Presentación de la Especialidad

Minaren Diziplinarteko Ikerketa eta Tratamenduaren aurkezpena

Gaixotasunaren, diagnostikatzeko prozeduren eta prozedura terapeutikoen mina arintzea ez da gure gaixoen pribilejioa, Osasunaren profesionalentzako agindu etikoa baizik, horrela jasotzen baita nola Zin Hipokratikoan hala Ginebrako adierazpenean. Osasunaren Munduko Erakundeak Giza Eskubide Unibertsal gisa onartzen du minaren tratamendua.

Gure arretaren kalitatea mina diagnostikatzeko eta tratatzeko tresna berri eta eraginkorragoen bidez hobetu ahal izateko, batetik, ezagutza zientifiko gehiago eskuratu behar dugu ikerketa biomedikoen laguntzaz, eta, bestetik, ezagutza hori praktika klinikoan aplikatu behar dugu, osasunaren zientzietako langileei prestakuntza egokia emanda.

Ikastaro honek mina ikertzeko eta tratatzeko egungo alderdi nagusiei heltzen die. Farmakologia, psikologia edo fisioterapiaren diziplinen ikuspegitik, minaren tratamenduaren egoera ezagutu nahi duten Osasunaren Zientzietako profesionalei eskaintzen zaie ikastaroa. Era berean, beharrezkoak diren tresna metodologikoak ematen zaizkio ikasleari, bere ikerketa zientifikoen bidez mina hobeto ezagutzeko ekarpenak egiteko gai izan dadin. Ikastarora sartzeko profilei dagokienez, Medikuntza, Farmazia, Odontologia, Psikologia, Fisioterapia eta Erizaintzako tituludunak sartu ahal izango dira.

Ikastaroak kredituak transferitzeko europar sistemaren (ECTS) 44 kreditu eskaintzen ditu guztira ikasturte bakarrean, eta horien artetik, ikasleak, gutxienez, 35 gainditu beharko ditu. Eskainitako kreditu guztien artean, 26 nahitaezkoak dira, eta gainerako 18 ECTS kredituetatik, ikasleak 9 hauta ditzake.

Graduondoko honek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzen ditu, eta plataforma digital baten bitartez ematen da osorik. Beraz, ikasleak ez du unibertsitate-ikastegira joan behar, programa egiteko eta ebaluazioa gainditzeko.