Prentsa oharrak

20190522 - BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAK BESTE EUR-ACE ZIGILU BI LORTU DITU, NAZIOARTEKO AKREDITAZIO OSPETSUENA

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/23

• Industria Teknologia eta Telekomunikazio Ingeniaritzako masterrak, iaz akreditazio bera lortu zuen Itsasketa graduari gehitzen zaizkio

• Akreditazio horiek, Goi Hezkuntzako Europako Espazioan aurreikusten diren kalitate, garrantzi, gardentasun, aintzatespen eta mugikortasun estandar gorenak betetzen dituzten titulazioei baino ez zaizkie ematen

Bilbo, 2019ko maiatzaren 22a. Bilboko Ingeniaritza Eskolak bere bigarren eta hirugarren EUR-ACE zigiluak lortu ditu, ingeniaritza arloko Europako akreditazio ospetsuena. Iaz Itsasketa Graduak, EHU/UPVko lehenengoak, lortu zuen zigiluari, Industria Ingeniaritza eta Telekomunikazio Ingeniaritza masterrei emandakoak gehitzen zaizkio orain, euskal unibertsitate publikoak lortu dituen bigarrena eta hirugarrena. Akreditazio horiek, Goi Hezkuntzako Europako Espazioan aurreikusten diren kalitate, garrantzi, gardentasun, aintzatespen eta mugikortasun estandar gorenak betetzen dituzten titulazioei baino ez zaizkie ematen, eta, enpresen artean horrek duen aintzatespen handiari esker, abantaila lehiakorra da, bai ikasleentzat eta baita Eskolarentzat ere, talentua erakartzeko erakarpena irabazten baitu.

EUR-ACE zigilua European Network for the Accreditation of Engineering Education (ENAEE) izenekoak baimendutako agentzia batek ematen du 2006tik, eta Espainiako kasuan ANECA (Agencia Nacional de Evaluación de la Calidad y Acreditación) da, Instituto de Ingeniería de España (IIE) izenekoarekin lankidetzan. Zigilua lortzeak titulu akademiko batek nazioartean ezarritako irizpideak betetzen dituela abalatzen du, goi mailako hezkuntzaren kalitatea ziurtatzeari dagokionez, fidagarritasuna eskainiz ikasleei eta enplegu emaile potentzialei (berdin da herrialde batekoa edo bestekoa izan), ezagutza espezializatuetara eta trebezia praktiko berritzaileenetara sarbidea bermatuz, bakoitzaren jarduera eremuetan.

Eskolarentzat bereziki hunkigarria da zigilu hau Industria Ingeniaritza masterrerako lortu izana, izan ere, duela 120 urte baino gehiago ikastetxea sortu zuen titulazioaren Goi Hezkuntzako Europako Espaziorako egokitzapena da. Gaur egun, Eskola harro egon daiteke, nazioartean ospe handia daukan eta gure ekonomiaren motor nagusietakoa izaten jarraitzen duen sektorearen, industriaren, bilakaeran eta koalifikazioan bete duen leku garrantzitsuarengatik. Masterra oso garrantzitsua da (eta eskari gehien duenetako bat), industrian erabiltzen diren teknologia guztien ikuspegi orokorra ematen duen bakarra delako, mekanika, materialak, kimika, elektrizitatea, elektronika, automatika, diseinu eta termodinamika, industria antolakuntza… alorretako ikasketak lantzen baititu. Hau da, soslai anitza duten profesionalak prestatzen ditu, eta gaur egun funtsezkoa den beste gauza bat, moldakorrak.

Telekomunikazio Ingeniaritza masterrari dagokionez, garrantzia irabazten ari da, 4.0 industria hurrengo industria iraultzaren arduradun gisa finkatzen den heinean. Izan ere, enpresa gehiagok ikasleak eskatzen dituzten titulazioetako bat da, eta ikasketak amaitu aurretik, sarritan. Titulazio horrek hiru espezialitate ditu Bilboko Ingeniaritza Eskolan: Telekomunikazio Sistemak, Telematika eta Sistema elektronikoak.

Informazio gehiago: VILLAMANDOS COMUNICACIÓN – Itziar Villamandos
KOMUNIKAZIO AHOLKULARITZA ETA BILBOKO INGENIERITZA ESKOLAKO PRENTSA BULEGOA
Tel.: 657 796 583 villamandos@lvcomunicacion.com