lehenengo Osoko Bilkuran berretsi beharko dira.

c) Osoko Bilkurak, kontseiluaren barne antolaketa eta funtzionamendurako arautegiak eta indarreko legeriak beren beregi agindu dizkioten gaiak ebaztea eta ondoren, Osoko Bilkurari horien berri ematea.

d) Estatutu honetan jasotako beste edozein.

60. artikulua. Kontseiluko kideek kargua uzteko arrazoiak.

1. Kontseiluan ikasleen ordezkariak direnek kargua uzteko arrazoiak izango dira:

a) Eurek hala eskatzea..

b) Kontseiluan ikasleen ordezkari izateko agintaldia bukatzea.

c) Ordezkatzen duten unibertsitateko ikasle izateari uztea.

d) Beren unibertsitateko ikasleen ordezkari izendatzeko arrazoia desagertzea.

e) Ordezkatzen duten ikasleen konfederazio edo elkarteko kide izateari uztea.

2. Kontseiluko buruak izendatutako kideek kargua utziko dute:

a) Eurek hala eskatuta.

b) Izendatu zituenak hala eskatuta.

3. Kontseiluan ikasleen ordezkari direnek kargua utzi ondoren, idazkariak kasuan kasuko unibertsitateari eskatuko dio beharrezkoak diren ordezkariak aukera ditzala. Unibertsitateak jakinarazpena jaso eta bi hilabeteko gehienezko epean igorri beharko du proposamena. La universidad deberá remitir la propuesta en el plazo máximo de dos meses desde la notificación.

4. Kontseiluko buruak izendatutako kideen karguak hutsik geratzen direnean, hark hilabeteko gehienezko epea izango du kideon ordezkariak izendatzeko.