Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskola

Gasteizko Ingeniaritzako  Eskola

Albisteak

null

2015/2016 IKASTURTEKO HARRERA PROGRAMA

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/16

 

Ikasle hori:


Eskerrak eman nahi dizkizugu oraingo une honetatik zurea den Ingeniaritzako Unibertsitate Eskola (IUE) aukeratzeagatik ikasketak egiteko. Ez zaizu damutuko, ez horixe! Kontuan hartu denok ari garela gogor lanean UPV/EHUko ikastegi honetan ahalik eta ongien egon zaitezen. Eta denok diodanean, hauetaz ari naiz: administrazio eta zerbitzuetako langileak, irakasleak, zuzendaritza taldekoak. IUE zure bigarren etxea izango da datozen lau urteotan. Hemen, ikasi, lagunak egin, zure irakasleekin ikasi eta zure etorkizuna prestatuko duzu.

Hori dela eta, zure eskola honekiko integrazioa erraztu eta lehenbailehen lehenengo eskuz ezagutzeko zertan datzan ingeniari baten lana, harrera programa bat antolatu dugu lehen mailako irakasgaien eskolak ematen hasi aurretik. Enpresek, Unibertsitateko Bibliotekak eta ikastegiko irakasleek aktiboki parte hartu duten 12 orduko programa horretan, deskubrituko duzu zertan lan egin dezakeen ingeniari batek enpresa batean, zein den bere eginkizuna, zer gaitasun bereganatu behar dituen. Bestalde, gradudun guztiek, batez ere ingeniaritza arlokoek, izan behar dituzten hainbat gaitasun lantzen hasiko gara: talde lanean aritzeko trebetasunak, arazoak konpondu, ahozko aurkezpenak egin, lidergoa edota informaziorako baliabideen erabilera fidagarria. Hori dena giro lasai batean eta teknika dinamiken erabileran oinarrituta egingo da. Eta, horietan, aktiboki parte hartu beharko duzu.

Behin berriro ere ematen dizkizugu eskerrak gu aukeratzeagatik. Kontuan izan behar duzu ingeniaritzaren arlo zoragarrian sartzea erraztuko dizun ate aparta irekitzen ari zaizula. Gure ikasleak oso ongi prestatuta ateratzen dira. Horren froga dira Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolatik ateratako ikasleek beren zerbitzuak ematen dituzten enpresa eta erakunde ugariak. Enpresa horiekin jarraitzen dugu etengabeko harremanetan, ematen dugun prestakuntza behar bezain gaurkotuta dagoela bermatzeko.

Gure desio bakarra da gogotsu has zaitezen. Ondotxo dakizu bidea ez dela erraza, baina gogoratu behar duzu gakoa hasieratik etengabe lan egitea dela. Eutsi goiari eta gogoan izan beti jo dezakezula irakasleengana edo zuzendaritza taldeko kideengana edozein orientazioz edo iradokizunez galdetzeko.

Hau da irailaren lehenengo asterako arretaz diseinatu dugun harrera programa. Nahitaez joan behar da, zure ikasketei begira oso lagungarri izango dela jotzen baitugu. Animo! Gainera, kreditu bat lortuko duzu baldin eta harrera ikastaroan hartu dituzun apunte eta gogoetez txosten bat aurkezten badiguzu.


Eskerrik asko.
Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako zuzendaritza taldea.

Ekitaldiak