Prentsa oharrak

BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAKO FORMULA STUDENT TALDEAK BUSINESS CASE PROBAKO LEHENENGO POSTUA BERRETSI DU SILVERSTONEN, ETA POSTU HORI BI URTEZ JARRAIAN LORTU DUEN TALDE BAKARRA BILAKATU DA

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/19

* Mundu mailako unibertsitate lehiaketa horren historian talde batek prototipoaren merkataritza proiekzioa neurtzen duen testa bi urtez jarraian irabazten duen lehen aldia da. Horrez gain, FSB2018 monoplaza 10 lehenen artean sailkatu da beste lau kategoriatan

* Formula Student Bizkaiak hirugarren postua lortu du kostu eta jasangarritasun proban, parte hartu duten unibertsitateko 118 taldeen artean

Bilbon, 2018ko uztailaren 17an.- Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia taldeak iazko emaitza bikainak berretsi ditu joan den asteburuan Silverstonen, 24 herrialdetako 118 unibertsitatek parte hartu duten lehiaketa honetako lehen postu bat, hirugarren bat eta beste hiru top-ten lortuz. Unibertsitate mailako ingeniaritzan hamar urte baino gehiago lehiatu ondoren, Business Case kategorian bi urtez jarraian irabazi duen lehenengo taldea izan da.

Monoplaza lehiakorra diseinatzeaz eta eraikitzeaz gain, unibertsitateetako taldeek ibilgailuaren merkataritza proiekzioa erakutsi behar dute, hau da, eraikitzeko interesa duten inbertitzaile potentzialei prototipoa “saltzeko” gaitasuna. Eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldea izan da garailea aurten, 2017ko edizioan egin zuen bezala. Horri, 2013an lortutako garaipena gehitu behar zaio. Hori dela eta, Formula Student Bizkaia kategoria horretan garaipen gehien lortu duen taldea da.

Business Case kategorian lehen postua berriro irabazteaz gain, asteburu honetan Ingalaterran dagoen Silverstoneko zirkuituan neurtu diren 120 prototipo inguruen artean monoplazaren Kostu eta Jasangarritasun parametroak ebaluatzen dituen proban lortutako hirugarren postua azpimarratu behar da. Horrez gain, Eskolako ikasleek oso osorik diseinatutako eta eraikitako ibilgailu elektrikoa munduko zortzigarrena izan da Diseinu eta Azelerazio kategoriatan. Eta hamargarren postua lortu du automobilak, hezetasun baldintzetan pistan maniobrak derrapatu barik egiteko duen gaitasuna erakutsi behar duen Skid-pad lehiaketan.

Formula Student Bizkaia taldea Eskolako 45 ikaslek eta lau irakaslek osatzen dute aurten, eta bere generoan mundu osoko unibertsitate proba ospetsuenean UPV/EHU ordezkatuz parte hartu duen monoplaza, karbono zuntzeko kasko bakarreko txasisa duen auto elektrikoa da, 2 metro luze, 1,5 metro zabal eta 1,2 altu, 230 kiloko pisuarekin. Bere binakako motorrak 80 kilowatteko potentzia du, hau da, 110 zaldiren baliokidea, eta puntako abiaduran 110 kilometro ordura heltzen da, azelerazioa 0tik 100era hiru segundotan lortzen duelarik. Bere bateriek 22 kilometrotako autonomia eskaintzen dute potentzia gorenean.

Abuztuan, Bartzelonako Zirkuitura
Asteburu honetan Britainia Handiko zirkuitutik igaro ostean, Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldeak Bartzelonara bidaiatuko du, abuztuaren 23tik 26ra zortzigarren aldiz lehiatzeko Formula Student Spain proban. Montmelon, helburua estatu mailako talderik onena lortzea da, sailkapen orokorrean lehenengo laurdenean ere geratzeaz gain. 2014, 2015 eta 2016an estatu mailako lehenengo taldearen saria jaso zuten, eta ibilgailurik efizienteenarena Montmeloko lehiaketan.

Autoa diseinatu eta egiteko 200.000 euroko aurrekontua izan dute eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundia, AIC-Automotive Intelligence Center, Bilboko Udala, Sener, Batz, Aludium, Alunid, Ingemat, Inarak, Irizar, Danobat eta Ingeniaritza Eskola bera izan dira babesle nagusiak, baita 50 enpresa laguntzaile eta hemengo 15 lanbide eskola ere.

Informazio gehiago:
L&V COMUNICACIÓN –Itziar Villamandos
BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAREN PRENTSA KABINETEA

Tel. 94 416 08 00 - Faxa: 94 479 38 97 - Mugikorra: 657796583
villamandos@lvcomunicacion.com