Prentsa oharrak

2019 09 25 BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAK MAKINEN ETA MEKANISMOEN TEORIAKO III. OLINPIADAK HARTUKO DITU OSTEGUN ETA OSTIRAL HONETAN

Lehenengo argitaratze data: 2019/09/26

• Estatu osoko unibertsitateetako ikasleak lehiatuko dira, ingeniaritza mekanikoko ezagutzak erakutsiz

Bilbo, 2019ko irailaren 25a. Bilboko Ingeniaritza Eskola Makinen eta Mekanismoen Teoriako III. Olinpiaden egoitza bilakatuko da bihar, ostegunean, irailaren 26an, eta ostiralean, 27an. Bi urtez behin egiten den ekitaldia, Madrilen eta Sevillan egindako lehenengo bi edizioen ondoren helduko da Bizkaiko hiriburura. Ekitaldia Asociación Española de Ingeniería Mecánica elkarteak eta EHU/UPVk babesten dute, Eskolarekin eta bertako Ingeniaritza Mekaniko Sailarekin batera.

Olinpiada horiek, Estatuko hainbat unibertsitatetako ikasleak ingeniaritza mekanikoaren eta makinen eta mekanismoen diseinuan dituzten ezagutzak erakusteko lehiatzen diren norgehiagoka dira. 2015ean Madrilgo Carlos III Unibertsitatean egin zen lehenengo edizioan Sevillako Unibertsitateko ikasle talde bat izan zen garailea. Hurrengo deialdian, Andaluziako hiriburuan 2017an egindakoan, garaipena errepikatu zuten.

Talde bakoitza, gehienez ere, hiru ikaslek eta tutoreak osatzen dute, eta egin beharko dituzten ariketen gaiak, mekanismoen egitura, mekanismo lauen zinematika eta dinamika, horien sintesi dimentsionala, espekak eta engranajeak izango dira. Bihar, ostegunean, goizeko 09:30ean, Olinpiadak inauguratu ondoren, probak 11:00etatik 14:00etara luzatuko dira; ostiralean banatuko dira sariak.

Lehiaketan zentratutako alderdiarekin batera, Olinpiaden helburu nagusia unibertsitate desberdinetako ikasleen eta irakasleen arteko harremanak sustatzea da, irakaskuntzari eta ingeniaritzako espezialitate horretan ikasten ari direnen prestakuntzari eta etorkizuneko enplegagarritasunari buruzko ideiak denen artean aztertzeko. Horretarako egitarau zabala prestatu da, hainbat sektoretako profesionalen eskutik etorriko diren hitzaldiak eta elkarrizketa bultzatzeko beste ekitaldi batzuk.

Jarduera horien artean, ingeniaritzaren irakaskuntzako metodologia berriei buruzko solasaldia, Bilboko Ingeniaritza Eskolako laborategietara egingo den bisita, edo Gorlizko Ospitaleko zuzendariak ingeniaritzak medikuntzan eskaintzen dituen aukerei buruz emango duen hitzaldia daude, besteak beste. Osteguneko jardunaldia, Itsasadarrean itsasontziz egingo den pasealdiarekin eta Sociedad Bilbaínan egingo den afariarekin osatuko da. Ostiralean, 10:30etik aurrera, sarien banaketa ekitaldia ospatuko da, eta baita “Unibertsitatetik lan mundura: esperientzia zuzenak” izenburua eramango duen topaketa ere, jarduera egitarauari bukaera emango dioten amaiera ekitaldiaren eta Eskolan bertan egingo den bazkariaren aurretik.

Informazio gehiago: VILLAMANDOS COMUNICACIÓN – Itziar Villamandos
KOMUNIKAZIO AHOLKULARITZA ETA BILBOKO INGENIERITZA ESKOLAKO PRENTSA BULEGOA
Tel.: 657 796 583 villamandos@lvcomunicacion.com


JEPE 2020 - Argazkiak