Arlo zientifiko eta teknologikoan gradu bikoitzeko ikasketak hasten dituzten emakumeentzako Sarralle bekak

Bestelako laguntza

Aurkezteko epea itxita (Eskabideak egiteko amaierako data: 2020/07/15)

Sarrallek aurreratu egin du arlo zientifiko eta teknologikoan gradu bikoitzeko ikasketak hasten dituzten emakumeentzako beken programaren deialdia

COVID-19ak eragindako pandemiak bi gogoeta garrantzitsu jarri dizkigu mahai
gainean: alde batetik, osasuna, teknologia eta zientzia biltzen dituen sektore indartsua
behar dugu, bai eta profesionalak ere, sektore horietan ia egunero sortzen diren erronkei
aurre egin ahal izateko; eta, bestetik, mundu mailako krisi ekonomiko eta sozial larria
dute aurrez aurre familiek, eta Euskadi ez da salbuespen.
Egoera horretaz jabetuta, urte anitzeko beken programa, SARRALLE GROW, aurreratu
nahi izan du Sarrallek, behar sozialei eta ekonomikoei bere ekarpena egiteko aukera
baitu horrela. Alde batetik, sektore zientifiko eta teknologiko horietan bokazioak pizten
lagundu nahi du horrela, emakumeenak batik bat, emakumeak ikasketa zientifikoetara
bultzatuz, eta emakumeen presentzia areagotu nahi du zuzendaritzako eta ardura
handiko postuetan; eta, bestetik, COVID-19aren eraginak jasan dituzten familiei
lagundu nahi die, beren seme-alaben unibertsitate-ikasketen aldeko apustua egin
dezaten.
Beraz, bigarren edizio honetan izena emateko epea zabaldu du Sarrallek; Euskadin bizi
diren eta 18 urtetik 25erako emakumeei zuzentzen zaizkie bekak, zehazki, hurrengo
ikasturtean beren unibertsitate-ikasketak zientzien adarretan hasiko dituztenei. Gizonen
eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa geldiarazi nahi du horrela –lau
emakumetatik batek soilik hautatzen ditu unibertsitate-ikasketa zientifikoak−,
badakielako sektore horietan emakumeen jarduera-tasa gizonena baino askoz apalagoa
dela, askotariko arrazoi kultural eta sozialengatik, eta postu okerragoak izaten dituztela.
Gainera, emakumeek beren ibilbide profesionalean aurrera egiten duten heinean, gero
eta emakume gutxiago iristen dira zuzendaritzako eta ardura handiko postuetara,
kristalezko sabai eta korridore horien eraginez.

Gradu bikoitza

Bekak urte anitzekoak dira, 1.000 eurokoak ikasturte bakoitzeko, eta hurrengo
ikasturtean beraiek aukeratutako unibertsitatean adar zientifiko batean gradu bikoitzeko
ikasketak hasiko dituzten emakumeei zuzentzen zaizkie.
Zehazki, ikasturte akademiko bakoitzeko 1.000 euroko beka emango die Sarrallek
datorren ikasturtean Zientzietako, Teknologiako, Ingeniaritzako eta Matematikako
(STEM) gradu bikoitzeko ikasketak egiten hasten diren emakumeei; eta 1.000 euroko
beste beka bat ere emango die ikasturteko, gradu bikoitzeko honako ikasketa hauek
egiten hasten diren emakumeei: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza +
Zuzenbidea; Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + Kudeaketaren eta Informazio
Sistemen Informatikaren Ingeniaritza; Negozioen Kudeaketa + Lan Harreman eta Giza
Baliabideak; Ingeniaritza Mekanikoa + Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza;
Zuzenbidea + Lan Harremanak; Nazioarteko Harremanak + Zuzenbidea; Zuzenbidea +
Komunikazioa (edo antzeko gradu bikoitzak).
Gainera, Sarralleko ingeniaritza-esparruan eta korporazioko departamentuetan
ordaindutako praktikak egiteko aukera izango dute udako partean, eta gradu amaierako
proiektua ere egin ahal izango dute, beren ibilbidea garatu nahi duten taldeko dibisioan.
Aurtengo udan, beken lehen edizioan Sarralleren dirulagutnzak jaso zituzten bi ikasleak
praktiketan hasiko dira, telematikoki, COVID-19ak eragindako pandemiaren eraginez;
Leire Martin (Donostiakoa, ikasturte honetan gradu bikoitz hau egiten hasi dena:
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + Zuzenbide Gradua Donostiako Deustuko
Unibertsitatean), eta Malen Sanz Ruiz de Erenchun (Zarauzkoa, gradu bikoitz hau
egiten hasi dena: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + Ingeniaritza Informatikoa
Donostiako Deustuko Unibertsitatean). Izan ere, pandemiak enpresa askotako lan
egiteko moduak egokitu beharra ekarri du, bai telelanean aritu beharra ere, ahal den
guztietan.
Horrela, aukera izango dute biek beren prestakuntza-esparruei dagozkien jarduerak
garatzeko, telelanaren errealitate berrira egokituta bada ere. Sarrallen praktiketan
hasteko ilusioz daude biak, nahiz eta egoera desberdina izango den, Malen Sanezek esan
duen legez: ‘birusak ekarritako guztia dela eta, ez da izango imajinatu bezalakoa, baina
uste dut positiboa izango dela niretzat’. Enpresa munduarekin lehen harremanak izateko
aukera ederra dela diote biek, eta ikasten ari diren hori praktikan jartzeko modua izango
dutela. Sarralleren ekimenari buruz, adierazi dute ezinbestekoa dela zenbait arlotan
emakumeen presentzia sustatzen jarraitzea, oraindik ere gizonen presentzia nabarmen
handiagoa delako karrera batzuetan. ‘Uste dut ekimena oso lagungarria dela bai
berdintasuna lortzeko borrokan eta bai laguntza ekonomikoari begira, are gehiago, garai
hauetan. Nahiago nuke horrelako ekimen gehiago izango bagenitu’, nabarmendu du
Leire Martínek.

Eskaerak eta esleipen-sistema

Interesa duten emakumeek uztailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dute eskaera, eta
irailaren 11ra arteko epea izango dute agiriak entregatzeko. Parte hartzeko, ezinbestekoa
da gutxienez 18 urte eta gehienez 25 urte izatea, Euskadin bizi izatea, eta aurreko
ikasturtea osorik gaindituta izatea. Aukeratutakoen izenak 2020ko irailaren 8an
jakinaraziko dira (epe horiek selektibitateko datekin lotuta daude, eta atzeratu daitezke,
COVID-19a dela eta selektibitatea atzeratzen bada). Sarralleren webguneko berrien
atalean emango da horren berri.
Urte anitzeko bekak jasotzeko interesa duten emakumeek Sarralleko webguneko
(www.sarralle.com) careers atalean dagoen eskaera-inprimakia bete behar dute, eta
eskatutako agiriak erantsi behar dituzte, edota posta elektroniko bidez bidali
seleccion@sarralle.com helbidera, gaiaren atalean BECAS GROW adieraziz.

Harremanetarako datuak

  • Kontaktua: Gaiaren atalean BECAS GROW adieraziz
  • Posta elektronikoa