Informatika Ingeniaritzako Gradua (IIG)

Gradua

Informatika Fakultateak Informatika Ingeniaritzako Gradua eskaintzen dizu. Gradu berriak aurreko ingeniaritzako eta ingeniaritza teknikoko titulazioak ordezkatu ditu dagoeneko, Europako irakaskuntza-eredu berria eta nazioarteko hainbat erakunderen proposamenak (IEEE eta ACM) kontuan hartuta. Helburu bikoitza lortu nahi da: batetik, kalitatezko oinarrizko prestakuntza eskaintzea, eta, bestetik, prestakuntza hori arlo berezietara egokitzea, gure inguruko beharrei –enpresetako eta unibertsitateko I+G jarduerei, proiektu informatikoen kudeaketari, Administrazioaren beharrei, teknologia berrien eboluzio azkarrari, irakaskuntzari... – erantzun egokiena eman ahal izateko.
Gure webgunean, liburuxka honetan (pdf) eta triptiko honetan (pdf), graduaren eta fakultatearen informazio zehatza duzu. Informazio gehiago behar baduzu, bidali iezaguzu posta-mezu bat.

• Zuretzat eginiko Gradu bat

Informatika Ingeniaritzako Gradua egokia da informatikan eta haren aplikazioetan interesa duen edozein ikaslerentzat. Zientzian, teknologian eta gizartean eragin sakona duen arloa da, eta honako ezaugarri hauek lagungarriak dira beti edozein ingeniaritzatan:

  • Matematikazko oinarri sendoa, eta abstrakziorako eta dedukzio logikorako ahalmena; aukeran, fisikaren (elektrizitatearen eta elektronikaren) oinarrizko ezagutza ere lagungarria izan daiteke.
  • Teknologiak eta zientziak sortzen dituzten erronkei aurre egiteko gustua eta nahia.
  • Irudimena, arazo konplexuei irtenbide berritzaileak bilatzeko.
  • Taldean lan egiteko gaitasuna.

• Informatika emakumeen kontua da!

  • Ba al dakizu…    unibertsitatean eta enpresetako I+G arloan, harremanetarako gaitasunak dituzten informatikariak behar direla, taldetan lan egiteko gauza direnak, eta inolaz ez gizartekoiak ez diren pertsonak?

  • Ba al dakizu…   informatika-ingeniaritzan aritzeko dedikazioa, buru-argitasuna, abstrakziorako ahalmena eta berritzeko eta "olatuaren gainean" egoteko gogoa behar dela, eta ez ordea, orduak eta orduak jokoetan edo "chat-eatzen" ibiltzea?
  • Ba al dakizu…    profesio honek aukera emango dizula eduki eta eragin sozialeko aplikazioak garatzeko, problema oso konplexuak ebazteko, ikerketako eta garapeneko arlo berritzaileenetan diziplina anitzeko taldetan aritzeko, zientzian, teknologian, osasun-arloan, aisialdian eta abar? 
    Oso profesio egokia zu bezalako emakume batentzat, matematikan eta zientzietan gustura aritzen dena.
  • Ba al dakizu…   informatikaren hasieran, orain dela 60-70 urte edo, emakume askok parte hartu zuela?
  • Ba al dakizu…   Fakultateko irakasle eta ikerlarien % 40a baino gehiago emakumeak direla, eta sailak, ikerketa taldeak, Masterrak eta abar zuzentzen dituztela?

Tradizio horri jarraitzeko prest? Animatu nahi zaitugu abentura honetan parte hartzeko, zure aldetik asko emateko duzun abentura batean. Ez izan zalantzarik!

[ hasiera ]