Prentsa oharrak

BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAKO TALDEA MOTOSTUDENT LEHIAKETAREN ‘TOP TEN’-EAN, MUNDU OSOKO 70 UNIBERTSITATEREN ARTEAN

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/15

• 15 ikaslek eraiki eta diseinatu duten lehiaketako motoak lasterketan lortu ditu emaitza onenak Alcañizeko zirkuituan, eta baita mekanikan eta azelerazioan ere

• Bilboko Ingeniaritza Eskolako ordezkariek ondo baino hobeto bete dituzte euren helburuak eta itxaropenak, lehenengo hamarren artean sailkatzea lortuz

Bilbo, 2018ko urriaren 11a. Nazioarteko MotoStudent lehiaketan parte hartu duen Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldeak meritu handiko hamargarren postua lortu du, lehiaketako motoen diseinuan ingeniaritzarako eta sorkuntzarako gaitasunari dagokionez mundu osoko unibertsitateak aztertzen dituen lehiaketa horretan. MotoStudent, Alcañizen (Teruel) dagoen MotorLand Aragón Zirkuituan ospatu da azken asteburu honetan.

Bilboko Ingeniaritza Eskolak lehiaketara eraman duen motoak 15 ikaslek eraiki eta diseinatutakoak, lasterketako probatan lortu ditu emaitza onenak, eta baita mekanikan eta azelerazioan ere. Horrela, entrenamenduetako gehieneko abiadura testetan eta azelerazioan seigarren postua lortu du; lasterketan zazpigarrena izan da; mekanikaren ebaluazioan zortzigarren lekua izan du; eta karrerako denbora onenari eta sailkapeneko denbora onenari dagokienez, bederatzigarrena izan da.

Azpimarratu behar da, baita ere, taldea 20 lehenengoen artean sailkatu dela epaimahai teknikoak ebaluatu dituen ia gainerako kategoria guztietan: 10. lekua izan du Diseinu Onenaren atalean; 13.a gymkhana proban; 16.a proiektu industrialean; eta 18.a Berrikuntzan.

 

Bilboko Ingeniaritza Eskolako ordezkariek oso modu positiboan baloratu dute MotoStudent lehiaketako V. edizio honetan izan duten partaidetza, ondo baino hobeto bete baitute lehenengo 10 taldeen artean sailkatzeko zuten helburua.

Gidariaren lan bikaina

Azpimarragarria da, baita ere, sailkapenean Eskolako taldearen aurretik egon diren talde gehienak probara gidari erdi-profesionalekin joan direla, Espainiako edo Italiako abiadura txapelketa nazionaletan aritutako gidariekin, hain zuzen ere. Horrela, taldeak balioan jarri gura izan du Mikel Aragunde gidariaren lana, mekanikaria lanbidez, eta 

Iparraldeko Txapelketako probatan bakarrik parte hartutakoa. Askoz ere esperientzia handiagoa zuten lehiakideei aurre egiteko gaitasuna erakutsi du. 

Ingeniaritza Eskolako ikasleek 25.500 euroko aurrekontua izan dute ekimena aurrera ateratzeko. Babesleen artean honakoak ditugu: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbao Ekintza udal erakundea, EHU, Ingeniaritza Mekanikoko, Makinetako eta Motor termikoetako, eta Ingeniaritza Elektronikoko Departamentuak eta Hi-Sport Motos eta Promoto sozietateak.

Informazio gehiago: L&V COMUNICACIÓN –Itziar Villamandos

BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAREN PRENTSA KABINETEA

Tel. 94 416 08 00 -- Mugikorra: 657796583 villamandos@lvcomunicacion.com