L.A.S.E.H.U. Laboratorio de Análisis Sensorial EHU

Mónica Ojeda: "Ni ikertzailea naiz, ez ekintzailea"

Mónicari, Agudezia - Inizia Tailerraren publizitatea ikusi zuenean campusean, burura etorri zitzaion lehenengo gauza hauxe izan zen: "Hau ez dago nire neurrira egina". Ekintzailetza tailerra? "Ni, baina… ikertzailea naiz, ez ekintzailea…"

Hala ere, bazuen barnean ezinegona: zer egin dezakegu, Laborategian diru sarrera gehiago izateko? Erronka argia zen: IK taldeko (Ikertzaile Kontratatuak) postuak finkatzeko diru sarrerak lortzea: besteak beste, berea.

Bai Mónica bai Laborategiko talde guztia goi mailako prestakuntzadun pertsonak dira; urteetako esperientzia dute elikagaien ikerketan, kalitatezko markekin (Idiazabal Gazta Jatorri Izendapen Babestukoa, Txakolina, Arabako Errioxako ardo beltz gaztea, Euskal Okela haragia, Añanako Gatza etab.), sektore publikoko eta pribatuko erakundeekin eginiko ikerketa proiektuen eta kontratuen bidez. Hala ere, saltzen ikasi beharko genuke? Badakigu gure erronka enpresei ezagutza transferitzea dela, baina, nola ezagutu hobeto beren hizkuntza eta beharrak?

Kezka horiek tarteko, Bittor Rodriguezekin izandako elkarrizketa batek animatu zuen Mónica parte hartzera. Bittorrek, laborategiko kolaboratzaileak eta dastatzaile adituak, Agudezia lehenengo pertsonan bizi izan zuen duela urte batzuk; hortik sortu zen UN-DIET. "Ez zaitez arduratu; ez du hainbesteko garrantzia ekintzailea izan ala ez izan.  Eman izena eta baliagarri izango zaizu: zuon ezagutza merkatuarentzako balio bilakatzen ikastea da helburua".

"Zalantza askorekin hasi nintzen, baina, pixkanaka, ideiak antolatzen joan ginen"

Ikerketa eremuan urte asko daramatzazunean, konplexua izan daiteke termino teknikoetan hitz egiteari uztea eta BALIO terminoetan hitz egiten hastea.

Mónica milaka zalantzarekin hasi zen, ideia ugarirekin, nondik hasi ere ez zekiela… Baina taldeko saioetan, Laborategiaren ahalmena ulertzeko beste modu batera hurbiltzen joan zen.

Jakina, taldearen curriculumak eta proiektuen ezagutza dira LASEHUren esentzia. Baina agerikoa dena gainditzen ikasi zuen, pixkanaka: bere ingurunean "nor den nor" ulertzen eta antolatzen (bezeroak, lehiatzaileak, kontseilu arautzaileak…), "bere buruan kokatzen", benetan bere kezkak zein diren ulertzen… Eta LASEHUko ezagutzatik eta teknologiatik nolako erantzunak eman daitezkeen diseinatzen (gaur egun dauden zerbitzuen bidez edo proposamen berrien bidez).

Hausnarketa horiek metodologia intuitiboan eta aplikagarrian naturaltasunez oinarrituta bizitzeak eta beste kide batzuen aldi berean egiteak, proiektu oso desberdinetan, aukera ematen du hasierako zalantzak gainditzen joateko eta konfiantza eta esperientzia hartzen joateko, erabakiak hartu ahal izateko, tailerrean bertan edo bertatik kanpo. Mónicak eta Patxi Pérez Elortondok (LASEHUko zuzendaria; Agudezian ere inplikatu zen) jarduera plana prestatu zuten, Laborategiaren autonomia ekonomikoa hobetzeko; beraiek ikusi zuten helburuak lehenesteko beharra, baina ordura arte ez bezala. Hori horrela, teknikari trebatu gisa ez ezik, LASEHUko iraunkortasunaren benetako kudeatzaile gisa ere jarduten ikasi zuten.

"Sekula ez nukeen pentsatuko saltzeko gai nintzenik… Eta Agudezian hala egin dut"

Pentsatzeaz eta hausnartzeaz gainera… Mónicak behin eta berriro esaten zuen SALTZEN ikasi behar zuela. Ana Garridorekin (Agudeziako koordinatzailea eta A+g S.Coop.-eko kudeaketako profesionala) eginiko tutoretza indibidualizatuetan, Laborategiko salmenten argumentarioari forma ematen joan zen eta, horrela, baita Laborategiko aurkezpen "komertziala"ri ere, zerbitzuak berriak izan daitezkeen merkatuetan kokatzeko.

Baina Agudezia Tailerrak hori ere gainditzen du. Mónicak egiaztatu behar zuen BAZELA gai saltzeko; beraz, bere tutorea nekazaritza elikagaien enpresa batekin jarri zen harremanetan (bezero izan zitekeena) eta biak batera joan ziren LASEHU aurkeztera.

Monikak berak honako hauek bizi izan zituen, besteak beste: enpresa bati hurbiltzea (Laborategiak normalean dituen bezeroez bestelako bezero mota bat, normalean erakundeak izan ohi ditu eta), aurrez aurre entzutea bere kezka eta ardurak (SALTZEA ere badena) eta LASEHUren ezagutza eta esperientzia horri balioa emateko gai dela egiaztatzea. Gainera, ez dago beste modurik egiteko: bizi egin behar da. Mónicak zioen bezala, bueltan zenean: "Sekula ez nukeen pentsatuko saltzeko gai nintzenik… Eta Agudezian hala egin dut".

Bizipen horretan ikasitakoaz geroztik, Laborategiko merkataritza jarduera biderkatu egin da: topaketak egin dira bezeroekin, aurkezpenak… bai eta agerraldiak ere ekipo osoaren baliabideetan.