Prentsa oharrak

null

2019 11 07 - INGENIARITZA ESKOLAKO FORMULA STUDENT BIZKAIA MONOPLAZA BILBOKO KALEETATIK IBILIKO DA LARUNBAT HONETAN

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/07

Bilboko kale nagusietatik ibiliko da 12:00etatik aurrera, Udaltzaingoak lagunduta, Formula Student Bizkaiak, EHU/UPVko Zientziaren Astearen barruan antolatzen duen ‘Driving Bilbao’ ekitaldiaren beste edizio batean

 12:30etik 14:00etara, ibilgailua Kale Nagusian (Foru Jauregia) egongo da, eta jende guztiak, oso-osorik ikasleek diseinatu eta eraiki duten automobilaren xehetasun guztiak ezagutu ahal izango ditu

 FSB2019 ibilgailua lehenengo hamarren artean sailkatu da aurten Silverstonen eta Montmelón egin diren Formula Student txapelketetan, mundu osoko unibertsitateetako 80 talde baino gehiagoren aurrean

Larunbata, azaroak 9, IBILBIDEA (12:00): Bizkaia Aretoa, Plaza Pío X, Plaza Euskadi, Plaza Moyúa, Plaza Sagrado Corazón, Plaza Circular y Diputación Foral de Bizkaia

BIDEOA: PROMO DRIVING BILBAO FSB2019:https://youtu.be/6AdePRskwYE

BIDEOA: FSB2019:https://youtu.be/5CS4ZL_-cE4

BIDEOA: FSB2019 COMPETICIONES: https://youtu.be/5zG4w9r_AWs

Bilbo, 2019ko azaroaren 7a. Egunero ez dugu Silverstoneeko txapeldun batekin asfaltoa konpartitzeko aukerarik izaten, ezta hiriko kale nagusietatik lasterketako monoplaza batek lasai asko zelan zirkulatzen duen ikusteko aukerarik ere. Larunbat eguerdi honetan izango dugu horretarako aukera. EHU/UPVko Zientziaren Astea dela eta, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia taldeak ‘Driving Bilbao’ antolatu du berriro ere. Ekitaldi horretan, bilbotarrek zehaztasun osoz ezagutu ahal izango dute oso-osorik ikasleek diseinatu eta eraiki duten eta nazioarteko zirkuituetan mundu osoko monoplazekin lehiatzen den automobila.

‘Driving Bilbao’ 12:00etan hasiko da, Bizkaia Aretotik, EHU/UPVk Abandoibarran duen eraikinetik irtenda. Bertatik, Formula Student Bizkaia taldeko kide batek gidatuta eta Udaltzaingoak lagunduta, Ramón Rubial kaletik Euskadi plazara doan ibilbidea egingo du. Han Deustuko zubia hartuko du, Pio X plazaraino, Euskadi plazara itzuli eta Elkanotik Moyuara joan ondoren. Amaitzeko, Kale Nagusia hartuko du, Bihotz Sakratuaren plazaraino, buelta osoa eman eta plaza Biribilera heltzeko. Bertatik Foru Aldundiaren eraikinera itzuliko da, 12:30ean.

Bertan, Foru Jauregiaren aurrean, monoplaza ikusgai egongo da 14:00ak arte, hurbiltzen den jende guztiak ibilgailuaren diseinuaz, eraikuntzaz eta berrikuntza guztiez arduratzen diren ikasleen eskutik ezagutu dezan. Aurtengo modeloak 200.000 euroko aurrekontua du, eta hobekuntza teknologikoak sartu ditu balaztatzearen energia berreskuratzeko sisteman, txasisaren diseinuan eta aerodinamikan, suspentsioan eta bateria pack-ean, tamaina eta pisu txikiagokoak jarriz, trinkoagoak izan daitezen. Emaitza, 210 kilo, metro eta erdi zabal eta hiru metro luze dituen monoplaza da, 0tik 100 kilometro ordura hiru segundotan heltzen dena, potentzia osoa erabiliz 22 kilometroko autonomia duena (110CV), eta 110 kilometro orduko abiadura lor dezakeena.

Formula Student Bizkaia taldeak sailkapen orokor konbinatuaren 'top ten' izenekoaren barruan sartzea lortu du uda honetan, Silverstoneko (munduko 81 unibertsitateren aurrean) eta Montmeloko (86 talderen kontra) zirkuituetan egin den Formula Student txapelketan. Sailkapen orokorrean lortutako emaitza bikainaz gain, kostu eta fabrikazio jasangarri, diseinu, energia eraginkortasun, erresistentzia eta negozio eredu kategorietan ere nabarmendu da.

Informazio gehiago: VILLAMANDOS COMUNICACIÓN – Itziar Villamandos
KOMUNIKAZIO AHOLKULARITZA ETA BILBOKO INGENIERITZA ESKOLAKO PRENTSA BULEGOA
Tel.: 657 796 583 villamandos@lvcomunicacion.com