null

Unibertsitate-enpresa gela berria: Informatika Fakultatea - Sherpa.ai

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/17

Adimen artifiziala indartsu sartu da, eta gero eta presentzia handiagoa du hainbat sektore eta esparrutan: osasunean, industrian, hezkuntzan, energian, etab.
Etorkizuneko erronketarako prest egon behar dugu, eta diziplina horietan trebatutako profesionalak behar ditugu. Hala, UPV/EHUko Informatika Fakultateak Adimen Artifizialeko gradu bat jarri du abian, aitzindaria Estatuan, eta bakarra Euskal Autonomia Erkidegoan. Gradu hau oinarri sendoarekin sortu da: Fakultateko irakasleen irakaskuntza-esperientzia zabala, eta ikertzeko bokazio argia, datuen zientzia eta ingeniaritzaren, hizkuntza naturalaren prozesamenduaren, ordenagailu bidezko ikusmenaren esparrutan, besteak beste, erreferentzia-zentro izatera eraman gaituena.
Unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetzaren garrantziaz jabetuta, Fakultateak harremanak estutu nahi izan ditu erreferentziazko enpresekin, unibertsitatea ezagutza-gune gisa identifikatu eta gure ikasle eta ikasle ohien prestakuntza babesten dutenekin. Kasu honetan, Sherpa gela martxan jartzen dugu, harrotasun handiz! Sherpa.ai, Bilbon eta Silicon Valley egoitza duena, Adimen Artifizialeko zerbitzuen konpainia liderra da. Sherpa.airen produktuen artean, erabiltzailearen testuingurutik ikasten duen eta eskatu aurretik bere beharrei aurrea hartzeko gai den elkarrizketarako Laguntzaile Digitala nabarmentzen da. Google, Amazon, Microsoft eta IBM enpresekin batera, adimen artifizialeko 10 enpresa garrantzitsuenetakotzat jo dute Sherpa.ai. 2019an Tom Gruber Siri-ko sortzailea eta teknologia buru ohia sartu zen taldean, eta 2020an Joanna Hoffman marketin exekutiboa gehitu zen, Applen Marketin zuzendaria izan zena. Sherpa.airen Adimen artifizialaren teknologia hainbat produktutan integratzeko diseinatuta dago, hala nola automobiletan, entzungailu adimendunetan, etxeko bozgorailuetan edo etxetresna elektrikoetan. Sherpa.aik akordioak ditu Porsche eta Samsung konpainiekin, besteak beste.