inf_presentacion

Aurkezpena

Euskal Herriko Unibertsitatearen Kimikako Fakultatea Gipuzkoako Campusean kokatzen da, eta 1975. urtean sortu zen, bi helburu zituela: irakaskuntza-jarduera eta ikerkuntza-lanak egitea. 87 irakasleko klaustro batek eta administrazio eta zerbitzuetan diharduten 25 pertsonek osatutako giza taldeak prestakuntza handia du, hiru sailetan dago banatuta, eta jakintza arlo zientifiko eta tekniko gehienak hartzen ditu: Biologia, Fisika, Geologia, Matematikak, Kimika,  Biokimika, Kimika Ingeniaritza, Polimeroak eta Ingurumen Zientziak. Horiez gainera, kontratupeko 90 ikertzaile inguru daude eta ikerketak egiteko 40 inguru bekadun.

Fakultatearen prestakuntza-eskaintza Kimikako Graduak eta hiru masterrek osatzen dute. Era berean, doktorego bat egin daiteke, kimikaren arloan edo antzeko jakintza arloetan.

Ikerketen arloan, berriz, diruz lagundutako 120 ikerketa-proiektu eta 25 ikerketa-kontratu inguru daude martxan, gaur egun. Gutxi gorabehera, 325 argitalpen zientifiko sortzen dira urtean, eta, horiei esker, gure Fakultatea I+G+bko eragile garrantzitsua da Euskal Herrian.
Ongietorria emateaz gainera, gu ezagutzera gonbidatzen zaituztegu. Hasteko, web-orri honetako informazio praktikoa zuentzat baliagarri izatea espero dugu.

Marian Iriarte Ormazabal
DEKANOA