Ikasleen kontseilua

Ikasleen Kontseilua ikasleak ordezkatzen dituen unibertsitate organoa da. Lokabea da eta Euskal Herriko Unibertsitatearen esparruan ikasleen ordezkaritza bideratu eta koordinatzeko ardura du. Araubide demokratikoaren arabera jarduten du, kontseilukideen gehiengoaren borondatea betez eta inongo ideologia edo alderdi politikoren alde egin gabe.

Ikasleen Kontseiluak eginkizun eta helburu nagusi hauek ditu:

  • Kimika Zientzien Fakultateko ikasleak ordezkatzea ikasleei axola dieten arazo guztietan, eta ildo horretan ikasleen kolektiboaren solaskide gisa aritzea.
  • Kimika Zientzien Fakultateko ikasleen lana laguntzea eta koordinatzea unibertsitateko erakunde guztietan.
  • Ikasleei aintzatetsitako eskubideak defendatzea, eskubideok erabili ahal izan daitezen ziurtatzea eta horien aintzatespena eta ezaguera areagotzeko lan egitea. Era berean, irakaskuntzaren kalitatea eta ikasleen lanbide, zientzi eta kultura prestakuntza hobetzearren lan egitea.

Ikasleen Kontseilua osatzen duten organoak ondokoak dira:

  • Ikasle Kontseiluaren Batzarra. Kimika Fakultateko lehenengo, bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleen hamabi ordezkarik osatzen dute.
  • Batzorde Betearazlea. Batzordeburuak, Batzordeburuordeak, Diruzainak eta Idazkariak osatzen dute. Berauek Ikasle Kontseiluaren Batzarreko kideen artetik hautatzen dira.

Badaude beste batzorde batzuk ere, Fakultateko ikasle guztientzat irekiak direnak.