Albisteak

BILBO INGENIARITZA BIOMEDIKOAREN NAZIOKO KONGRESU GARRANTZITSUENAREN EGOITZA IZANGO DA LEHEN ALDIZ

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/28

  • Bilboko Ingeniaritza Eskolak eta Sociedad Española de Ingeniería Biomédica izenekoak, CASEIBen 35. edizioa antolatuko dute azaroaren 29tik abenduaren 1era, puntako sektore horretako adituen, ikerlarien eta ekintzaileen hitzordu nagusia (Bizkaia Aretoa, Azaroak 29– Abenduak 1)

 

  • “Medikuntzaren eta Ingeniaritzaren artean sareak josten” da osasun arloko tratamenduetako eta esku-hartzeetako aurrerapen teknologiko nagusiak aurkeztuko dituen topaketaren goiburu iradokitzailea

 

  • Adituen hitzaldiez gain, Kongresuak Ekintzaileen Foro bat eta ikerlari gazteentzako zenbait sariren banaketa ere jasoko du

 

+ info: http://caseib17.es/

 

Bilbo, 2017ko azaroaren 28a.- Bilbo Ingeniaritza Biomedikoko Kongresu nagusiaren (CASEIB) egoitza izango da lehen aldiz. Bizkaia Aretoan, UPV/EHUk Abandoibarran duen eraikinean, azaroaren 29tik abenduaren 1era. Bilboko Ingeniaritza Eskolak eta Sociedad Española de Ingeniería Biomédica izenekoak antolatuta, puntako sektore bateko, ingeniaritza biomedikoko, adituen, ikerlarien eta ekintzaileen hitzordu nagusia da. Duela denbora gutxi sortu den diziplina horrek ingeniaritzaren hainbat adar aplikatzen ditu, Bizitzako zientziak izenekoen arazoak bideratzeko: medikuntza, biologia, bioteknologia eta farmazia.

 

Bizkaiko hiriburuan bere XXXV. edizioa izango duen urteroko kongresuak, biomedikuntzako aditu nagusien hitzaldiak eta mahai inguruak jasoko ditu. Aurrerapen teknologiko garrantzitsuak aurkeztu eta sektorearen erronkak aztertuko dituzte. “Medikuntzaren eta Ingeniaritzaren artean sareak josten” goiburu iradokitzailearekin, hiru egunez osasun arloko tratamenduetako eta esku-hartzeetako aurrerapen teknologiko nagusiak aurkeztuko dira.

Ingeniaritzako beste adar batzuek ez bezala, Ingeniaritza Biomedikoa biomedikuntza arloko teknika eta produktu berrien ikerketara eta garapenera dago zuzenduta. “Kongresu hau definitzen duena diziplina anitzeko izaera da, eta bertan unibertsitateek, osasun zentroek eta teknologia zentroek, ingeniaritza medikuntzara aplikatzeko orduan aurrera eramaten ari diren lan berritzaileenak aurkeztuko dituzte”, azpimarratu du Elisabete Aramendi Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta CASEIB 2017 kongresuaren Antolakuntza Batzordeko presidenteak.

 

Bilboko Ingeniaritza Eskolak lehen aldiz antolatu du kongresu zientifiko hau. Antolakuntzan bertako sei ikerketa talde inplikatu dira: BIORES (Research Group in Bioengineering and Resuscitation), ADM (Grupo de Análisis y Diseño Mecánico), Grupo de Control e Integración de Sistemas, Group in Science and Egineering of Polymeric Biomaterials, COMPMECH (Computational Mechanic Research Group) eta Grupo de Investigación de Control Inteligente.

 

 

 

Egitarau zabalarekin, CASEIB kongresuak Ingeniaritza Biomedikoaren hainbat arlo landuko ditu, Telemedikuntza, Biomaterialak, Robotika edo Biofotonika, besteak beste. Kongresuan egingo diren aurkezpenen artean gai berritzaileak egongo dira: 3D inprimaketa osasun sisteman, benetako iraultza; hipertentsioaren jarraipenerako mugikorretarako APP bat; umeen loan apnearen sindromearen diagnostikoan laguntzeko tresna berriak; edo konektibitate neuronal dinamikoaren azterketa Alzheimer gaixotasunean, besteak beste.

 

Ekintzaileen foroa

Azterlan horien aurkezpenez gain, Kongresuak Informazio Klinikoko Teknologia eta Sistema Ekintzaileen II. Foroa ere jasoko du, inbertitzaile pribatuen, enpresen eta ekintzaileen arteko topalekua. Federación Española de Empresas de Tecnología Sanitaria izenekoak bultzatzen du foroa, eta bere xede nagusia, alde batetik esperientzia eta sektorearen ezagutza, eta bestetik proiektu berritzaileetarako kapitala, mahai gainean jar dezaketen industria eta ekonomia arloetako bazkideak lortzea da.

 

Kongresuaren azken egunean, ostiralean, abenduaren 1ean, egingo den Ekintzaileen II. Foroan, Kongresuak Informazio Klinikoko Teknologia eta Sistema sektoreko ekintzaileek eta ikerlariek euren ideia edo proiektua aurkezteko aukera izango dute, eta horiei buruz hitz egin ahal izango dute kide sustatzaile izan daitezkeenekin.

GIB ikasleen lehiaketa

Azpimarratzekoa da Kongresuak ikasleei, etorkizuneko ingeniariei, zuzendutako parte bat ere baduela. Horrela, emaitza garrantzitsua lortu duen lana egin duten eta lan horietan lehen egile gisa agertzen diren Ingeniaritza Biomedikoko Graduetako (IBG-GIB) ikasleei zuzendutako lehiaketa ere jasoko du. Guztira, 14 neska eta 3 mutil izango dira lehiaketa hori irabazteko hautagaiak, ostegunean, azaroaren 30ean, 15:00etatik 17:30era, Baroja aretoan. Bertan euren lanak ahoz defendatu beharko dituzte.

Sariak

Horrez gain, CASEIB 2017 barruan, Master eta Doktoretza ikasleei zuzendutako José María Ferrero Corral saria banatuko da. Sari hori, lanaren kalitatea eta azalpena kontuan izanda banatuko da. Aukeratutako sei ikasleek azaroaren 30ean, eguerdiko 12:30etik 14:30era, aurkeztu beharko dute euren lana, Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan. Epaimahaiak hiru hoberenak aukeratuko ditu, eta 600 €, 400 € eta 200 €-ko sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren.

 

Informazio gehiago: L&V COMUNICACIÓN – Itziar Villamandos

KOMUNIKAZIO AHOLKULARITZA ETA BILBOKO INGENIERITZA ESKOLAKO PRENTSA BULEGOA

Tel.: 94 416 08 00 / 657 796 583 villamandos@lvcomunicacion.com