Berriak

Udako ikastaroa "2030 agenda eta GIHak. Gure politika publikoak eraginkorragoak egitea" (2019ko ekainak 27-28))

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/23

Udako ikastaroa: 2030 agenda eta garapen jasangarrirako helburuak. Gure politika publikoak eraginkorragoak egitea

Data: 2019ko ekainak 27-28

Lekua: Ekonomia eta Enpresa Fakultatea. Arabako Atala

2015eko irailaren 25ean, Nazio Batuen Batzar Orokorrak aho batez onartu zuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda. Agenda hori ekintza plan unibertsal, integral eta transformatzaile bat da, giza garapen jasangarria lortzen laguntzeko gizartean, ekonomian eta ingurumenean. 2030 Agendaren bereizgarritasun bat da lurralde dimentsioaren sustapena eta eskala lokalaren egokitzapenarekin duen konpromisoa. Bere definizioaren hasierako fasetik, bai Nazio Batuek bai Europako Batzordeak herritarrengandik gertuago dauden lurralde eremuei garrantzi handia eman diete.

Eusko Jaurlaritzak 2030 Agenda Euskadirentzat aukeratzat hartzen du, bere lehentasunekin guztiz bat egiten duelako: pertsona guztiei oinarrizko zerbitzuak bermatzen dizkien giza-garapena eta kalitate handiko lanpostu aukerak sortzen dituen hazkunde jasangarria. Hazkunderako eta gizartearen ongizaterako euskal eredu hau areagotu egin zen joan den 2018ko apirilean, Euskadi Basque Country 2030 Agendaren aurkezpenean.

2030 Agendak Garapen Jasangarrirako 17 Helburu, 169 helmuga eta 231 adierazle ditu. Elementu horiek guztiak barnean biltzen ditu, baina banaezina da, hau da, ezin dira helburu batzuk hautatu eta beste batzuk ez. Planifikatu, antolatu, lehenetsi eta azkartu daiteke, baina Agenda integrala da. Horrez gain, 2030 Agenda politika publiko guztietan antolatu eta integratu behar da (maila askotako gobernantza) helburu, helmuga eta adierazleak ezarriz. “Lokalizazioa” eta “Zeharkakotasuna” beharrezko eta nahitaezko bi palanka dira 2030 Agenda seriotasunez ezartzeko edozein lurraldetan.

Euskadin ez gara hutsetik abiatzen, badaukagu esperientzia hainbat eremutan. Adibidez garapenerako lankidetzan, ingurumenean, lurralde kohesioan, generoan,…eta abarretan. Euskadi Basque Country 2030 Agendaren lanketak eta oraingo ezarpenak eredua osatzen dute, erronka globalen aurrean politika publikoak nola enfokatu behar diren erakusteko. Euskadik, beraz, esperientzia eta potentziala dauka.

Baina prozesuari bultzada eraldatzailea eman beharko zaio polikita publiko gehiago eta hoberak sortuz, gure Lurraldean 2030 Agenda ezartzeko. Eta, horretarako, eginkizun honetan profesional konprometituak izatea beharrezkoa da ahalegina zabaltzeko.

Aipatutako guztiagatik, antolatzaileak garenez, gaiaren garrantziagatik, bere etorkizuneko proiekzioagatik –eta horrek politika publikoen kudeaketari zuzenean eragiten diolako–, eta bere ikuspegi eraldatzaileagatik, iruditu zaigu egokia dela ekimen hau Eskola bihurtzea.

Programa: http://www.uik.eus/sites/default/files/agenda_2030_eus.pdf