Nazioarteko lehiaketak

2011/2012 ikasturteko jarduerak

ZABALKI Txapelketa

UPV/EHUk garaipen historikoa lortu du 'Zabalki' Pilotako Nazioarteko Txapelketan

'Zabalki' Pilotako Nazioarteko Unibertsitate Txapelketaren XVII. edizioa martxoaren 8an eta 9an ospatu zen Baionan eta Biarritzen, eta bertan Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea izan zen garaile; hortaz, parte hartu zuten hamabi unibertsitateen artean kategoria guztietan sailkapen global onena lortzea saritzen duen Zabalki Kopa eskuratu zuen taldeak.

Edizio honetan, UPV/EHU hamabi ordezkarirekin lehiatu zen, eta neurketa guztiak bukatu ondoren, guztira, 40 puntu lortu zituen; zortzi puntuko aldea atera zion aurreko bi edizioetan garaile izan den Université de Pau et des Pays de l'Adour (UPPA) unibertsitateari. Hirugarren postua Bordelek lortu zuen, 21 punturekin.

Euskal pilotako espezialitate hauetan jokatu zuten: TRINKETA: gomazko pala zabala (gizonezkoak eta emakumeak) FRONTOIA: Frontenisa (gizonezkoak eta emakumeak), larruzko pala zabala, eskuz binakakoa eta eskuz banakakoa lau t'erdian.

Nazioarteko txapelketan gure ordezkariek lortutako garaipena eskuz binakakoan (Pablo Urrestarazu, Xabier Santxo eta Ander Ugartetxearekin) eta gomazko pala zabaleko probetan irabazteari zor zaio, bai gizonezkoen modalitatean (Carlos Beunza eta Javier Otxandorenarekin), bai emakumezkoenean ere (Haizea Zamorak eta Nagore Arozenak osatutako bikotea). Horrez gain, Mikel Lanak, lau t'erdian, eta larruzko pala zabalean Miguel Fernándezek eta Daniel Ramosek osatutako bikoteak finalera iristea lortu zuten.

EUSA Unibertsitate Kirolaren Europako Elkarteko jarduerak

Bikain jardun zuen 7ko errugbiko UPV/EHUko mutilen taldeak Europako lehenengo Unibertsitate Jokoetan, Kordoban, eta zilarrezko domina irabaziz amaitu zuten txapelketa.

Gure ordezkariek, lehenengo fasean, beste sei talde parte-hartzailerekin neurtu zituzten indarrak: Pau eta Pays L'adour, Oporto, Berlin eta Rotterdamgo unibertsitateekin, Moskuko Abiazio Institutuarekin eta Kordobako unibertsitatearekin. Itzuli horren amaieran, UPV/EHUko taldea bigarren tokian zen, lau partida irabazita, partida bat berdinduta (portugaldarrekin) eta soilik partida bat galduta, Frantziako ordezkarien aurkakoan hain zuzen; beraz, domina bat irabazteko borrokan sartu ahal izan ziren.

Berlingo Unibertsitateari finalerdietan irabazi ostean (26-5), UPV/EHUk ostera ere galdu egin zuen Pau eta Pays L'adour Unibertsitatearen aurka final handian, eta, hala, jardunaldi bikain bat azkendu zuen.

Europako I. Unibertsitate Jokoetan, 10 kirol diziplina batu ziren, uztailaren 13tik 23ra bitartean, Kordoban: saskibaloia, eskubaloia, futbola, areto-futbola, 7ko errugbia, boleibola, badmintona, hondartzako boleibola, mahai-tenisa eta tenisa.

Andaluziako hirian, 2.583 kirolari elkartu ziren, 32 herrialdetako 151 unibertsitatetatik etorritako 253 talde ordezkatuz. Lehiaketan nabarmenki izan ziren nagusi errusiar ikasleak; hain zuzen ere, 25 domina metatu zituzten, horietatik zortzi urrezkoak.

UKNE Unibertsitate Kirolaren Nazioarteko Federazioko jarduerak

Iagoba Vizuete Karateko Munduko Unibertsitate Txapelketara itzuli zen, eta brontzezko domina lortu zuen, merezimendu osoz lortu ere.

UPV/EHUko karateka Iagoba Vizuetak (FCAFD) brontzezko domina lortu zuen joan den uztailaren 13tik 15era Bratislavan, Eslovakiako hiriburuan, jokatu zen Munduko Unibertsitate Txapelketan. Hirugarren aldia zuen Munduko Unibertsitate Txapelketan parte hartzen zuena, eta Gasteizko ikasle honek, azkenean, metal bat jantzi ahal izan zuen, 84 kilotik gorakoen kumite modalitatean.

Lehiaketaren barruan egindako bidaldian, Martin Nestorovski mazedoniarrari, Mohammed Alamri saudiarabiarrari eta Heinrich Leistenschneider alemaniarrari irabazi zien. Robb Calum britainiarraren aurka galdu egin zuen (2-2, arbitroaren erabakiz), eta Iagobak ez zuen final handian sartzerik izan. Beraz, brontzezko domina irabazteko borrokatu behar izan zuen, Almir Cecunjanin montenegroarraren aurka; hain zuzen, 1-0 irabazi zion, eta podiumera igo ahal izan zen.

Munduko unibertsitate lehiaketa Bratislavako Sport Hall Mladost-en jokatu zen. Zortzigarren edizio honetan, bost kontinentetako 43 herrialde egon dira ordezkaturik. Lehiatzaileen artetik 191 gizonezkoak izan dira eta 138 emakumezkoak, eta 102 arbitro-epaile aritu dira; guztira, beraz, 432 parte-hartzaile izan dira.