Prentsa oharrak

2019/07/04 - BILBOK ICEE21C 2019, XXI. MENDERAKO INGENIARITZA ARLOKO HEZKUNTZARI BURUZKO NAZIOARTEKO BIGARREN KONFERENTZIA, JASOKO DU

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/04

• Uztailaren 4an eta 5ean, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, curriculum akademikoan Gizarte Erantzukizun eta Jasangarritasun kontzeptuak aplikatzera zuzenduta

• Ekitaldiak, Ikasketa-Zerbitzua (IkZ-ApS) kontzeptuari buruzko topaketa jasotzen du, ikastetxeetan jasotako ezagutza komunitatearen arazoak ebazteko aplikatzen duen metodologia

Bilbo, 2019ko uztailak 3. Bilbok ICEE21Cren, XXI. Menderako Ingeniaritza arloko Hezkuntzari buruzko Nazioarteko Konferentziaren, bigarren edizioa jasoko du. EHU/UPVk eta Castellóko Jaume I Unibertsitateak antolatutako ekitaldia Bilboko Ingeniaritza Eskolan egingo da, eta curriculum akademikoan Gizarte Erantzukizun eta Jasangarritasun kontzeptuak aplikatzera dago zuzenduta. Konferentzia streaming-ez emango da http://ehutb.ehu.es/canal1 helbidean.

Nazioarteko konferentzia honen filosofia, hezkuntza –eta are gehiago ingeniaritza ikasketekin zerikusia duena– alderdi anitz dituen fenomeno konplexua bilakatu dela uste izatean oinarritzen da. Hori dela eta, ezinbestekoak dira profesionalen, hezitzaileen eta industriako ordezkarien beharrei, erronkei eta esku-hartzeei buruzko etengabeko komunikazioa eta gogoeta.

Konferentzia gaikako sei bloketan egituratzen da: jasangarritasunerako hezkuntzari begiratzen dion lidergo instituzionala; ikasketa-zerbitzua eta gizarte konpromisoa ingeniaritzan; ingeniaritza eta garapenerako lankidetza; ingurumen arloko jasangarritasuna; gizarte erantzukizun korporatiboa eta enpresa erantzukizuna; eta ingeniaritza eta genero aniztasuna.

IkZ-ApS (Ikasketa-Zerbitzua) kontzeptu berriari buruzko topaketa
Konferentziaren barruan, eta gaikako blokeen arteko bigarrenari dagokionez –Ikz-ApS (Ikasketa-Zerbitzua) kontzeptu berriari buruzkoa– arlo horretako hainbat adituk parte hartuko duten topaketa egingo da.

IkZ-ApS, ikastetxeetan jasotako ezagutza komunitatearen arazoak ebazteko aplikatzen duen metodologia da. Trukaketa horrek bi onura ditu: alde batetik, ikasleek indarrean jartzen dituzte ikasgelatan jasotako ezagutzak eta gizarte arloko edukia ematen diete; gizarteari dagokionez, bizitza kalitatea hobetzen eta inklusioa bultzatzen duen zerbitzua jasotzen du.

Bilboko topaketan hauek egongo dira: Guillermo Mañanes eta Leonor Seguer, Udalaren eta zortzi unibertsitate publikoren arteko lankidetza bultzatzeko proiektuaren buru izan diren Madrilgo Udaleko teknikariak; Jared Shoepf Arizonako estatuko unibertsitateko ingeniaritza eskolako irakasle eta bere unibertsitateko IkZ-ApS eta Gizarte Konpromiso programako zuzendaritza taldeko kidea; eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Meategi eskolako Ana García eta Domingo Alfonso Martín.

Bertan egongo dira, baita ere, Euskadin Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioa sustatzen duen Zerbikas Fundazioko ordezkariak; EHU/UPVko Berrikuntza, Gizarte Konpromiso eta Kultur Ekintza Errektoreordea; Donostiako Udala; Bilbao-Metropoli 30; Bilboko, Gipuzkoako eta Gasteizko Ingeniaritza Eskolak; eta Arkitektura Goi Eskola Teknikoa.

Informazio gehiago:
Bilboko Ingeniaritza Eskola: Itziar Villamandos – VILLAMANDOS COMUNICACIÓN, S.L.
Prentsa Bulegoa / 657 796 583 / villamandos@lvcomunicacion.com