Albisteak

2019 09 - 4.0 Grinding teknologiari buruzko prestakuntza etorkizunari begira, Basque Digital Innovation Hub (BDIH) sarearen esparruan

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/13

IK4-Ideko zentro teknologikoak eta UPV/EHUk 4.0 Grinding 2. mintegia egin zuten iragan irailaren 4an, 5ean eta 6an Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Unibertsitateko graduko nahiz graduondoko ikasleei zuzendutako adituentzako ikastaroa da. Mintegian, ikasleek arazo errealei aurre egin behar izan diete. Horretarako, oinarri teorikoak eta makina industrialetan (zehazki, BDHIren katalogoan dauden aktiboetan) egiten diren praktikak konbinatu dira, modu orekatuan. Íñigo Pombo irakasleak –UPV/EHUko Digital Grinding Innovation Hub (DGIH) sareko arduraduna– nabarmendu ditu «ikasleen interesa eta motibazioa, bai eta iragan ikastaroan egindako lanen kalitate handia ere». Azpimarragarria da, halaber, emakumeen presentzia, izan ere, «emakumeak izan dira ikastaroko parte hartzaileen % 40, hain zuzen ere, Ingeniaritza Mekanikoko Graduko 4. maila egiten ari diren ikasleak». David Barrenetxea doktorearen esanetan –IK4-Ideko zentro teknologikoko ikertzailea berau, ibilbide luzea duena enpresaren zerbitzuko ikerketan, eta irakasle gisa jardun dena mintegian–, «ikastaro honetan, etorkizunean enpresan edukiko dituzten egiazko makina eta instrumentazioa erabili ahal izango dute ikasleek, eta horrek mailarik gorenean jarduteko gaitzen ditu».

Basque Digital Innovation Hub (BDIH) sarearen partaide da DGIH; Basque Digital Innovation Hub (BDIH) ekimena fabrikazio aurreratuko RIS3 Espezializazio Adimenduneko Euskal Estrategiaren barruan dago kokatua (Basque Industry 4.0), eta helburutzat du enpresa ehunari laguntzea berrikuntza digitalen esperimentazioan. Ekimen horren helburua da enpresa industrialei –bereziki ETEei– behar dituzten gaitasun teknologikoak ematea, 4.0 Industriaren erronkei aurre egin ahal izateko. Digital Grinding Innovation Hub sareaz gain, zeina Makina Adimendun eta Konektatuen nodoarena baita, BDIHren nodoek barnean hartzen dituzte fabrikazio gehigarria, zibersegurtasuna, robotika malgu eta kolaboratiboa, material aurreratuak eta data driven solutions direlakoak.

4.0 Grinding 1. mintegiaren arrakastaren ostean, eta DGHIren jarduera esparruan, beste katebegi bat da bigarren edizio hau, prestakuntzaren, ikerkuntzaren eta gure enpresetarako transferentziaren katean. Prestakuntza amaitutakoan, eskuratutako ezagutzak praktikan jartzeko aukera izango dute ikasleek: euskal enpresekin elkarlanean egingo dituzte beren gradu amaierako lanak. Hainbat alderdi aztertuko dira, hala nola 4.0 Industria estrategiarentzako sentsorizazioa, analitika eta datuen tratamendua edota biki digitalen (Digital Twins) garapena, eta azterlan horien emaitzak gure enpresetara transferitu.