Aurkezpena

Euskal Herriko Unibertsitatearen Kimikako Fakultatea Gipuzkoako Campusean kokatzen da, eta 1975. urtean sortu zen, bi helburu zituela: irakaskuntza-jarduera eta ikerkuntza-lanak egitea. 72 irakasleko klaustro batek eta administrazio eta zerbitzuetan diharduten 21 pertsonek osatutako giza taldeak prestakuntza handia du, lau sailetan dago banatuta, eta jakintza arlo zientifiko eta tekniko gehienak hartzen ditu: Biologia, Fisika, Geologia, Matematikak, Kimika,  Biokimika, Kimika Ingeniaritza, Polimeroak eta Ingurumen Zientziak. Horiez gainera, kontratupeko 60 ikertzaile inguru daude eta ikerketak egiteko 70 inguru bekadun.

Fakultatearen prestakuntza-eskaintza Kimikako Graduak eta lau masterrek osatzen dute. Era berean, doktorego bat egin daiteke, kimikaren arloan edo antzeko jakintza arloetan. Kimikako Graduak martxan jarri izanak aukera bat eman dio Kimika Fakultateari, eta honek horri eutsi dio irakaskuntza-tresna berriak sortzeko eta hezkuntza-kalitatea hobetzeko.

Ikerketen arloan, berriz, diruz lagundutako 95 ikerketa-proiektu eta 25 ikerketa-kontratu inguru daude martxan, gaur egun. Gutxi gorabehera, 200 argitalpen zientifiko sortzen dira urtean, eta, horiei esker, gure Fakultatea I+G+bko eragile garrantzitsua da Euskal Herrian.
Ongietorria emateaz gainera, gu ezagutzera gonbidatzen zaituztegu. Hasteko, web-orri honetako informazio praktikoa zuentzat baliagarri izatea espero dugu.

Marian Iriarte Ormazabal
DEKANOA