Eduki publikatzailea

Emakumeak Zientzianek STEAM Euskadi 1. saria eta genero-ikuspegiaren aipamen bereziaren saria irabazi ditu

Irudia

Emakumeak Zientzianek STEAM Euskadi 1. saria eta genero-ikuspegiaren aipamen bereziaren saria irabazi ditu, beste erakunde batzuek sustatutako STEAM hezkuntzako ekimenik berritzaileenaren atalean. STEAM Euskadi Sariak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen ditu eta sari banaketa ekitaldia gaur goizean izan da Bilbon. Proiektua deialdian aurkeztutako 137 hautagaitzen artean hautatua izan da.

Saria Emakumeak Zientzian ekimenak 2017ko lehen ediziotik egindako ibilbideari eta ekimenaren garapenean inplikatutako pertsona eta erakunde guztien lanari ematen zaio. Emakumeak Zientzian programak gizarte osoari zuzendutako jarduera-programa zabala proposatzen du otsailaren 11aren inguruan (Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna), STEM diziplinetan berdintasunezko sarbide eta garapen profesionala ahalbidetzeko bereziki garrantzitsuak diren kolektiboak azpimarratuz.


“Arlo zientifikoan eta teknologikoan dagoen genero-arrakala hausteak kontzientziazio globala eskatzen duela argi dugu; abordatze globala”, azpimarratu du Monica Morenok, POLYMATeko proiektuen eta komunikazioaren arduradunak eta Emakumeak Zientzian ekimenaren 2022ko edizioaren koordinatzaileak. “100 ikertzaile baino gehiagoren artean antolatu dira ia 40 jarduera, gizarte osoan berdintasunezko kultura zientifikoa sustatzeko: haurrak familiak, nerabeak, emakume helduak, irakasleak eta ikastetxeak”, gehitu du Morenok.

“Emakumeak Zientzian programak Euskadiko emakume ikertzaileen lana ikusarazten du, erreferenteak sortuz eta jarduera zientifiko-teknikoei egozten zaizkien rol maskulinoak hautsiz”, nabarmendu du Itziar Oteguik, CIC nanoGUNEko komunikazio arduradun eta 2022ko edizioaren koordinatzaileak. “Ekimen honi esker, erakunde zientifiko-teknikoen barne-aldaketarekin konprometitutako zientzialarien sare bat sortu da, genero-arrakala hausteko eta pertsona guztientzako garapen profesional osoa eta berdintasunezkoa lortzen laguntzen ari den sarea, alegia”, gehitu du Oteguik.

Emakumeak Zientzian

Emakumeak Zientzianen helburua da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko (otsailaren 11n), eta ikerketa zentroko ikertzaile- eta langile-talde batek bultzatuta, CIC nanoGUNEk sentsibilizazio- eta dibulgazio-jarduera batzuk egin zituen 2017an.

2018an eta 2019an, Materialen Fisika Zentroak (CFM CSIC-UPV/EHU), Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta CIC biomaGUNEk bat egin zuten Emakumeak Zientzian ekimenarekin, eta lau zentroek jarduera-programa osatuagoa egin zuten. 2020an, POLYMAT, Tecnun, CEIT, Biodonostia eta Elhuyar gehitu ziren, eta, horrela, bederatzi erakunde antolatzaile gehitu zitzaizkion proiektuari. 2021ean, pandemiak eragindako osasun krisia gorabehera, UPV/EHUko Informatika Fakultatea eta Eureka! Zientzia Museoak bat egiten zuen ekimenarekin, COVID-19aren oztopoak saihestuz 2021eko otsailean jarduera-programa bat eskaintzeko, birtuala hein handi batean.

Emakumeak Zientzian ekimenaren 6. edizioan, 2022an, Euskadiko zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsuak diren 17 erakundek egin dute bat. Batasun hori posible izan da jendea biltzeko bokazioarekin jaio zelako Emakumeak Zientzian proiektua; ateak zabalik ditu, eta argi du elkarrekin hobeak garela. Hala, 2022an Emakumeak Zientzian proiektua antolatu duten erakundeak hauek dira: POLYMAT, CIC nanoGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieria, Ceit, Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea, Elhuyar eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea.

Emakumeak Zientzian 2022 ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Sustapenaren laguntza berezia jaso du; baita honako erakunde eta organismo hauen laguntza ere: Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusia (CSIC), Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT), Estatuko Ikerketa Agentzia, ekimenari atxikitako Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez, Euskadiko Filmoteka eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, eta Aspegi (Gipuzkoako Emakume Profesionalen, Enpresaburuen eta Zuzendarien Elkartea).

STEAM Euskadi Sariak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen dituen STEAM Euskadi Sariek hezkuntza zientifiko-teknologikoko euskal praktika onenak aintzatesten dituzte. STEAM Euskadi Sariak Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako batekin bat datoz. Eusko Jaurlaritza STEAM Hezkuntza (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) ezartzea sustatzen ari da, ikasleen gaitasun zientifiko-teknologikoa hobetzeko, batez ere gazteenena eta emakumeena. Sarien bigarren edizioa da aurtengoa.