2019/07/05 - BILBAO BIZKAIA UR PARTZUERGOA, BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAN BERRIKUNTZA SUSTATZEKO IKASGELA DUTEN BEDERATZI SEKTOREEI GEHITU ZAIE

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/05

• Kepa Odriozola presidenteak eta Enrique Amezua Eskolako zuzendariak URAREN IKASGELA CABB/BBUP sortzeko akordioa sinatu dute gaur goizean

• EHU/UPVren eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren artean sinatutako hitzarmenak, uraren kudeaketarako teknologia aurreratuetan ikerketa bikaineko zentro bateratua osatzea aurreikusten du

Bilbo, 2019ko uztailak 5. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Bilboko Ingeniaritza Eskolak hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Hitzarmen horren bitartez, Bizkaiko biztanleen %90 baino gehiagoren ur hornidura eta hondakin uren saneamendu zerbitzuen sare primarioaren kudeaketaz arduratzen den erakundea, Eskolako hamargarren Enpresa Ikasgelaren babesle bilakatuko da. Bi aldeentzat eraginkorra eta mesedegarria dela erakutsi duen tresna da, ikasleen prestakuntzarako eta I+G+Baren sustapenerako, inplikatutako jardueraren sektoreetan.

Uraren Ikasgelaren helburu nagusia, biztanleentzat lehen mailako beharra den elementuaren kudeaketaren alorrean hezkuntza, prestakuntza, ikerketa, garapena eta berrikuntza zientifikoa eta teknologikoa indartzeari laguntzea izango da.

Teknologia aurreratuetan ikerketa bikaina gauzatzeko zentro bateratua

Hitzarmena, EHU/UPVren eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren artean sinatutako Lankidetzarako Esparru Hitzarmenaren barruan dago. Bertan, uraren kudeaketarako teknologia aurreratuetan ikerketa bikaina gauzatzeko zentro bateratua aurreikusten da, eta baita alor horretako planta pilotuak ere, Euskadin sektore horretan aritzen diren enpresek eta eragile teknologikoek garatutakoak. Ingeniaritza Eskola, EHU/UPVko zentro gisa, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide da, ikerketa aplikatua eta kontzertatua egiten du enpresetan hainbat esparrutan eta teknologiaren eta ezagutzaren transferentzia zentro gisa aritzen da.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari dagokionez, bere helburu estrategikoen artean, uraren zikloaren ezagutza, berrikuntza eta kudeaketa alorreko erreferente izatea dago, teknologia aurreratuenen jarraipenaren eta aplikazioaren bitartez, talentua eta berrikuntzarako gaitasuna sustatuz.

Uraren Ikasgela CABB/BBUPn aurrera eraman beharreko jarduerak:
• Zientzia ikerketarako eta garapen teknologikorako programak eta proiektuak.
• Ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza jardunaldiak.
• Irakasleen, adituen eta profesionalen trukaketa, ikastaroetarako, mintegietarako eta graduosteko programetarako.
• Bi aldeen instalazioak erabiltzea, azterlanak, maketak, prototipoak eta lan esperimentalak edo ikerketakoak egiteko.
• Ikerketa zientifikoko eta teknikoko azterketa bateratuak.
• Doktoretza tesiak eta master amaierako eta gradu amaierako lanak.

Uraren Ikasgela CABB/BBUP 2019-2020 datorren ikasturtean jarriko da martxan, eta Jarraipen Batzorde batek zuzenduko du. Ikasgelako Zuzendaritzak hari emango dio emaitzen berri. Horrez gain, Zuzendaritza Teknikoak lotura izango du proiektu arduradunekin, lan taldeekin eta ikerketa taldeekin.

Ingeniaritza Eskolako ikasgelak, 18 urteko ibilbidea
Bilboko Ingeniaritza Eskolako Enpresa Ikasgelak, enpresek sortu eta finantzatu dituzten prestakuntza ekimen teoriko-praktikoak dira, euren I+G+B jarduerak bultzatzeko. Bi aldeen arteko lankidetzarako tresna eraginkorra dira, ikerketarekin, garapen teknologikoarekin eta berrikuntzarekin erlazionatutako jardueretan eta prestakuntzari buruzko guztian.

Uraren Ikasgela CABB/BBUP, Bilboko Ingeniaritza Eskolak dituen beste bederatziei gehitzen zaie: Velatia-Ormazabal, Tecnalia, ZIV, Nortegas, Aula EspaZio, Aeronautikoa, ZITEK Bilbao, ZITEK Portugalete Enpresa Haztegia eta Makina-Erreminta.

Informazio gehiago:
Bilboko Ingeniaritza Eskola: Itziar Villamandos –
VILLAMANDOS COMUNICACIÓN, S.L.
PRENTSA BULEGOA / 657 796 583 / villamandos@lvcomunicacion.com