Nazioarteko lehiaketak

2013/2014 ikasturteko jarduerak

Europako Unibertsitateen Bela Kopa

2014ko martxoaren 13tik 18ra bitartean, L'Ile Pelee Txapelketa - Frantziako Unibertsitateen Bela Txapelketa eta Europako Unibertsitateen Bela Koparen aurtengo edizioa egin zuten Cherburgoko (Frantzia) portuan, hemeretzigarrena, hain zuzen ere. Erakundeak utzitako J80 itsasontziekin egin zen eta UPV/EHU ordezkatzen zuena ere bertan izan zen. 

Negu garaia zen, beti bezala, eta haizeak eta hotzak are gogorrago egiten zuten lehiaketa.

UPV/EHUko ontziko tripulazioa Miguel García, Jon Bilbao, Sergio Rodrigo eta Víctor Angoitiak osatu zuten, eta José Antonio Moreno Nautikako Goi Eskola Teknikoko itsas jardueren teknikaria izan zen arduraduna.

Irudia

Gure estropadalariak ondo prestatuta egon arren, UPV/EHUren itsasontziak oraingoan ere ezin izan zuen urrezko finalerako lehiatu ziren 16 itsasontzietako bat izan eta hogeita laugarren postuan geratu zen zilarrezko finalean, lehiaketa bizi eta zail hau osatu zuten hamar estropaden ostean. Zigorren batzuk izan zituzten arriskatzeagatik. 

Edizio honetan zazpi herrialde desberdinetako 32 tripulaziok parte hartu zuten. Britainia Handia, Espainia, Alemania, Suitza, Italia, Belgika eta Frantzia.

Irudia

FISU jarduerak – Neguko Unibertsiada 2013

Neguko Unibertsiadaren hogeita seigarren edizioa Trentino eskualdean egin zen, Italia iparraldean, abenduaren 10etik 21era.  Oraingo honetan ere, neguko diziplinei dagokienez mundu mailako unibertsitateko kirol lehiaketa gorenak Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen ordezkaritza bat izan zuen.

Hain zuzen ere, Leticia eta Vanesa Abrisqueta ahizpek ordezkatu gintuzten norgehiagokan; biak dira Gasteizko C.D. Sumendi taldeko jokalariak, eta Espainiako emakumeen izotz gaineko hockey selekzioko parte izan ziren.

Unibertsiada honetan 60 herrialdetako 2.500 parte hartzaile bildu ziren, nahitaezko programa osatzen duten 10 kirol modalitatetan .

Vanesa kapitainaren gidaritzapean, Espainiako selekzioak kirol honetan tradizio luzea duten zenbait talderi egin behar izan zien aurre, besteak beste, Kanada, Errusia, Estatu Batuak, Japonia eta Britainia Handiari. Hain justu ere, selekzioak lehiaketan irabazitako puntu bakarra britainiarren aurka eskuratu zuen; taldeak seigarren tokia lortu zuen.

Taldearen sentsazioa, oro har, oso ona da aurrera egiten jarraitzeko, jakin badakielako maila nabarmen altuagoa dela. Dagoeneko 2015eko hitzordura begira daude taldekideak, Granadak hurrengo Unibertsiada hartzen duenerako, alegia.

Irudia

"ZABALKI" unibertsitateen arteko nazioarteko pilota txapelketa, 2014

UPV/EHU Zabalki pilota txapelketako garaile izan da berriz ere.

2014ko otsailaren 13an, osteguna, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko hamalau ikaslek ondo finkatutako Zabalki txapelketa tradizionalean parte hartu zuten, Pauen (Frantzia).

Txapelketan guztira 78 kirolarik parte hartu zuten, hainbat modalitatetan: trinketa (gomazko paleta argentinarra, gizonezkoena eta emakumezkoena), larruzko paleta, frontenisa (gizonezkoena eta emakumezkoena) eta eskuzkoa, bai binaka bai lau t'erdian.

Daniel Ramos eta Rubén Ayarra (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatea) larruzko paletan izan ziren garaile, eta Haizea Zamora eta Miren Goikoetxea (JFKZF), berriz, gomazko paleta argentinarrean.

Bestalde, Ibai Barón eta Miguel Fernández (JFKZF) finalista izan ziren gomazko paleta argentinarrean, Bordeleko Unibertsitateko bikoteak finalean garaitu ondoren.

Esku pilotan, Aitor Alduncin (JFKZF) txapeldunordea izan zen lau t'erdian, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkariak finalean garaitu ondoren, eta Egoitz Carriónek eta Oier Mateok (biak JFKZF) laugarren postua lortu zuten binakakoan, Iñigo Labakak bezala (Letren Fakultatea).

Amaitzeko, Leire Domínguezek eta Ainhoa Albizurik (Donostiako Irakasleen Eskola) emakumezkoen binakako frontenisean parte hartu zuten eta Jorge Saenzek (Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskola) eta Hugo Salazarrek (JFKZF), berriz, gizonezkoen modalitatean.

Gure ordezkariek lortutako emaitzei esker, UPV/EHU Zabalki txapelketan garaile izan da berriz ere, orain bi urte bezala, diziplina guztien artean 30 puntu lortu baititu. UPV/EHUren atzetik Paueko Unibertsitatea (28 puntu) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (25 puntu) geratu ziren. Guztira, 12 taldek parte hartu zuten.