inf_inicio

Kriminologiaren Euskal Institutua (IVAC-KREI)

Irudia

Berriak

Jose Luis de la Cuesta, honoris causa doktore izendatu du Peruko Huánuco Unibertsitateak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/29

Irudia

José Luis de la Cuesta UPV/EHUko Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria honoris causa doktore izendatu zuen Peruko Huánuco Unibertsitateak. Izendapen ekitaldiaren aitabitxia Miguel Polaino Sevillako Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko katedradun emeritua izan zen; ekitaldia, Peruko unibertsitatearen egoitzan izan zen joan den ekainaren 23an.

José Luis de la Cuestak eskerrak eman zituen sari nagusi hori emateagatik, eta, lehenengo eta behin, Perurekin dituen familia loturak aipatu zituen. Osaba zahar Timoteo Ibarluzeaz hitz egin du; pasa den mendeko 30eko hamarkadan Peruko PPen probintziaren (San Vicente de Paúl) sortzaileetako bat izan zen. Bestalde, bere ikasketa eta ikerketa prestakuntzan eta prestakuntza pertsonalean bereziki lagundu dioten "maisuak" aipatu zituen, besteak beste, Antonio Beristain Kriminologiaren Euskal Institutuko sortzailea, Reynald Ottenhof irakaslea edo Hans-Heinrich Jescheck Freiburg-eko Max-Planck Institutuko zuzendaria, Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Elkarteko buru zena José Luis de la Cuesta irakaslea lehenengoz Alemaniara heldu zenean, 80ko hamarkadaren hasieran.

Oroitzapen hunkigarriaren ondoren, diskurtsoaren bigarren zatia espetxe arloari eskaini zion, zehazki, "printzipio sozializatzailea"ri, eta esan zuen "birsozializazioarekin benetan konprometituta dagoen espetxe araubidea izango dela ‘espetxeratuek gizarte sistemetan parte hartzeko dituzten aukerak zabaltzen lagunduko duena, portaera kriminalari alternatibak emanez'. Eta "kartzela-hilerrien" antipodetan, gizalegez eta presoaren duintasunarekin errespetuz antolatu beharko da, ahalegina biderkatuz, ahalik eta gehien saihesteko kartzelarekin lotutako desozializazioa. Horretarako, kanpokoarekiko komunikazioa sustatu behar da, eta presoa bizitza askean egoki sartzeko bide eman".

Honoris causa doktore berriaren iritziz, "espetxeko bizitzaren humanizazioak honako printzipio hau sendotu behar du: espetxeratuak jarraitzen du gizarteko partaide izaten; horrela, espetxeratuen duintasuna errespetatzen dela bermatzen da, herritar eta pertsona diren aldetik, eta beren estatutu juridikoa sendotzen da, bai eta beren berme indibidualak ere. Horretarako nagusi da ‘esku hartze judizialaren‘ zeregina. Baina birsozializatzeko eskakizuna, erregimenari dagokionez, ez da bakarrik hori: espetxe administrazioak espetxeko bizitza beste modu batera diseinatu eta antolatu behar du; kontua ez da bakarrik askatasuna kentzeko erabaki ororen (berez baztertzailea) ondorio desozializatzaileak ez nabarmentzea, baita positiboki ekitea ere hura ahultzeko eta murrizteko ahaleginari.

Horretarako, espetxe araubidea kanpoko bizitza arruntarekin erkatu behar da; espetxearen eta kanpoko munduko pertsona eta erakundeen arteko hurbilketa eta harremana sustatu behar da eta, horrela, espetxeratuek inguruneko sistemetan eta espetxeko esferan sartzea eta bertan lankidetzan jardutea".

"Gizateriaren printzipioan oinarritzen den politika kriminalak, batetik, ezin ditu biktimen beharrizanak bazter utzi eta, bestetik, zeregin nagusietakotzat jo behar du beraiei arreta emateko eta haiek aseta egoteko ahalegina egitea", esan zuen.

Jose Luis de la Cuesta Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Elkarteko ohorezko presidentea da, Jakiundeko kide hautetsia eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko zenbaki kidea. Max-Plank Institutuko Nazioarteko Zigor Zuzenbideko eta Konparatuko Nazioarteko Batzorde Zientifiko Aholku emaileko kidea (Freiburg, Alemania) eta Instituto Superiore Internazionale di Scienze Criminaliko (Siracusa, Italia) Administrazio Kontseiluko kidea. Gainera, Kriminologiaren Nazioarteko Sozietateko Zuzendaritza Kontseiluko kide ere bada. Eta terrorismoaren biktimek parte hartzeko Euskal Kontseiluko kide da. Jaso dituen sari eta aitorpenen artean, nabarmentzekoa da Gizarte eta Giza Zientzietako Ikerketaren inguruko Euskadi Saria (2009), eta Ias Iasi Unibertsitateak (Errumania, 2011n) emandako beste honoris causa doktore izendapen bat. Zigor zuzenbidea eta kriminologia UPV/EHUko irakasle honen ikerketa ildoak dira. Bi liburu indibidualen eta 6 liburu kolektiboren egile da, liburu kolektiboetan 112 ekarpen egin ditu eta aldizkarietarako 93 artikulu idatzi ditu (nagusiki espainieraz, baina baita euskaraz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta txineraz ere). Halaber, gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu diren 6 testu libururen egile da eta beste 39 lan kolektiboren egileetako bat.