Unibertsitateko Ikasleen Estatutua

XV. KAPITULUA. UNIBERTSITATEKO IKASLEENTZAKO ARRETA

65. artikulua.- Ikasleentzako arreta zerbitzuak.

1. Ikasleen prestakuntzarako tresna osagarri moduan, unibertsitateek ikasleentzako arreta atalak eduki ahalko dituzte euren aurrekontuen kargura edo kanpoko erakundeekin egindako hitzarmenen bitartez.

2. Atalok, unibertsitate bakoitzean duten egitura organikoa alde batera utzita, tutoretza sistemekin, tutoreen prestakuntzarako ekintzekin eta unibertsitateko programa eta zerbitzu guztiekin estu lotuta eta koordinatuta garatu beharko dituzte beren eginkizunak.

3. Horretarako, atal horiek honako esparru hauei buruzko informazioa eta orientazioa eman ahalko dute:

a) Ikasketak aukeratzea eta horiek birformulatu edo aldatzea unibertsitatean sartu eta unibertsitate eremura egokitzeko.

b) Unibertsitateko lan metodologia eta ikasteko estrategien inguruko prestakuntza, hezkuntza sistemako etapa batzuetatik besteetara iragaterakoan eta unibertsitateko ikasketek dirauten artean ikasleei laguntzeko, errendimendu akademikoa eta garapen pertsonala eta soziala errazteari begira.

c) Prestakuntza ibilbideak eta irteera profesionalak, zeharkako gaitasunen arloko prestakuntza eta proiektu profesionalaren diseinua, enplegu aukerak eta laneratzea errazteko.

d) Unibertsitateko ikasketak eta bizitza osoko prestakuntza jarduerak.

e) Ikasteko bekak eta laguntzak.

f) Unibertsitate barruko eta kanpoko eskubide eta betebeharrei buruzko aholkularitza.

g) Aholkularitza psikologikoa eta osasun gaiei buruzkoa.

h) Ikasleen asoziazionismoa eta parte hartzea.

i) Kultur ekimenak eta jarduerak, gizarte hedakuntzakoak, lankidetzakoak eta gizartearekiko konpromisozkoak.

j) Ostatu zerbitzuei eta kirol zerbitzuei buruzko informazioa, baita ikasleak unibertsitatean integratzera bideratutako beste zerbitzu batzuei buruzkoa ere.

k) Emakumeen eta gizonen arteko tratu berdintasuna.

4. Unibertsitateek ikasleen eta ikasleen elkarteen parte hartzea bultzatuko dute ikasleentzako arreta ataletan kasuan kasuko arautegiek zehaztutakoaren arabera.

5. Unibertsitateek mugitzeko ezgaitasunak eta/edo arazoak dituzten ikasleentzako garraio egokituko zerbitzuak sor eta manten daitezela proposatu eta bultzatuko dute.

6. Unibertsitate bakoitzak ezgaitasunak dituzten unibertsitateko kideen arretarako zerbitzuak sor daitezela bultzatuko du, talde honek eskatzen dituen zerbitzuak ematea ahalbidetuko duen egitura bat sortuz.

7. Espainiako unibertsitateek zaindu egin beharko dute eskura dauden tresna eta formatuek bermatu egingo dutela ezgaitasunen bat duten ikasleek prestakuntza jasotzeko eta informazioa eskuratzeko aukera berdinak izatea.

8. Urrutiko ikasketa eta/edo unibertsitateen web orriak eta baliabide elektronikoak, Informazioaren Gizartearen eta Merkataritza Elektronikoaren Zerbitzuei buruzko Legeak ezarritakoa betez, ezgaitasunen bat duten pertsonek erabiltzeko egokiak izango dira eta bertan dagoen informazioa erraz jaisteko moduan egongo da.

66. artikulua. Ikasleen ostatu zerbitzuak.

1. Unibertsitateek, ahal duten neurrian, beren ikasleentzako ostatua eskainiko dute, gutxieneko duintasun baldintzak beteko dituena, beren estatutuetan zehaztutako baldintzetan. Horretarako, berezko ikastetxe nagusiak edo erakunde publiko zein pribatuekin egindako hitzarmenen bidez atxikitakoak izan ahalko dituzte edo unibertsitateko ikasleentzako bestelako egoitzak.

2. Ostatu zerbitzuak erabili eta kudeatzeko arautegiak bermatu egingo du, betiere, ikasleen eskubide berdintasuna.

3. Horrez gain, unibertsitateak berak sortutako ikastetxe nagusiak eta egoitzak erabiltzeko prozedura publiko, objektibo eta gardenak ezarriko dira. Prozedura horiek aurrerapen nahikoarekin ezagutaraziko dira eta ikasketa eta jakintza adar desberdinetatik datozen ikasleek ostatu hartzea ahalbidetuko dute.

4. Unibertsitateko eskola eta egoitzen instalazioak ezgaitasunak dituzten pertsonak erabiltzeko egokiak izan beharko dira.

5. Unibertsitateak berak sortutako ikastetxe nagusien eta egoitzen zuzendaritza taldeak aukeratzeko prozedurak unibertsitate bakoitzaren estatutuetan zehaztuko dira. Ikastetxe nagusietan eta egoitzetan ostatu hartzen duten ikasleek ere parte hartuko dute talde horietan. Halaber, kasu bakoitzean egoki diren barne erregimeneko arautegien sorrera ere estatutuetan jasoko da.

6. Unibertsitateak berak sortutako ikastetxe nagusiek eta egoitzek, hala ezarriz gero, ostatuari dagozkion berezko jarduerez gain, bertan ostatu hartzen dutenen garapen pertsonala eta integrazioa, eta haien elkarbizitza eta solidaritatea sustatuko duten prestakuntza, gizarte eta kultur jarduerak egin ahalko dituzte.