Prentsa oharrak

BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAKO MOTOSTUDENT TALDEAK ORAIN ARTEKO PROTOTIPORIK BIZKORRENA ERAMANGO DU ALCAÑIZERA, MUNDU OSOKO 70 UNIBERTSITATEREKIN LEHIATZEKO ASMOZ

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/02

• 15 ikaslek diseinatu eta egindako lehiaketako motorrak berrikuntza ugari dakartza; besteak beste, alternadorea kudeatzeko sistema propioa eta Bilboko Ingeniaritza Eskolan bertan garatutako saiakuntza bankuan prestatutako injekzio eta pizte mapa

• Mikel Aragundek gidatuko du, atzera ere, «Bizkaia ESI Bilbao» taldearen motorra. Oraingo honetan 30 zaldiko potentzia eta 110 kilo izango ditu, eta 200 km orduko abiadura hartzeko gai izango da

• Ingeniaritza Eskolako ikasleek 25.500 euroko aurrekontua izan dute ekimena aurrera ateratzeko. Babesleen artean daude Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbao Ekintza udal erakundea, EHU, Ingeniaritza Mekanikoko, Makinetako eta Motor termikoetako, eta Ingeniaritza Elektronikoko Departamentuak eta Hi-Sport Motos eta Promoto sozietateak.

http://msbizkaia.org/

BIDEOAK 2016: Diseño y fabricación https://youtu.be/SYqcJKMmdyM

Competición: https://youtu.be/f2INoxDgXh8

Bilbo, 2018ko urriaren 1a. Bilboko Ingeniaritza Eskolako 15 ikaslek osatutako taldeak MotoStudent lehiaketaren V. edizioan hartuko du parte Aragoiko MotorLand zirkuituan datorren urriaren 3tik, asteazkenetik, urriaren 7ra, igandera. 2010az geroztik Munduko Motoziklismo Txapelketa hartzen duen Alcañizeko (Teruel) pista unibertsitateen nazioarteko lehiaketaren egoitza bihurtzen da bi urtean behin, ikasleek lehiaketako motorren diseinuan, ingeniaritzan eta sormenean duten gaitasuna neurtzeko.

Autoen FormulaStudent lehiaketan gertatzen den bezala, motoziklismoan goi mailako espezializazioa duten ingeniaritzako profesionalen harrobia sortu nahi du MotoStudent lehiaketak. Ekimen horrek mundu osoko unibertsitateen arreta ekarri du eta horren froga da, hain zuzen, V. edizioan 70 talde lehiatuko direla, aurreko edizioan bildutako 52 taldeak aise gaindituta. Zalantzarik gabe, mota horretako nazioarteko ingeniaritza lehiaketarik handiena da, eta Bilboko Ingeniaritza Eskolak orain arte egindako edizio guztietan hartu du parte. Izan ere, lehenengo edizioan (2010ean) lehiatu ziren 23 taldeetatik 2 Bilbotik abiatu ziren.

Bizkaia ESI Bilbao taldean Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Ingeniaritzako Masterretako eta Industria Teknologiako Ingeniaritza graduko ikasleak bildu dira. Gasolinazko motorreko modalitatean lehiatuko dira, lehiaketa ofizialetako Moto3 mailako estandarrak errespetatuz. Prototipoaren berrikuntza nagusiei dagokienez, motozikletaren elektrizitatea sortzeaz arduratzen den alternadorea kudeatzeko sistema propioa azpimarra daiteke. Era berean, injekzio eta pizte mapa propioa dauka, ikasleek Bilboko Ingeniaritza Eskolan bertan garatutako saiakuntza banku batean prestatu dutena.

MotoStudent lehiaketan taldeak kalifikatzeko elementurik garrantzitsuena ez da abiadura baina, halere, nabarmentzekoa da Bilboko Ingeniaritza Eskolako ordezkaritzak orain arte aurkeztutako prototiporik bizkorrena eramango duela lehiaketara, 200 kilometro orduko abiadura hartzeko gai da eta. Motorrak 110 kilo eta 30 zaldi potentzia ditu eta Mikel Aragunde izango da gidaria. Aragunde mekanikoa da lanbidez eta iparraldeko lehiaketa probetan ohiko gidarira ere bai, aurreko edizioan ere berak gidatu baitzuen motorra. Haren eskarmentuak segurtasun plusa ematen dio proiektuari.

Alcañizera abiatu aurreko egunetan, Bizkaia ESI Bilbao taldeak lehiaketako lehen 10 taldeen artean kokatzeko asmoa adierazi du. Orain arteko edizioetan, bosgarren postua izan da lortu duen sailkapenik onena.

Ingeniaritza Eskolako ikasleek 25.500 euroko aurrekontua izan dute ekimena aurrera ateratzeko. Babesleen artean honakoak ditugu: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbao Ekintza udal erakundea, EHU, Ingeniaritza Mekanikoko, Makinetako eta Motor termikoetako, eta Ingeniaritza Elektronikoko Departamentuak eta Hi-Sport Motos eta Promoto sozietateak.

MotoStudent-i buruz
Moto Engineering Foundation-ek bultzatutako MotoStudent lehiaketa mundu osoko hainbat unibertsitatetako taldeen arteko erronka da, lehiatzeko moduko zilindro-bolumen txikiko motorra diseinatu eta garatzea xede duena. Lehiaketa berez erabateko desafioa da ikasleentzat, bertan frogatu behar baitituzte beren sorkuntza eta berritzeko trebetasunak, hiru hilabetez etorkizuneko ingeniari edo teknikari espezializatu gisa izango dituzten gaitasunak zuzen-zuzenean aplikatuz eta mundu osoko taldeei aurre eginez.

Prototipoa erakusteaz gain, talde parte-hartzaile bakoitzak gauzatutako diseinua azaldu eta seriean ekoizteko industrializazio-proiektua zehaztu behar dute. Fase honen bidez, prestakuntza-aldian jasotako ezaguerak “benetako” proiektu batean aplikatzeko aukera eskaini nahi zaie ikasleei, fabrikazio industrialeko prozesu bati eta produktu bat merkaturatzeari dagozkien alderdi eta zailtasunak egiazta ditzaten. Fase honen ebaluazioan, gehienezko kalifikazioa 500 puntukoa izango da, eta industria-proiekturik onenarentzako saria (6.000 euro) banatuko da, baita 3.000 euroko akzesit bana ere, diseinurik onenarentzat eta berrikuntza teknologikorik onenarentzat. MS2 delako fasean, fabrikatutako motorraren portaera dinamikoa eta prestazioak ebaluatu eta taldeek mekanika eta antolaketa arloetan duten trebetasuna egiaztatzeko probak egiten dira, hala nola, galgatze-proba, gymkhana kronometratua, azelerazio onenari buruzko proba, taldekako mekanika-proba (taldearen boxeko lanaren azkartasuna), Speed Trap-eko abiadura handienari buruzko proba, eta Pole position delakoa (abiadura-zirkuitua osatzeko denborarik laburrena). Sailkapeneko lehenengo hiru motorrek sariak jasoko dituzte, 6.000, 3.000 eta 1.500 eurokoak, hurrenez hurren.

Informazio gehiago:

L&V COMUNICACIÓN –Itziar Villamandos
BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAREN PRENTSA KABINETEA
Tel. 94 416 08 00 -- Mugikorra: 657796583
villamandos@lvcomunicacion.com