Prentsa oharrak

BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAKO IKASLEEK ETA IRAKASLEEK, IKASTETXEAK PRESTAKUNTZARAKO ETA ENPLEGAGARRITASUNERAKO ESKAINTZEN DITUEN AUKERAK ERAKUTSIKO DIZKIETE 600 GAZTERI

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/27

-Gaur, asteazkenean, martxoaren 27an, eta bihar, ostegunean, 28an, Eskolak ate irekiko bi jardunaldi antolatu ditu, ingeniaritza ikasketak egiteko interesa erakutsi duten ikasleei zuzenduta

-600 gaztek, iaz baino %10 gehiagok, bokazio teknologikoa duten ikasleentzat Eskolak duen erakarpena erakusten dute

-Eskolako ikasleek eurek, irakasleekin batera, hainbat arlotan, industrian, komunikazioan, energian, garraioan, medikuntzan edo aisian, aurrera eraman dituzten proiektuetako batzuk erakutsiko dituzte “standetan”

Bilbo, 2019ko martxoaren 27a. Bilboko Ingeniaritza Eskolak ateak irekiko ditu berriro, bertako prestakuntza eta ikerketa eskaintza unibertsitate aurreko ikasleei erakusteko. Aurten 600 gazte hartuko dituzte. Gazte horiek, iaz baino %10 gehiagok, ikasgelak, laborategiak eta tailerrak ezagutu ahal izango dituzte, eskolan ematen den gradu eta master bakoitzari buruzko informazio onena eman dezaketenen eskutik: irakasleak, eta euren talentua gure ekonomiako puntako enpresei eskaintzeko egunero prestatzen diren ikasleak. Jardunaldiak gaur asteazkenean, arratsaldez (15:30etik 18:00etara) eta bihar ostegunean, martxoaren 28an, egun osoan, 10:30etik 13:00etara eta 15:30etik 18:00etara, egingo dira.

Guztiek ere euren lan onena erakutsi gura izango dute. Hori dela eta, eskola, bi egun hauetan, azoka txiki bilakatuko da, ikasleek gauzatutako proiektuak jasotzen dituzten “standekin”, hainbat arlotan, industrian, komunikazioan, energian, garraioan, medikuntzan edo baita aisian ere, Ingeniaritzak gure eguneroko jarduna hobetzeko dituen ekarpen berritzaileenetako batzuk gazteenei erakutsiz.

Haizearen tunelak, espazioko koheteak, nabigazio simulagailuak…

Horrela, adibidez, unibertsitate aurreko ikasleak tailerretara eta laborategietara joan ahal izango dira, Silverstonen Formula Student txapelketan parte hartzen duen monoplazan ari diren edo Alcañizen aritzen den MotoStudent egitasmoko ikasleak ezagutzeko. Koheteen prototipoak fabrikatzen dituen BiSKY Team taldearekin ere gozatu ahal izango dute, motor hibridoa duten espazioko jaurtigailuen sorkuntzan lan egiten duen Estatuko talde bakarra.

Horrez gain, fabrikazio automatizatuko planta pilotuak, robot mugikorrak, helikopteroetarako kontrol simulagailuak, aire-sorgailuak, haizearen tunelak edo tanke batean olatuak sortzeko sistemak… ikusi ahal izango dituzte, beste proiektu askoren artean.

Hauek dira zuzenean ikusi ahal izango diren erakustaldietako batzuk:

-Torloju bio-birxurgatzailearen fabrikazioa.

-‘Alderantzizko ingeniaritzaren’ erakustaldia, 3D eskaneatze aparatuekin eta prototipatu azkarreko makinekin.

-Futbol zelai baten maketaren argiztapena kudeatzeko App baten bitartez kontrolatzen den koadro elektriko adimentsuaren funtzionamendua, lau hornidura aukerarekin: eguzki panelak, sare elektrikoa, grupo elektrogenoa eta eskuzko sorkuntzarako alternadorea.

-Etxebizitza bateko instalazio elektrikoaren eskalako maketa baten funtzionamendua, energia sistema elektrikoaren osagaiak dituena.

-Portugaleteko instalazioetan, itsasoko biziraupenarekin erlazionatutako jarduera praktikoak ematen dituen segurtasun tailerra bisitatu ahal izango da; makina tailerraren funtzionamendua edo aldi berean 5 itsasontzi gobernatzeko aukera ematen duen azken belaunaldiko nabigazio simulagailua.

Enplegagarritasun handia

Bisitak, unibertsitate aurreko ikasleei titulazioen alderdi akademikoak ezagutzeko aukera emateaz gain, enplegagarritasun maila eta lan arloko irteerak ezagutzeko aukera ere emango die. Horrela, gogorarazi behar da Eskolan euren prestakuntza amaitu duten ikasle gehienak bukatu eta berehala sartzen direla lan munduan, ingeniari profila baita talentua eta espezializazioa bilatzen duten enpresek gehien eskatzen dutenetako bat. Horrez gain, Eskolak ospe handia du enpresa sarean eta, ondorioz, espezialitate askotan, graduatuen kolokazio maila %100ekoa da. Eskaintzen dituen titulazio guztiak kontuan izanda, batez besteko laneratze tasa oso altua da, titulatuen %95ak lana aurkitzen baitu ikasketak amaitu ondoren.

Txosten garrantzitsuek abalatzen dute bertako prestakuntzaren kalitatea, horien artean, Everis Fundazioak egin duen azkenengo Unibertsitatea-Enpresa Ranking-ak. Bertan adierazten denez, EHU/UPVko Industria Ingeniaritzako Gradua da enplegatzaileen beharretara ondoen egokitzen den campusa, 10etik 7,9ko puntuazioa lortuz, eta lehen postuetan agertzen den euskal unibertsitate bakarra da. Horrela bada, Bilboko Ingeniaritza Eskola da titulatuak aukeratzeko orduan enpresek gehien baloratzen dutena.

Informazio gehiago: VILLAMANDOS COMUNICACIÓN – Itziar Villamandos
KOMUNIKAZIO AHOLKULARITZA ETA BILBOKO INGENIERITZA ESKOLAKO PRENTSA BULEGOA
Tel.: 94 416 08 00 / 657 796 583 villamandos@lvcomunicacion.com