Mendi erronka

Kirola aire zabalean egiteko gogoz?
Hautsi sedentarismoa eta egin zaitez mendizale

Jardunbide egokiak

MENDI ERRONKA kanpaina maiatzaren 31era luzatuko da.

Gaur egungo egoera dela eta jarduera betetzeko arazorik izan ezkero, jarri kontaktuan zure campuseko Kirol Zerbitzuarekin.

#MENDI ERRONKAren 5 gailurrak egiten dituzunean, gogoratu eskaria egin behar duzula honako formulario hau betez. E-mail bat bidaliko dizuegu izena eman duzuen guztioi oparien bila noiz pasa behar zareten esateko.

MENDI ERRONKA UPV/EHUk antolatutako proposamena da zure lagunekin bizipenak konpartitzeko eta Euskal Herriko mendi guztien berri emateko.

Aire zabalean egin ahal izango duzu kirola, kiroldegietara, gimnasioetara eta sarrera mugatudun lekuetara joan gabe.

Gure proposamenerako ez zara maila handiko kirolaria izan behar, eta ez duzu ekipamendu teknikorik izan behar.Gure proposamena da irteera bakoitzean gutxien dela 120 minutuko jarduera egitea, hori baita gure ustez osasuntsua.800 metrotik gorako tontorrak aukeratu behar dituzu eta gailurrean argazki bat egin (argazkian zein egun den ikusi behar da:kartel bat eguna idatzita duena edo egunkari bat erabil dezakezu).

Garrantzitsua da, era berean, naturarekin harremanean egotea, onuragarria baita, oso, gure gorputza eta burua sasoian izateko.Bestalde,  jarduera honek badu onurarik kulturaren ikuspegitik ere, gure lurraldeko lekuak ezagutzeko  aukera ematen baitigu, sasoian-sasoian beti aldakor.

  • Helburua: bost gailur egitea(ez ahaztu argazkia egitea eguna erakutsita)
  • Saria: toalla eta kamiseta opari, eta 0,5 kreditu.
  • Jarduera DOAN da.

Ibilbideak aukeratzeko, hona hemen web gune pare bat:

IZENA EMATEA ETA EPEAK

Noiz egin behar ditut gailurrak?

  • 1. lauhilekoan: 2020ko irailaren 14tik 2021eko urtarrilaren 24ra
                             Egindako igoeren bideoa. 1. lauhilekoa
  • 2. lauhilekoan: 2021eko urtarrilaren 25etik maiatzaren 31ra

(2021eko udarako epeak aurrerago emango ditugu)

Zenbat gailur egin ditzaket egunean?

Egunean gailur bakarra.

Zer egin behar dut 5 gailurrak egiten ditudanean?

Web orrian formularioa bete (ON-LINE). Formularioa bidaltzeko dauden epeak bete behar dira.

  • 1. lauhilekoan: 2020ko urriaren 12tik 2021eko urtarrilaren 24ra
                             Egindako igoeren bideoa. 1. lauhilekoa
  • 2. lauhilekoan: 2021eko otsailaren 8tik ekainaren 6ra

Formularioarekin batera gailurreko argazkiak bidali behar dituzu (eguna erakutsita).

Saria non jaso

  • Bizkaiko Campuseko Kiroldegia.Unibertsitateko Kiroldegia
    Unibertsitateko Kiroldegia
    48940 Leioa (Bizkaia)
    Telefonoak: 946 01 5894 / 3161 / 3162

Prest hasteko: jantzi oinetako erosoak, hartu ur nahikoa eta gutxieneko segurtasun neurriak bete istripurik eta ezustekorik ez izateko. Aurrera!

OINARRIZKO AHOLKUAK

Ibilaldia hasi aurretik

  • Eguraldiaren iragarpena ezagutu behar da. Ibilbideari buruzko aholkuak eta informazioa bilatu behar da. Ibilbidea baldintzetara eta epeetara egokitu behar da.
  • Ez ahaztu oinarrizko ekipamendua: jan-edan nahikoak, arropa egokia, larrialdietarako ekipamendu oinarrizkoa, lehen sorospeneko botikina, eguzkitako betaurrekoak eta txapela.
  • Gorde tokiko erreskate zerbitzuen telefono zenbakiak.

Ibilbidean zehar

  • Joan astiro lehen 30 minutuetan, gorputza pixkanaka egokitu dadin.
  • Hartu atsedena, eta jan eta edan bizpahiru orduan behin.
  • Zaindu ingurunea eta ez utzi hondakinik bidean.

​​​​​​Ezustekorik badago

  • Baldintza meteorologikoek okerrera eginez gero, itzuli abiapuntura.
  • Ez dira bakarrik utzi behar zaurituta edo ondoezik dauden pertsonak. Istripua izan duen pertsona hotzetik babestu behar da, eta, behar izanez gero, laguntza eskatu.
  • Beti jakin behar da mapan non gauden; bestela, erabili GPSa. Kokapena ezagutzea funtsezkoa da larrialdietan bizkor topa gaitzaten.

ARAUDIA (irakurtzea gomendatzen da)

  • Norbere osasun egoerara eta egungo sasoira egokitu behar dira jarduera eta jarduna. Norbere buruarekin kontsekuenteak eta zintzoak izan behar gara.
  • Gailurra iritsitako mendiak 800 metrokoak baino garaiagoak izan behar dira. Gaur egungo egoeran, mugikortasun-mugekin, bakoitzak bere udalerrian dituen mendiak onartuko dira.
  • Jarduerak 120 minutu iraun behar ditu, joatea eta itzultzea barne.
  • Eguneko eta txangoko gailur bat bakarrik hartuko da kontuan. Beraz, gutxienez bost irtenaldi egin beharko dira. Gailurrak ondoz ondoko egunetan egin daitezke.
  • Inskripzioak banaka egin behar dira, eta norbera ageri den argazkiak aurkeztu behar dira. (Argazkiak errepikatzea onartuko da, pertsona bat baino gehiago ageri badira).
  • UPV/EHUkoak ez direnak ezin dira programan inskribatu, baina unibertsitateko kideei lagun diezaiekete ibilaldietan.
  • Bi lauhilekoetako gailurrak batu daitezke.
  • Pertsona berak bi lauhilekoetan parte hartu dezake, baina ezin du sari bat baino gehiago eskuratu lauhilekoko. Beraz, pertsona batek 10 gailur edo gehiago iristen baditu lauhileko bakarrean, sari bakarra jasoko du.