Ogi apurrak

Automobilgintzaren Ingeniaritzako Gradua

IKASKETEN DESKRIBAPENA

Automobilgintzaren Ingeniaritzako Graduak beharrezko prestakuntza zientifiko-teknikoa eta sozioekonomikoa ematen du, oro har industriaren arloan eta bereziki automobilgintzaren arloko industriarenean hainbat jarduera burutzeko; besteak beste, ekipo eta instalazioak asmatu, kalkulatu, diseinatu, aztertu, eraiki, martxan jarri eta horietan aritzea, kalitatea, segurtasuna, gizartean izan dezakeen inpaktua eta ekonomia zainduz, baliabide naturalak zentzuz eta eraginkortasunez erabiliz eta horiekiko jarrera solidarioa erakutsiz, ingurumena zainduz eta lanbidearen kode etikoa betez.

Automobilgintzaren Ingeniaritzako gradudunak gai izango dira beren gaitasunak eta ezagutzak ingurune eleaniztunetan garatzeko, bai modu autonomoan bai diziplina anitzeko taldeetan, informazioa, ideiak eta konponbideak trebetasunez eta abileziaz emanez.
Automobilgintzaren Ingeniaritzako Graduak erantzuna eman nahi die enpresa munduko eta lan merkatuko eskariei, hau da, enplegatzaileei, tituludunei eta elkargo profesionalei egindako inkesta eta elkarrizketetan aipatutakoei, bai eta gizartearen eskariei ere. Aldi berean, Europan erraz ulertu eta konparatu ahal izango diren ikasketak planteatzen dira, bertan aspaldidanik irakasten baitira halako ikasketak. Modu horretara, gure ikasleek mugikortasun programetan hartu ahal izango dute parte, eta kalitateko ikasketa erakargarriak eskainiko dira.

Graduak orientazio profesionala du; beraz, oinarrizko ezagutza sendoak eta gaitasun orokorrak uztartuta daude, bai eta proposatutako profil profesionalak zehazten dituen gaitasun zehatzak ere, orientazio profesionala egokia izan dadin eta tituludunak erraz txerta daitezen lan merkatuan eta, era berean, ingeniaritzaren alor honetan gertatzen diren aldaketa azkarretara egokitzeko gai izan daitezen.

LAN AUKERAK

Automobilgintzaren Ingeniaritzako gradudunak prestakuntza sendoa izango du, eta automobilgintzaren alorreko eremu profesionalean sor daitezkeen diziplina anitzeko arazoei aurre egin eta horiek ebazteko gai izango da. Titulua diziplinartekoa da, nagusiki; baina, aldi berean, espezializazio maila garrantzitsua eskatzen du diziplina bakoitzean, sektoreko lehiakortasun handia dela-eta.

Ikasketa hauek diseinatzerakoan elkarlanean aritu gara automobilgintzaren arloan diharduten enpresa eta ikergune askorekin, eta ikasketa planean jaso ditugu, ahal izan dugun neurrian, eurek egindako ekarpenak. Hori dela-eta, Automobilgintzaren Ingeniaritzako gradudunek erantzun ezin hobea emango diete arlo horretako industriak gaur egun dituen premiei.

Enpresa munduko lan metodologietara ohitutako profesionalak izango dira, bitariko prestakuntza izango dutelako ikasketa teknikoetan, hala automobilen teknologietan nola automobilak egiteko prozesuetan. Ekimena, sormena eta arrazoibide kritikoa landuko dira, bai eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna ere.

Prestakuntza espezifikoaren ardatza automobilgintzaren industria da, eta automobilarekin zerikusia daukaten enpresa mota ugarietan egin ahal izango da lan; bestalde, ikasitako edukien zein eskuratutako gaitasunen moldagarritasuna dela-eta, industriako beste sektore batzuetan ere aritu ahal izango dira, modu oso eraginkorrean.
Gainera, sektorea oso globalizatuta dagoenez, nazioarteko inguruneetan ere lan egiteko aukera izango dute

IKASKETEN ANTOLAKETA

Maila

Oinarrizko

gaiak

Nahitaezkoak

Kanpoko

Praktikak

Hautazkoak

Gradu Amaierako

Lana

Guztira
 1º    54 6 - -   60
 2º     6 54 - - - 60
 3º     - 42 18 - - 60
 4º    - 6 24 18 12 60
Guztira   60 108 42 18 12 240

IRAKASGAIEN BANAKETA MAILAKA (80kB.pdf)

 

KANPOKO PRAKTIKAK

"Kanpoko praktikak" nahitaezko moduluak 42 ECTS kreditu ditu, eta hirugarren eta laugarren mailen artean dago banatuta. Helburua da ikasleek prestakuntza indibiduala jaso dezatela, bi lehenengo mailetako irakasgaien bidez oinarrizko prestakuntza jaso eta gero, sektoreko enpresa bakoitzaren premia espezifikoetara egokitua; eta, horrez gain, titulazioko gainerako irakasgaien bidez jasotako prestakuntza osa dezatela. Bitariko prestakuntza edo prestakuntza txandakatua da: ikasketak nagusiki praktikoak dira eta tituludunak lan munduan erraz txertatzea ahalbidetzen dute, interes profesionala duten ezagutza espezifikoak eta gaitasunak landu eta eskuratzen baitituzte. Moduluan parte hartzen duten enpresen eta ikerguneen zereginak eta erantzukizunak guztiz zehaztuta daude, bai eta irakasle tutoreenak ere. Ikasleak kanpoko praktiken modulua enpresa berean egingo duela aurreikusten da.
Kanpoko praktikak egiteko nahikoa toki eskainiko ditu eskolak, ikasle guztien eskariei erantzuteko beste.

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es